Torresek erabakitzeko eskubidearen aurkako betoa berretsi du

Estatus politiko berriaren inguruko negoziazioetan adostasuna «%95ekoa» dela dio lehendakariordeak, eta erabakitzeko eskubidea «oztopo bat» dela akordioa egiteko.

Mikel Torres Eneko Anduezarekin hizketan, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Mikel Torres Eneko Anduezarekin hizketan, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko urtarrilaren 22a
14:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJren EBBko presidente Aitor Estebanek joan den astean adierazi zuen EAErako estatus politiko berriaren inguruko negoziazioetan «eztabaidagai nagusietako bat» jorratzen ari direla egunotan, eta litekeena dela hura bideratuz gero modua izatea hiru aldeko —EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren arteko— akordio bat lortzeko. Bada, Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Bizkaiko PSE-EEko buruak iradoki du zein izan daitekeen auzi hori, edo horietako bat behintzat: erabakitzeko eskubidea. Torresen esanetan, hura da akordiorako «oztopo nagusia».

Negoziazio mahaian eserita dauden hiru indar politikoetako ordezkariek adierazi izan dute itunak denen babesa behar duela aurrera egiteko, eta, beraz, korapilo asko askatu behar tartean. Bada, orain arteko adierazpenak ikusita, badirudi euskal erakundeen eta Espainiako estatuaren arteko harremanari eta euskal herritarren erabakitzeko eskubideari lotutakoak direla ados jartzeko zailtasun gehien sortzen dutenak.

Hala berretsi du gaur Torresek, esanez erabakitzeko eskubidea «marra gorri bat» dela sozialistentzat. Ondorioz, hiru alderdien arteko negoziazioak «geldiarazi» ditzakeen elementu bat ere bada. Hala adierazi du Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean: «Arazoa ez da Alderdi Sozialista, baizik eta estatus berri horretan guk marra gorritzat daukagun zerbait sartzeko saiakera».

Torresek ez du azaldu zehazki zer proposamen dauden mahai gainean, negoziazioak diskrezioz egiten ari direla argudiatuta, baina esan du autodeterminazio eskubidea «gurutzatzeko prest ez dauden marra gorri bat» dela. Are gehiago, nabarmendu nahi izan du auzia «oztopo» izan daitekeela EAJ eta EH Bildu ados jartzeko ere, «posible baita interpretazioetan bat ez etortzea».

Horiek horrela, elkarrizketen barruan, Torresek beste gai batzuetan jarri nahi du arreta. Esan du hiru alderdiak ados daudela estatus berriak jaso beharko lituzkeen elementuen «%95en» inguruan, eta desadostasunek ez luketela galarazi beharko akordio bat lortzea, herritarrak «zain» baitaude. «Ikuspegi zabala izan behar dugu, eta garrantzitsua den horretara jo, ez banatzen gaituzten gauzetara», argudiatu du.

EAJko eta EH Bilduko ordezkariek, berriz, beste esparru batzuetan egin dute indar azken egunetan, haiek ere zehaztasun handirik eman gabe. Estebanek nabarmendu zuen «estatutu formulazio guztiz berritu bat» behar dela, eta horren inguruan ari direla hizketan. EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko eledun Pello Otxandianok, berriz, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak aurreko astean adostutako transferentziez ari zela, beharrezkotzat jo zuen harreman eredu berri bat ezartzea: «Berdinen artekoa eta bermeak izango dituena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.