Titulu on bat bilatzea bezain zaila

Alderdi bakoitzak lelo bat proposatu du, ohi bezala, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako. Besteak beste, «ilusionagarriak, belizistak, jostagarriak eta identitarioak» direla iritzi dio Julen Orbegozo EHUko irakasleak.

Alderdiek Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako proposatutako leloak. BERRIA
Alderdiek Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako proposatutako leloak. BERRIA
nerea intxausti
2026ko azaroaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpaina bete-betean dira alderdiak. Politikariek hamaika kontu dituzte esateko, eta txostenak eta hauteskunde egitarau luzeak plazaratzen dituzte horiek guztiak azaltzen ahalegintzeko. Baina gizakia nagia da, eta labur eta argi irakurritakoa barneratzen du ondoen. Hortaz, nola laburbildu gai horiek guztiak hitz gutxitan? Nola ulertarazi hautesleei babestuko duten hori lelo motz baten bidez? Alderdi bakoitzak erabaki du berea jada, eta ahalik eta kartel, pegatina eta sare sozial gehienetan erabili dituzte. Baina, erabilgarriak al dira? Onak al dira kanpaina honetarako erabakitako leloak? Julen Orbegozo EHUko irakaslea eta Gureiker taldeko kideak bere iritzia eman du.

PSE-EE / PSN: Jendearen indarra

PSE-EEk eta PSNk Espainiako PSOEren lelo beretik —La fuerza de la gente— tira egitea erabaki dute, haren aldeko botoa eskatzen baitute. Militantziari dei egiten diola esan du Orbegozok: «Inoiz sozialisten alde bozkatu duten guztiei deia». PSE-EEk leloa euskaratu du; PSNk, aldiz, ez. Kontu komunikatiboei erreparatuta, EH Bilduk erabiliko lituzkeen hitzak erabiltzen dituela iruditzen zaio irakasleari.

EAJ: Euskadi zaindu

Jeltzaleek «Euskadi» defendatu nahi dute Madrilen, eta esana dute Espainian ezarri diren bi blokeetatik at arituko direla. Esan eta esan dabiltza «euskal etxea zaintzen eta defendatzen» duen indar bakarra EAJ dela, Madrilen bada ere, eta horri lotutakoa da leloa bera ere. Koalizio Kanariarra alderdiak lelo ia berdina aukeratu du: Defiende Canarias (Kanariak defendatu). 

EHUko irakaslearen esanetan, EAJk hizkuntza «belizista» darabil, eta gatazka egoera bati egiten dio erreferentzia, non zenbait bando dauden eta beren burua jotzen duten zaintzailetzat: «Nahiko apelazio paternalista da, eta euren arima kontserbadoreari dei egiten dio».

Jeltzaleen kartelean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburuak azaltzen dira, baita Aitor Esteban EBBko presidentea eta Imanol Pradales lehendakaria ere. Bilboko egoitza nagusian olana erraldoi bat jarri dute, irudi berarekin. «Tradizioz nahiko indibidualistak izan dira, eta orain kolektiboa babesten ari dira. EH Bilduk aske utzi nahi duen talde ikuspegi hori bete nahi izan dute».

EH Bildu: Posible Egin. Garantía y derechos (Bermeak eta eskubideak)

Idurre Bideguren Senaturako zerrendaburuak aurkeztu zuen leloaren zergatia azaroaren 8an, Bilbon. Konbentzituta daude «posible dela» autoritarioei, erreakzionarioei eta algoritmoen jabeei «irabaztea», eta hortik jo dute leloa erabakitzeko garaian. Orbegozoren esanetan, «ilusioari apelazioa» egiten dio leloak: «Utopia bat du jomuga, eta etorkizunera begira jartzen da». Deigarria egin zaio pertsonei banaka dei egitea. Horretan garapen bat egon dela iruditzen zaio: «Lehen EH Bildu oso kolektiboa zen, komunitarioa, eta herria, kalea, gara eta halako hitzak erabiltzen zituen. Orain, pertsonei mintzatzen zaie».

Lehen bi hitzak gaztelaniaz dakitenek ere ulertzeko modukoak dira, baina «garantía y derechos» (bermeak eta eskubideak) gehitu dizkiote atzetik, gaztelaniaz. Jokaldi «nahiko argia» iruditzen zaio hizkuntzari dagokionez. Irakaslearen hitzetan, hitzok men egiten diote EH Bilduk tradizioz erabili dituen mezu arrazional eta politizatuei. Hori bai, «lar polisemikoak» iruditzen zaizkio, eta adierazle hutsak izateko arriskua dutela.

Orbegozori kartelen bereizmen handi-handiak eman dio arreta: «Azaleko poroak ere ikusten zaizkio Etxebarrietari, eta hori errealitatea eta egia helarazteko modu bat da, artifizialtasunaren eta adimen artifizial sortzailearen aroan». 

PP: Beharrezko aldaketa

PPk Espainiako kanpainarako erabiliko duen lelo bera erabili du, zenbait euskarritarako euskaratuta. «Itzulpenek beti funtzionatzen ez duten adibide bat da hau; beste formula jatorrago eta egokiago bat topatuko nuke», iritzi dio irakasleak. Aipatzen duten «aldaketa» Espainiara begirakoa da: Pedro Sanchez gobernuko presidentea aldatzeko asmoz arituko dira. «Abenturarik gabeko» lelo bat darabilela uste du Orbegozok, eta «kontinuista» dela: «PPk hainbat urtetan elikatu duen kontakizunari eutsi nahi dio». 

UPN-PP: Por España, por Navarra, por fin (Espainiaren eta Nafarroaren alde, behingoz)

UPN PPrekin batera aurkeztu da Nafarroan, eta hiru ideia argi dituen lelo propioa proposatu dute. Orbegozok esango luke lelo guztien artean «identitarioena» dela, baina baita «arriskatuena» eta jendea gehien «polarizatu» nahi duena ere: «Haiek gure kontra».

PPk Espainian duen kanpainari jarraiki, beste modu batera gobernatzeko aukera dagoela adierazi nahi dute, «Espainiaren eta Nafarroaren alde, behingoz». Amaierako «por fin» hori PPk Espainian erabili duen «azpilelo» bat da. «Ondo iruditzen zait, esaldi oso polemikoa eta popularra delako. Oso irekia da, eta ondo funtzionatzen du bakoitzak bere nahiekin bete dezakeelako», adierazi du Orbegozok.

Fronte Zabala: Un voto como una casa (Etxe baten neurriko botoa) eta Podemos: Bakea, etxea eta lana

Fronte Zabala eta Podemos bereizita aurkeztuko dira hauteskundeetara, baina leloan adierazi duten mezua oso antzekoa da: bi taldeek izan dute etxebizitzaren auzia hizketagai. Espainian erabiltzen ari diren lelo berdinak ari dira erabiltzen Hego Euskal Herrian; Fronte Zabalak ez du mezua euskaratu; Podemosek, aldiz, bai. 

Fronte Zabalak Ada Colau Espainiako zerrendaburuari protagonismo handia eman dio, baita zabal, boto eta etxe hitzei ere. Orbegozori lelo «jostagarriena» iruditu zaio: «Erretorika, konparazio bat eta hiperbole bat erabiltzen ditu, eta oso esaldi popularra da; asmatzen du, jendearen hizkuntzarekin erraz konektatzen duelako». Baina etxebizitzaren gaia erabiltzea arriskutsua iruditzen zaio, egun agendako gaiak azkar alda daitezkeelakoan.

Podemosek Irene Montero Espainiako hautagaiaren irudia darabil Euskal Herrian ere. EHUko irakaslearen iritziz, leloak erritmoa dauka, eta erraza da gogoratzeko. Bakea, ogia eta lana Argentinako diktadura militarraren garaian erabilitako lelotik edaten duen hitz jokoa da. Baina iruditzen zaio hiru terminoak oso deskonektatuta daudela haien artean.

Geroa Bai: Defíendete. Guk, Nafarroa (Defendatu. Guk, Nafarroa)

Defentsarako aldarriak EAJrekin konektatzen du Geroa Bai Nafarroan. Orbegozoren arabera, osagai identitarioa eta kolektiboa bermatu dute, baina ez zaio iruditzen «gauza handirik» esaten duenik. Polisemikoegia iruditzen zaio: «'Guk, Nafarroa' zatiak esaten duena esateko, hobea iruditzen zait PPren 'behingoz'».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA