TCC Moventis-eko langile batzordeak lanuzteetara deitu ditu billabesetako beharginak

Batzordeak ez du onartu enpresak egindako azken proposamena, eta lanuzteak antolatu ditu astearterako eta ostegunerako. Enpresak batzordeari egotzi dio langile taldea «isilaraztea».

Billabesak, artxiboko irudi batean. JAGOBA MATEROLA / FOKU
Billabesak, artxiboko irudi batean. JAGOBA MATEROLA / FOKU
2025eko irailaren 6a
12:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iruñerriko billabesa autobusen zerbitzuko langileak asteartean eta ostegunean lanuzte partzialak egitera deitu ditu TCC Moventis enpresako langile batzordeak; 06:00etatik 08:30era bitarte egingo dituzte. Enpresa horrek du garraio publikoko zerbitzu hori emateko adjudikazioa, baina zuzendaritza eta beharginak lan gatazka betean dira, hitzarmena negoziatzen.

Irailaren hasieran, TCC Moventis enpresak proposamen bat bidali zion langile batzordeari, Nafarroako Lan Arloko Auzitegiaren bitartez. Batzordearen esanetan, baina, proposamenak ez ditu asetzen langileen beharrak. Beraz, ez dute onartu, eta lanuzteei berrekitearen alde egin dute: «Zortzi hilabetetako mobilizazio, lanuzte eta greben ostean, ez dugu onartuko gure lan baldintzak apenas hobetzen dituen eskaintzarik». Horrekin batera, batzordeak dei egin die enpresari, Iruñerriko Mankomunitateari eta Nafarroako Gobernuari, konponbide bat topatzeko «ardura» euren gain har dezaten, egoerak herritarrei ere eragiten dienez gero.

Negoziazioetan aurrerapenik ez badago, berriz, «lanuzteak eta greba formatua irmoago» bilakatuko dira, batzordeak azaldu duenez: «Espero dugu elkarrizketarako esparru erreal bat ezartzea, konponbide bat topatu eta gatazka hau lehenbailehen amaitzeko».

Moventis TCC enpresak, berriz, batzordeari egotzi dio langile taldea «isilaraztea», eta modurik eman ez izana proposamenaren inguruko bozketa bat egiteko. Are gehiago, uste du «lan erreibindikazio» gisa hasi zena «presio sindikal neurrigabe» bihurtu dela. Ohar bidez azaldu duenez, enpresak langileei eskaini die gauez lan egiteagatik dituzten gehigarriak hobetzea eta norbere eginbeharretarako egun bat gehiago ezartzea, besteak beste.

Lan gatazka duela zenbait hilabete piztu zen, eta ez da langile batzordeak jarduna geldiarazteko egiten duen lehen deia. Uztailean bi astez egon ziren greban; sanferminek iraun bitartean, %70eko gutxieneko zerbitzuekin. Orduan, batzordeak salatu zuen azken bi adjudikazioetan enpresak nabarmen apaldu zuela prezioa; %12 lehenengoan, eta %15 azkenengoan, eta horrek eragin zuzena izan duela, besteak beste, langileen soldatetan. Batzordearen arabera, azken adjudikazioaren ostean %5,4 jaitsi zituzten. Halere, Alberto Longas batzordeko buruak (UGT) azaldu zuenez, beste esparru batzuetan ari dira indar egiten: egutegian eta lan baldintzetan.

Langileek uztailaren 14an erabaki zuten greba hura etetea, baina iragarri zuten irailean lanuzteei berrekingo zietela konponbide bat topatu ezean. Tarte horretan, Iruñerriko Mankomunitatea ere bitartekari aritu da bi aldeen arteko negoziazioetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.