Eusko Jaurlaritzak beste bost eskuduntza jasoko ditu urtea amaitu aurretik, 1979ko Gernikako Estatutua osatze aldera. Hilaren 29an izenpetuko dute eskumen horien transferentzia, egun horretan egingo duten Transferentzien Batzorde Mistoan. Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuak aurrez hitzartutako eskumenak dira denak: itsas salbamenduarena, Barakaldoko makineria zentroarena, langabeziari lotutako prestazioena, kotizazio gabeko pentsioen kudeaketarena eta eskola aseguruarena.
Eskumen horien inguruko akordio politikoa uztailean eta irailean lortu zuten bi aldeek, baina eskualdaketa nola egingo zen zehaztea falta zen. Asteak eman dituzte xehetasun horiek negoziatzen, eta, behin akordioa lortuta, txostenak sinatzea baino ez da faltako. Urte amaierarako espero zen bilkura, eta Maria Ubarretxena Autogobernu sailburuak gaur iragarri du data.
Gauzak horrela, Gizarte Segurantzaren atal batzuk kudeatzen hasiko da Jaurlaritza datorren urtetik aurrera. Urrats garrantzitsua da, eskumen hori inoiz ez baitu kudeatu Espainiako Gobernua ez den beste erakunde batek. Jaurlaritzak enplegu politiken eskumena osorik izango du aurrerantzean, eta Lanbidek kudeatuko ditu leihatila bakarraren bidez, gaur egun SEPE Espainiako enplegu zerbitzu publikoak egiten duen lana ordezkatuta. Guztira, 822 milioi inguru kudeatuko ditu.
«Sukalde lanean» oraindik
Baina transferentzia guztien inguruko akordioa lortu gabe data iragarri izanak badu bere ifrentzua ere, esan nahi baitu urtea amaitzerako ez dela beteko Gernikako Estatutua, EAJk eta PSOEk Pedro Sanchezen inbestiduraren truke adostu bezala. Oraindik dozena bat eskumen geratzen baitira eskualdatzeko. Horien artean daude, besteak beste, Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoarena, portuena eta aireportuena, paradoreena eta zirkulazio eta autoen matrikulazioen kudeaketarena.
Horien inguruko proposamenak urrian bidali zizkion Jaurlaritzak Madrili, eta, Ubarretxenak adierazi duenez, oraindik negoziatzen ari dira. «Lanean jarraitzen dugu. Joan den astean Madrilen izan ginen, bihar bilera bat izango dugu berriro, eta datorren astean bilera gehiago ere izango ditugu. Beraz, epea amaitu arte guk lanean jarraituko dugu, akordio bat lortu ahal izateko».
Ez du argitu zein den negoziazio horien egoera, akordioa lortzetik hurbilago dauden edo ez. Ados jartzeko «sukalde lanean» ari direla azpimarratu du, eta, ohi bezala, «diskrezioz» jardungo dutela berretsi: «Akordioa lortzen dugunean jakinaraziko dugu». Edonola ere, ez du zehaztu negoziazio epea luzatuko duten edo ez, abenduaren 31 gain-gainean baitago. Jaurlaritzak bere lan egin duela adierazi zuen sailburuak, proposamenak Madrili bidalita, eta luzapena behar izatekotan hark eskatu beharko lukeela iradoki zuen. Gobernu bazkideak, ordea, PSEk, egutegiarekin ez tematzeko galdegin zion EAJri.
Ubarretxenak ez du jakinarazi, halaber, Imanol Pradales eta Pedro Sanchez noiz elkartuko diren. Bi agintarien aldebiko batzordea ere urtea amaitu aurretik da elkartzekoa, baina data oraindik adostu nahian ari direla esan du sailburuak. Azkeneko aldiz uztailaren 16an elkartu ziren, Madrilgo Moncloa jauregian, eta orduan Pradalesek Sanchezi eskatu zion bere gobernuan «ordena» jartzeko eta lanak azkartzeko, transferentziak itxi ahal izateko.