«Turismoaren negozioaren» aurka manifestatu dira Zarautzen

Urola Kostako Etxebizitza Sindikatuak eta Kontseilu Sozialistak deituta egin dute protesta. «Postaletako hiri idilikoen» atzean bertako langileen «miseria eta esplotazioa» dagoela ohartarazi dute.

Mugimendu Sozialistaren manifestazioa goizean, Zarautzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Mugimendu Sozialistaren manifestazioa goizean, Zarautzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
edurne begiristain
2025eko abuztuaren 2a
14:17
Entzun 00:00:0000:00:00

Turismoaren aurkako manifestazioa egin dute eguerdian Zarautzen (Gipuzkoa), Urola Kostako Etxebizitza Sindikatuak eta Kontseilu Sozialistak deituta. Hiru helbururekin egin dute protesta: turismoaren «negozioak» bertako langileengan eragiten dituen «kalteak» seinalatzeko; «negozio» horretatik aberasten diren enpresaburu eta jabeen «erasoei» aurre egiteko; eta instituzioek eta politikariek duten erantzukizuna salatzeko.

Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak zenbait aste daramatzate «turismoaren negozioa» salatzeko ekintzak antolatzen, eta dinamika horren barruan antolatu dute gaurko protesta. «Gure herriak izugarrizko irabazi iturri dira turismotik negozioa egiten dutenentzat. Saldu nahi dizkiguten postaletako hiri idilikoen atzean, ordea, bertako langileon miseria eta esplotazioa ezkutatzen dira», salatu dute manifestazioaren antolatzaileek.

Mugimendu Sozialistako bi eragileen arabera, etxebizitzaren arazoa da Zarauzko turismoaren «negozioaren» aurpegirik «gordinena». Hainbat datu eman dituzte hori erakusteko: Zarautzen 197 etxe turistiko daude; guztira, turistek lo egiteko 4.229 leku daude herrian; 2.416 etxe hutsik daude edo bigarren etxebizitzak dira —hau da, Zarauzko hamar etxetik hiru ez dira jendearen ohiko bizileku, oporraldia igarotzeko edota turistei alokatzeko baizik—. Etxebizitzen erabilera turistiko horrek gentrifikazioa indartu eta prezioak garestitzen dituela uste du Mugimendu Sozialistak.

«Alokairua %40 garestitu da azken hamar urteetan, eta ez dago merkatuan 1.000 eurotik beherako eskaintzarik. Gainera, ohiko praktika bihurtu da denboraldiko alokairu kontratuak egitea, udan turistei alokatuta irabaziak handitzeko», kritikatu dute. Etxe bat erostea gehienentzat ezinezkoa dela salatu dute, halaber: «Zarautz da Gipuzkoako metro koadro garestiena duen herria, eta etxebizitza berrien prezioa 500.000 eurotik gorakoa da». Haien ustez, «negozio borobila» da eraikuntza eta higiezin enpresentzat eta «espekulatzaileentzat»; aldiz, herritar askok, etxebizitzarik eskuratu ezin dutenez, herritik alde egin behar izaten dute.

Langileen «prekaritatea»

Turismoari lotutako lanetan «prekaritatea» nagusi dela gogoratu dute. Salatu dute ostalaritzan eta udako bestelako lanetan eguneroko ogia direla «ezegonkortasuna, soldata baxuak eta eskubideen urraketak», eta laneko «esplotazio» horretatik enpresariek milaka euroren irabaziak lortzen dituztela.

Instituzioei, berriz, turismoaren «negozioa» baimentzea eta bultzatzea aurpegiratu diete: adibide gisa jarri dute Zarauzko Udalak Los 40 Summer Live gisako ekitaldietan gastatutako dirua, eta Alde Zaharrean hamabost apartamentu turistiko eraikitzeko obra eta jarduera lizentzia onartu izana.

Turismoaren negozioaren erantzuleak seinalatu eta borrokatzeko garaia dela adierazi dute: «Alokairuen jabeen, etxe agentzien, ostalaritza enpresen eta horien mende dauden politikarien aurka borroka egin behar dugu».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.