Erabat arduragabea eta sumingarria adjektiboak erabili dituzte Abantoko (Bizkaia) Stop Variante plataformakoek Eusko Jaurlaritzako agintariek Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean eman zuten mezua deskribatzeko. Izan ere, astelehenean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari Guillermo Herrerok adierazi zuen ez dagoela «inolako ebidentziarik» esateko Petronorren Muskizko findegiaren jarduerak eragin negatiboa duela inguruko herritarren osasunean.
Findegiaren ondoan dago Abanto, eta bertako herri plataformak ohar baten bidez salatu du baieztapen hori arduragabekeria dela, bereziki Jaurlaritzan agintean dauden EAJk eta PSE-EEk uko egin diotelako azterketa epidemiologiko zehatz bat egiteari. Azterketa horrek argituko luke Petronorren jarduerak zer-nolako eragina duen inguruan bizi diren herritarren osasunean. «Azterketa egin ez badute eta egin nahi ez badute, nola esan dezakete erlaziorik ez dagoela?», salatu dute plataformako kideek. Bizilagun horien ustez, Muskizko eta Abantoko biztanleek duten osasunerako eskubidea urratzen ari dira agintari politikoak.
Herrerok agerraldian eman zituen argudioak kritikatu dituzte: «Hitzez hitz esan zuen ezin dutela ondoriorik atera, eta horixe da, hain zuzen ere, aspaldi esan genuena: azterlan epidemiologiko espezifikorik eta independenterik egin ezean ezin dela atera ondorio erabakigarririk, ez baten ez bestearen alde».
Dena dela, gogorarazi dutenez, agerraldian Jaurlaritzako agintariek onartu zuten eremu horretan hipertentsio tasa altuagoak daudela, eta arnasketako eta zirkulazioko gaixotasunen ondoriozko hilkortasun tasa EAEko batezbestekoa baino handiagoa dela.
«Azterlan epidemiologiko espezifikorik eta independenterik egin ezean ezin da atera ondorio erabakigarririk, ez baten ez bestearen alde»
STOP VARIANTE Plataforma
Horrez gain, nabarmendu dute ezen, Petronor izanik inguruko azpiegitura petrokimiko handienetakoa, prebentzioaren printzipioak lehentasunezkoa izan beharko lukeela. Bereziki, kontuan hartuta duela gutxi bentzeno isuriak izan direla eta, gainera, findegiak ingurumenerako eta osasunerako kaltegarriak izan daitezkeen intzidentziak izaten dituela maiz. Osasun Publikoaren zuzendariak berak aitortu zuen jarduerak «kezka» eragiten diela, eta segurtasunean oraindik ere «hobetzeko tarte handia» dagoela. Plataformaren iritziz, bentzeno isuriez edo airearen kalitate txarraz aritzean, ez luke egon behar hobetzeko tarterik, eta berme guztiekin funtzionatu beharko luke aspalditik.
Berme horiek ez dituztenez, epaitegietan salaketa jarri zuten, eta, azaldu dutenez, fiskaltzak eginbideak hasi ditu, eta ingurumen eta osasun arloetako dokumentazioa eskatu du. «Horrek erakusten du nahikoa elementu daudela egoera sakon ikertzeko».
Elektrolizagailuaren baimena, auzibidean
Bestalde, Stop Variante plataformak jakinarazi du eskaera egin diola Eusko Jaurlaritzari, Petronorreko elektrolizagailua egiteko baimena berrikus dezan. Oraingoz, bide administratiboa baliatu du. Salatu dutenez, Petronorreko findegiaren barruan eraikitzen ari diren instalazio horrek ez du mota horretako azpiegiturek behar duten ingurumen baimen bateratua, eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Sailari hura egiteko baimena bertan behera utz dezala eskatuko diote.
Azaldu dutenez, 2025ean eman zioten Petronorri elektrolizagailu hori eraikitzeko baimena, eta horretarako prozedura administratibo laburra erabili zuten, hau da, Jaurlaritzak ez zion iritzi planta horrek findegiaren jardueran funtsezko aldaketarik eragingo duenik, eta, hortaz, ez zuen ingurumen baimen bateratu berria emateko prozedura hasi. Plataformaren ustez, aldiz, proiektu berri hori gaitasun handiko elektrolizagailua izango da, 100 megawatteko potentziakoa, eta findegiaren kontsumo elektrikoa, ur kontsumoa eta hondakin arriskutsuen kopurua asko handituko du. Hori ez ezik, ingurumen txostenak onartzen duenez, zarata mugak gaindituko ditu, 8.000 kilogramo hidrogeno sukoi bilduko du, eta goi tentsioko beste linea bat beharko du. Gogorarazi dutenez, Abantoko Las Carreras auzotik 200 metrora eraikitzen ari dira planta hori.
Plataformako kideen aburuz, eskala handiko proiektua da, eta, beraz, legeak ezartzen duen ingurumen baimen bateratua lortzeko prozedura bete beharko luke. Horren ordez, administrazioak «isil-gordeka eta legeak eskatzen duen ingurumen ebaluaziorik egin gabe» eman dio baimena «Bizkaiko hidrogeno instalaziorik handienari», salatu du Itxaso Etxegarai plataformako idazkariak.