Tantaka bada ere, aitortzaren bidea urratzen ari da Nafarroako Gobernua. Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak aitortza eman die Espainiako segurtasun indarrek torturatutako zazpi pertsonari, Egiari Zor fundazioak eta Nafarroako Torturatuen Sareak jakinarazi dutenez. Talde horien datuen arabera, osotara 144 biktima aitortu dituzte 16/2019 Foru Legea martxan jarri zenetik, eta horietatik 105 torturatu egin zituzten. «Ebazpen hauek urrats garrantzitsua dira estatu indarkeriak gure lurraldean izan duen eragina agerian jartzeko, eta urte luzez ukatu edo isilarazi diren errealitateak aitortzeko», adierazi dute ohar batean.
Gaur jakinarazitako tortura kasuak 1973tik 2003ra artekoak dira. Horietako hiru frankismoaren hondar urtekoak eta trantsizio garaikoak dira: Gerardo Mungia Gomez Espainiako Polizia Armatuak atxilotu eta torturatu zuen 1973an; Simeon Peralta Arrondo Brigada Politiko Sozial frankistak torturatu zuen 1975ean; eta Xabier Sarda Saldias birritan torturatu zuen Espainiako Poliziak, 1979an eta 1981ean. Gainerako biktimak, berriz, 1990eko eta 2000ko hamarkadetan torturatu zituen Espainiako Poliziak: Vicente Gil Gumbao, 1990. urtean; Iñigo Jurado Torvisco eta Aitor Gartzaron Gil, 1996an; eta Iñaki Z., azkenik, hirutan: 1998an, 2002an eta 2003an. Guztiak «giza eskubideen biktima» direla ebatzi du Nafarroako Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak.
Egiari Zor fundazioak eta Nafarroako Torturatuen Sareak begi onez hartu dituzte Nafarroako Gobernuaren aitortzak, eta behar-beharrezkotzat jo dute norabide horretan lanean segitzea: «Ezinbestekoa da Nafarroan eta Euskal Herri osoan estatuak eragindako giza eskubideen urraketa larriak argitzen jarraitzea, egia, justizia, erreparazioa, ez errepikatzeko bermeak eta memoria osoa oinarri izango dituen etorkizuna eraiki nahi badugu».
Bide horretan aurrera egin ahal izateko, Egiari Zor-ek eta Nafarroako Torturatuen Sareak dei egin diete estatuaren indarkeria politikoa pairatu duten guztiei, erreparazio batzordean aitortza eskaerak aurkeztu ditzaten. Horretarako, prest azaldu dira behar duten laguntza emateko.