Ubarretxenak dio «atzerapausoak» eman direla hitzartutako transferentzien gaineko negoziazioetan

Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko ordezkariak hilaren 29an biltzekoak dira, bost eskumenen eskualdaketa sinatzeko. Sailburuaren esanetan, baina, negoziazioak zaildu egin dira azken egunetan.

Ubarretxena, gaur eguerdian egindako agerraldian. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Ubarretxena, gaur eguerdian egindako agerraldian. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Iosu Alberdi.
2025eko abenduaren 22a
14:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Transferentzien Batzorde Mistoaren bilera dute abenduaren 29an, eta hartan Gernikako Estatutuan jasotako beste bost eskuduntza jaso nahi ditu lehenak: itsas salbamendua, Barakaldoko makineria zentroa, langabeziari lotutako prestazioak, kotizazio gabeko pentsioen kudeaketa eta eskola asegurua. Gaur, baina, tentuz aritu da auziaz Maria Ubarretxena Jaurlaritzako eledun eta Autogobernu sailburua, esanez «arazoak» daudela azken xehetasunak adosteko garaian: «Aurrerapenen partez, atzerapausoak eman dira».

Hilaren 29an eskualdatzekoak diren bost eskumenak aurrez bi aldeek adostutakoak dira. Uztailean eta irailean eman zuten itun horien berri, baina eskualdaketa nola egingo den zehaztea falta da oraindik ere. Lakuak eta Moncloak asteak daramatzate lan horretan, eta bazirudien batzordearen bilkura iristerako dena prest izango zutela. Ubarretxenaren hitzek, baina, bestelako zerbait iradoki dute: oraindik ere bada zer landu.

Sailburuak azaldu du aurreko astearen hasieran bideratuta ziruditen negoziazio horiek zaildu egin direla azken egunetan, eta horrek «kezka handia» eragin duela gobernuan. Ubarretxenak Espainiako Gobernuari egotzi dio atzerapen horien erantzukizuna. Argudiatu du, «itxuraz», «ministroek baino gehiago agintzen duten estatu idazkariak» daudela, eta horiei egotzi die sinatutako itunek aurrera egiteko trabak jartzea: «Ez dituzte kontuan hartzen dauden akordio politikoak».

Negoziaziorako tartea dago oraindik ere, eta gaur bertan Elma Saiz Gizarte Segurantzako ministroarekin hitz egitekoa da Ubarretxena. Espero du elkarrizketa horrek «egoera desblokeatzeko» balio izatea, baina gehitu du ez daudela prest edonolako akordio bat onartzeko, eta «eskualdaketa txarra» baldin bada nahiago dutela eskualdaketarik ez izatea: «Ez dugu merkantzia ustelik onartuko». 

Hurrengo astean bost eskumen horien transferentzia onartuko balitz ere, urtea amaituko da Jaurlaritzaren eskuetara igaro gabe 1979ko estatutuan jasotako guztiak. EAJk eta PSOEk Pedro Sanchezen inbestidura akordioan sinatutakoaren arabera, hori da estatutua osorik betetzeko epemuga, baina dozena bat eskumen geratzen dira oraindik; besteak beste, Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoa, eta portuen eta aireportuen kudeaketa eta paradoreena.

Horien guztien inguruko proposamenak Madrilen mahai gainean daude. Jaurlaritzak urrian bidali zizkion, eta, Ubarretxenaren esanetan, «sukalde lanean» ari dira, «diskrezioz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.