Elkar ezagutu zuten leku berean bildu dira Iñaki Alkiza eta Oraitz eta Peio Garcia, Donostiako Intxaurrondo auzoan. Irri eta broma artean kontatu du Garciak 2015eko San Tomas egunean piztu zela txinparta. Postu bat jarri zuten, eta bertan saldutako taloei esker lortutako diruarekin zer edo zer egin nahi zuten. Etiopiako Wukro herrian sukalde bat muntatzea zen asmoa, Angel Olaran hernaniarraren egitasmoarekin bat eginez, baina Mediterraneoko itsasertz batean agertu zen haur kurduaren argazkia ikusi ondoren, Siriako gerratik ihesi migratutakoei laguntzea erabaki zuten. Hala abiatu ziren auzoko zazpi lagun, furgonetan, Greziako Khios uhartera. Orduan sortu zen Zaporeak proiektua.
«Kozinatzen besterik ez dakigu; jende arrunta gara, ez gara abokatuak, ezta adituak ere», esan du Garciak; haiek «saltseroak» dira, geldi egoten ez dakien jendea. Sei hilabeterako joan ziren, baina 11 urte eman dituzte inurri lanean. Asteazken buruzuri batez, duela bi aste, sua itzaliko zutela iragarri zuten, eta joan den asteburuan kozinatu eta banatu zituzten azken otorduak, Lesbosen. Maitasun mezu eta esker hitz mordo bat jaso dituzte ordutik, boluntario izandakoen, auzokideen eta ezezagunen ahotik. Proiektuaren arrakastaz galdetuta, umil erantzun du Alkizak: «Ez geneukan esperientziarik, eta inprobisatu egin dugu. Pixkanaka-pixkanaka egin dugu aurrera, asmo onarekin beti, eta albokoa zainduz».

Lehenengo hilabete haiek ekarri dituzte gogora. Khiosen ekin zioten abenturari; Atenasen eta Patrasen gero; eta Lesbosen azkenik. Hasierako urteak gogorrak izan ziren. Garciaren esanetan, ezin zituzten artatu iristen ziren errefuxiatu guztiak, ezinezkoa baitzen. Harekin bat egin du Alkizak: «Etengabe ailegatzen ziren txalupak, egunero-egunero, eta goseak akabatzen zeuden denak: ez geneukan laguntzen jarraitzea besterik».
Artean Khiosen zeudela eraso bat jasan zutela kontatu du Oraitz Garciak: «Sukaldera sartu ziren gau batez, eta txiki-txiki eginda utzi zuten guztia». Halere, hurrengo eguneko otorduak berdin-berdin banatu zituzten, inguruko gobernuz kanpoko erakundeen laguntzari esker.
2019ko urtarrilean iritsi ziren Lesbosera, koronabirusaren pandemiaren atarian. Boluntario batzuek han geratzea erabaki zuten, baina Euskal Herritik harako joan-etorriak murriztuta, errefuxiatu askok ere lagundu zuten. Edonola ere, hiru kideek nabarmendu dute ez dutela inoiz arazorik izan hiru asteko egonaldia egingo zuten boluntarioak aurkitzeko. Are, joan ahal izateko zenbait hilabete itxaron behar izan dute askok. «Edozein herritarrek Zaporeak taldeko parte izateko aukera izan zezan nahi genuen, berdin zion adinak, generoak eta bizimoduak; eta, hein handi batean, horrek bihurtu du Zaporeak berezi», azpimarratu du Oraitz Garciak.
«Etengabe ailegatzen ziren txalupak, egunero-egunero, eta goseak akabatzen zeuden denak: ez geneukan laguntzen jarraitzea besterik»
IÑAKI ALKIZA Zaporeak proiektuko kidea
Zortzi milioi otordu baino gehiago kozinatu eta banatu dituzte denera, eta 2.000 boluntariok baino gehiagok hartu dute parte. Jatorri askotako jendea ezagutu dute, baina, Garciaren arabera, hiru olde nagusi izan dituzte: lehenean, Siriatik ihesi zetozen errefuxiatuak; gero, Afganistandik iristen ziren gehientsuenak —eta, batez ere, emakumeak—; eta, azken urteotan, palestinarrak ailegatu dira barra-barra.
Haien artean ere egon dira aldaketak; ez asko, ordea. Zazpi laguneko talde batek osatzen zuen hasierako talde motorra, eta hamabost dira egun. «Errusiar mendi bat izan da; batzuk joan egin dira, eta beste batzuk iritsi dira haien ordez, baina nukleoa mantendu egin dugu, ez baita berdin hiru asterako kozinatzea edo proiektuaren tripak zaintzea», azaldu du Oraitz Garciak. Hain justu, badu pena bat haren aitak, Peio Garciak: ez egotea Zaporeak proiektuari segida emango dion belaunaldi gazteagorik.
Denetarik kozinatu dute 11 urteotan; garrantzitsuena, nolanahi ere, errefuxiatuen gosea berdintzea zen, tripa zorriak baretzea. «Euskal Herrian apenas erabiltzen dugun espeziarik; hortaz, egun batean errefuxiatu batzuek haien erara kozinatzen irakatsi ziguten, janaria haien gustura egon zedin», aitortu du txantxa doinuan Garciak. Espezia askorekin edo gabe, oilaskoa prestatu izan dute gehien, baita lekaleak ere. Enpresa batek punta-puntako sukalde bat eraiki zuen haientzat duela zenbait urte. Hori baino lehen, ordea, eskura zituzten tresna merkeekin moldatu behar izaten zuten. «Herriko festetan kozinatzea bezala zen», kontatu du Oraitz Garciak.
Krudeltasunaren lekuko
Zaporeak taldeko kideek urtebeteko hausnarketa prozesu baten ondoren erabaki dute sua behin betiko itzaltzea. Haien esanetan, asko aldatu da giroa, eta nabarmen zaildu zaie otorduak kozinatzea eta banatzea. «Greziako Gobernua oztopo gehiago jartzen hasi da, eta gero eta errefuxiatu gutxiago daude», kontatu du Garciak.
Txalupen joan-etorria ez da eten, ordea. Salatu dutenez, EB Europako Batasunak «nabarmen gogortu» ditu migrazio politikak —2026ko ekainean sartu zen 2024ko maiatzean onartutako hitzarmena—, eta Lesbos uhartera iristen diren migratzaile asko ailegatu eta berehala kanporatzen dituzte. Are, horietako batzuk mendian eraikitako kanpaleku batera bidaltzen dituzte, 50 kilometrora. «Gu ezin gara hara joan, ezta hurbildu ere», gehitu du Garciak.

Greziako Gobernuak berriki eraikitako kanpaleku hori ez ezik, badaude kostaldetik eta Lesbosko hiriburutik, Mitilenetik, gertu dauden zenbait kanpaleku. Halere, zenbaitetan ezin izan diete horietara bidaltzen dituzten migratzaileei otordurik banatu, kanpalekuetako poliziek galarazita. «Otordu bat jaso nahi bazuten, haiek, errefuxiatuak, irten behar zuten kanpora. Poliziak esanez gero ezin ginela sartu, ezin ginen sartu. Eta kito», adierazi du Alkizak. Eta horrek bete-betean eragin dio proiektuaren jardunari, Oraitz Garciak esan duenez: «Finean, guk 3.000 pertsonari jaten emateko azpiegitura bat daukagu, boluntarioak lanean; eta hori guztia prestatzea, jakin gabe hurrengo egunean otordurik banatzea posible izango ote den… Etsigarria da».
«Euskal Herrian apenas erabiltzen dugun espeziarik; hortaz, errefuxiatuek haien erara kozinatzen irakatsi digute, janaria haien gustura egon zedin»
PEIO GARCIA Zaporeak proiektuko kidea
Azken hilabeteotan Donostiako herritar sare batek bere jarduna eten behar izan duen bigarren aldia da oraingoa: KAS Kaleko Afari Solidarioak ekinaldia bertan behera utzi behar izan zuten lehenbizi, Donostiako Udalak hala aginduta; orain, Zaporeak proiektua eten dute. Horren eta euskal gizartean zabaltzen ari diren diskurtso arrazisten inguruan galdetuta, etsita erantzun dute hiru kideek. «Eragin egiten dizu, ikusi egiten baituzu nola iristen diren, txalupatan, eta laguntzen diezu hondartzara ailegatzen, eta hartzen duzu bi hilabeteko haur jaioberri bat esku artean, eta bere gurasoen aurpegiak… Iltzatuta geratzen zaizu. Eta okerrera doa», ohartarazi du Garciak.
Urruti eta bertan
Grezian eta, bereziki, Lesbosen egindako lan eskergagatik da ezagun Zaporeak proiektua. Euskal Herrian ere ekintza eta kanpaina ugari antolatu dituzte, ordea. Hiru kideak eserita dauden mahaitik gertu egin izan dute horietako bat: Koxk pintxo-pote solidarioa. Horrez gain, arropa eta janari bilketak ere antolatu izan dituzte, eta parte hartu izan dute ikastetxeetan eta herri elkarteetan antolatutako solasaldietan, aurkezpenetan eta mahai inguruetan. «Jendeak beti erantzun du oso ongi», nabarmendu du Oraitz Garciak. Eta gehitu du Alkizak: «Bai, jende anonimo askoren elkartasunari esker iritsi gara honaino».
«Errusiar mendi bat izan da, baina nukleoa mantendu egin dugu, ez baita berdin hiru asterako kozinatzea edo proiektuaren tripak zaintzea»
ORAITZ GARCIA Zaporeak proiektuko kidea
Jende anonimoari esker, eta emandako erantzunari eskerrak. Besteak ez ezik, beren ekina ere txalotu baitute hiru auzokideek. «Gardenak izan gara hasieratik, eta guri zerbait ematen zigunak bazekien emandako hori Khiosera, Atenasera, Patrasera edo Lesbosera iritsiko zela. Horrek oso ondo hitz egiten du gutaz», azaldu du Oraitz Garciak. Eta Lesbosera joandako boluntario baten adibidea jarri du Garciaren aitak: «Elgoibarko gizon bat etorri zen behin Lesbosera, eta iritsi zenean, hara non ikusi zituen dozenaka migratzaile Eibarko gizonezkoen futbol taldearen kamiseta jantzita. Sekulako ilusioa egin zion».
Ezkutatu da azaroko argia, eta iraganari begiratzeari utzi eta orainera itzuli dira Garcia aita-semeak eta Alkiza. Urtearekin batera, abenduaren 31n bukatuko da Zaporeak proiektuaren ibilbidea. Elkarteko kideek badute atseden hartzeko beharra, baita lasai egoten ikastekoa ere, nahiz eta batek baino gehiagok aitortu ez dakitela inoiz geldi egotea lortuko duten. Etorkizunera luze begiratu gabe, gauza bat da ziurra: hilaren 21ean Donostiako Plaza Berrian egongo dira, duela 11 urte bezalaxe, San Tomas egunez.