«Pertsona transok arreta duina merezi dugu». Duina, hori da aldarrikapenaren gakoa. Euskal Herriko trans mugimenduak bi urte daramatza Gurutzetako ospitaleko GIU Genero Identitatearen Unitatean (Barakaldo, Bizkaia) transek pairatzen duten patologizazioa salatzen. Erietxearen atearen aurrean protesta egin dute gaur ere, Transen Ikusgaitasunaren Egunean. Aditzera eman dute trans batzuk psikiatraren bulegotik pasatzera behartzen dituztela oraindik.
Eusko Jaurlaritzak duela bi urte onartu zuen patologizazioa amaitzea, arreta deszentralizatzea eta osasun gida berritzea helburu zituen legea. Bide horretan, Osakidetzak berriki eman du lehen pausoa. Joan den ostegunean argitaratu zuen transentzako osasun arretarako gida berria. Iaz eman zuten dokumentua egiteko asmoaren berri, eta, hasieran, Loratuz Lotu, Anitzak eta Lumagorri HAT elkarteek salatu zuten Osakidetza ez zela trans kolektiboekin bildu gida osatzeko. Azkenean, ordea, Loratuz Lotu, Naizen, Errespetuz eta Lumagorri kolektiboek eskuliburua sortzeko lantaldean parte hartu dute.
Brayan Altimasberes da kolektibo horietako baten bozeramailea, Loratuz Lotu elkartearena, hain zuzen ere. Argi du gida «aurrerapauso oso handia» dela; hala ere, neurriak martxan jarri arte «zalantzati» egongo dela adierazi du. Izan ere, GIUak ez du «arreta duina» bermatzen, haren arabera: «Gurutzetan psikiatraren kontsultatik pasatu behar izan ez duen pertsonarik badago, baina oraindik ere psikiatrarengana bidaltzen dituzte asko». Gida argitaratzeaz gain «ezarri eta indartu» egin behar dela nabarmendu du.
«Zeinek bermatuko digu patologizazioak ez duela aurrera jarraituko? Gidaren ezarpenaren jarraipena ere egin behar da, eta, betetzen ez denean, ondorioak egon behar dira. Bestela, ez du ezertarako balio»
BRAYAN ALTIMASBERESLoratuz Lotu elkarteko bozeramailea
Medikuek transak tratatzeko duten modua ere gaitzetsi dute elkarretaratzean. «Genero Unitate honetan, umiliatuak, epaituak eta erasotuak sentitu gara», salatu du Altimasberesek Euskal Herriko trans mugimenduaren izenean. Profesionalen jarrera «guztiz salagarria» eta «transfoboa» dela azpimarratu du. Salaketa masiboak jarri dituzte gaur Gurutzetako GIUan «urtetan jasotako indarkeria» agerian uzteko.
Gida berriaren helburu nagusia transen arreta deszentralizatzea da. Horretarako, Osakidetzako lehen mailako arretan transentzako berariazko TLMAZ zerbitzuak sortuko dituzte Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan. Altimasberesek azaldu duenaren arabera, ordea, tokian tokiko zerbitzu horiek ez dira maiatzera arte martxan jarriko.
«Amaiezinak»
Eusko Jaurlaritzari ere mintzatu zaio: «Ordura arte zeinek bermatuko digu patologizazioak ez duela aurrera jarraituko? Gidaren ezarpenaren jarraipena ere egin behar da, eta, betetzen ez denean, ondorioak egon behar dira. Bestela, ez du ezertarako balio». TLMAZ berrietan egongo diren profesionalak trebatzearen garrantzia ere nabarmendu du.
Deszentralizazioa gauzatu ahala Gurutzetako GIUa «indarra galtzen» joango dela uste du Altimasberesek. «Ulertzen dugu gaur egun hori dela ebakuntza konplexuak egiteko lekua, baina aurrerago ikerketara bideratutako zentro bat izan liteke, tratamendu, ebakuntza eta teknologia berriak ikertzen dituena».
Ebakuntzen itxaron-zerrenda «amaiezinak» ere izan dituzte hizpide kontzentrazioan. Bost urtetik gorako itxaronaldiak daudela salatu du Altimasberesek, eta «onartezintzat» jo du hori.