Bide gorabeheratsu baten ostean, Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazi du, azkenean bai, akordioa egin dutela Espainiako Gobernuarekin, iaztik bideratuta ziruditen bost transferentziak Jaurlaritzaren esku uzteko. Hori, baina, ez da inondik inora bidearen amaiera, eta, EAJren EBBko presidente Aitor Estebanek adierazi duenez, irudipena dute aurreratzean ere «zailtasunak» izango dituztela negoziazioetan. Izan ere, oraindik ere Gernikako Estatutuan jasotako hamasei eskumen geratzen dira eskualdatzeko. Eta, bien bitartean, EAJ eta EH Bildu estatus politiko berriaren inguruko eztabaidari begira ere badaude.
Jaurlaritzako eledun Maria Ubarretxenak itunaren berri eman aurretik egin ditu adierazpenak Estebanek, baina aurrera begira jarrita hitz egin du. Azaldu duenez, Espainiako Gobernuarekin egindako akordioak «azken minutuko azken segundoan» itxi ohi dira. Beraz, uste du estatutuan jaso baina oraindik eskualdatu ez diren gainerako eskumenen inguruko negoziazioetan ere zailtasunak izango dituela Gasteizek. «Nik ez dut ezer errazik ikusi Madrilen, eta pentsa, urteak egin ditut han», esan du, Espainiako Kongresuan egindako ibilbidea gogoan.
Transferentzia horiek, baina, akordio batean jasoak dituzte bi aldeek, eta sinatutakoa betetzeko eskatu dio Estebanek Madrili: «Konpromiso batzuk daude sinatuta, gainera, Espainiako Gobernuak zehaztutako epe batzuetan, eta logikoa eta normala iruditzen zaigu horiek betetzea».
EAJk eta PSOEk Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetzeko akordioan adostu zuten 1979ko estatutuan ageri diren eskumenak «bi urteko epe luzaezin batean» transferitu behar zirela Madrildik Gasteizera. Itun hura 2023ko azaroaren 10ean sinatu zuten bi aldeek, eta Sanchez hilaren 16an izendatu zuen presidente Espainiako Kongresuak. Bidean, negoziaziorako egutegi bat ere adostu zuten, baina ez dira ari hura behar bezala betetzen.
Egoera ikusita, Estebanek adierazi du EAJk ez duela etsiko Gernikako Estatutua betetzeko asmoan, ezta hark duen «potentzialtasuna» garatzeko nahian ere: «Eskumenetatik harago ere badoa». Horri lotuta, lege organiko horrek ematen dituen aukerei erreparatzeko asmoa azaldu du, «politikak eta gobernuaren beharrek eskatzen duten neurrian». Izan ere, adierazi du mundua aldatzen ari dela, eta aldaketa horietara egokitu beharra dagoela.
«Positiboa da»
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak azken egunetan behin eta berriz adierazi du ez zegoela kezkarako arrazoirik, EAJk kontrakoa adierazi arren, eta behin akordioaren berri izanda, pozik azaldu da negoziazioek fruitua eman dutelako. «Pozten nau azken asteetako lana biharko Transferentzien Batzorde Mistoan zehazteak», adierazi du sare sozialetan. Jeltzaleek Espainiako Gobernuarekiko harremanari buruz esandakoak ere salatu ditu Anduezak, eta «mehatxutzat» jo ditu Estebanek berak astelehenean esanak. Izan ere, defendatu du estatutua osorik betetzeko lanean ari direla PSE eta PSOE, «presarik gabe, berme juridiko eta ekonomikoekin».
EH Bilduk ontzat jo du Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko akordioa, herritarrentzat ona delakoan. «Positiboa da euskal herritarrok gure egunerokoan eta herritarren ongizatean eragina duten gaiei buruz erabakitzeko dugun gaitasuna handitzen duen guztia», adierazi du koalizioko Eusko Legebiltzarreko eledun Pello Otxandianok, X sare sozialean.
Halere, eledun bilkidea kritiko azaldu da egoera ikusita. Gogoratu du «46 urteko etengabeko atzerapenen eta urraketen» ondorio dela Gernikako Estatutua oraindik ere osatu gabe egotea. Gehitu du auzi horrek eta «autogobernuaren higadura isilak» bestelako harreman eredu baten beharra adierazten dutela: «berdinen artekoa eta bermeekin», adierazi du, eta horretarako lanean ari direla esan.
Bestelako harreman eredu hori da, hain zuzen, estatus politiko berriaren inguruko eztabaidaren gakoetako bat. EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk martxan dituzte aspaldian haren inguruko negoziazio «diskretuak», eta elkarrizketa horien norabidea argitzeko funtsezkoa izan daiteke urtarril honetan gertatzen dena. Hala azaldu du Estebanek. Zehazki esku artean zer duten adierazi ez duen arren, «eztabaidagai nagusietako bat» jorratzen ari direla esan du. Hau da, hiru alderdien arteko akordioa zailtzen duen gaietako bat. «Pauso hau gainditzen badugu, litekeena da kontua bideratzea, baina ikusi beharko da hala gertatzen ote den». Baliteke eztabaidagai nagusi hori abertzaleek behin baino gehiagotan aipatu duten «benetako aldebikotasunarekin» lotua egotea.
Jeltzaleen presidentearen esanetan, eztabaidarako markoa «estatus berri» baten ingurukoa da; hau da, «estatutu formulazio guztiz berritu baten» gainekoa. Eta hori eskuratzeko, hiru alderdietako ordezkariek azaldu dute beharrezko jotzen dutela euren arteko akordioa.