Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitateen Lege aurreproiektuak amaitua du parte hartze publikoaren fasea, eta testua «hobetuta» egingo du aurrera. Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Perez Iglesiasek gaur azaldu duenez, ia bostehun ekarpen jaso ditu arauak, eta, horiek kontuan hartuta, artikuluen herenak aldatu dituzte: 142tik 41etan egin dituzte hobekuntzak. Unibertsitateko irakasleen eta ikertzaileen lan baldintzen ingurukoak dira asko: ibilbide akademiko estandarraren definizioa jaso zuten hasierako testuan, baina hura «malgutu» egingo dute, batez ere andreen eta kontziliazio premiak dituztenen bidea «errazteko»: «Ezin dugu ezarri emakumeentzat kaltegarria den karrera akademiko bat».
Funtsean, lege aurreproiektuan ageri ziren «printzipioak eta norabideak» mantendu dituzte, baina neurri eta prozedura batzuk «malgutu», alegazioak egin dituzten eragileek eskatuta. Unibertsitateek, sindikatuek, Jaurlaritzaren gobernu organoek eta banakako herritarrek egin dituzte ekarpenok, eta esker onez mintzatu zaie sailburua: «Banan-banan erantzungo diegu».
Hona hemen lege testu berrian jaso dituzten aldaketa nagusiak, atalez atal:
1
Ibilbide akademikoa
Ibilbide akademiko estandar bat zertan den definituko du unibertsitateen legeak; hau da, irakasleek eta ikertzaileek pasatu behar dituzten prozesuak eta mugarriak zehaztuko ditu. «Eredu bat da, ez halabeharrez bete beharrekoa», argitu du Perez Iglesiasek. Hala ere, ekarpenen fasean malgutu egin dute definizio hori, besteak beste, kualifikazio handiko pertsonak erakartzeko eta genero ikuspegia txertatzeko.
Hala, doktorego osteko egonaldiaren gutxieneko iraupena bi urtetik urtebetera jaitsi dute, eta, gainera, zehaztu dute egonaldi hori ez dela zertan «atzerrian» egin, baldin eta «nazioartean itzal handia duen zentro» batean egiten bada; horien barruan daude Espainiako, Herrialde Katalanetako eta Galiziako unibertsitateak ere. Gainera, egonaldi horretatik salbuetsita geratuko dira tesia kanpoan egin dutenak.
Horrekin batera, kontziliazio neurri zenbait txertatuko dituzte, «emakumeek ibilbide akademikoan aurrera egin dezaten berdintasunez». Maiatzean ere horren inguruko kezka plazaratu zuen sailburuak, ekoizpen eta ebaluazio zientifikoaren ereduari buruzko txostena aurkeztean; izan ere, zaintza lanen ondorioz, emakumeek hainbatetan eten behar izaten dute ibilbide akademikoa, eta horrek berekin dakar ibilbide akademikoan aukera gutxiago izatea.
Hala, beste eremu batzuetan «eraginkorrak» izandako neurriak iragarri ditu: etenen kaltea konpentsatzeko neurriak, ibilbide akademikora itzultzeko erraztasunak eta epe formalak etetea edo luzatzea. «Stop the clock esaten zaio ingelesez: erlojua geldiarazten da, kontziliazioagatik etenak egin behar dituztenak ez zigortzeko».
Andreek ez ezik, kontziliazio premiak dituztenek ere erabili ahalko dituzte neurri horiek. «Gauzak erraztearen aldekoak gara, justiziazkoa baita pertsona guztiek aukera berak izatea ibilbide akademikoa garatu ahal izateko. Exijentzia akademikoa beste gauza bat da: hor ez dago erraztasunik», adierazi du Perez Iglesiasek.
2
Irakasle ordezkoak
Irakasle ordezkoen figura «ia desagerrarazi» egin nahi zuela adierazi zuen Perez Iglesiasek lege aurreproiektua aurkeztean, baina prozesu hori ere malgutu egingo du: %2an ezarria zuen ordezkoen gehienezko ehunekoa, eta %5era igo du; eta trantsiziorako epea ere bi urtetik laura luzatu du. Baina funtsa mantendu du: «Departamentuek pertsonal nahikoa izan behar dute bajen edo postu aldaketen ondorioz egiteko geratzen diren irakaskuntza lanak estaltzeko».
Egun irakasle postuen %15 ingurutan daude ordezkoak: «Proportzio hori ez da normala: gehienak gazteak dira, eta prekarioak. Unibertsitatera sartzeko bide estandarra ezin da izan irakasle ordezkoen figuraren bidezkoa; gure asmoa da gazte horiek beste figura baten pean lan egitea, eta ibilbide egonkorragoa izatea».
Bestalde, EHUn irakasle elkartuen gehienezko muga ere %5etik %10era igo dute azken testuan. Horrez gain, irakasleen eta ikertzaileen baldintzekin lotuta, legeak ez ditu soldata osagarri kontsolidatuak jasoko. Sailburuak hobetsi du «halako kontu zehatzak» dekretu bidez zehaztea, besteak beste, negoziazio kolektiboan ere landu behar direlako.
3
Finantzaketa
EHU Euskal Herriko Unibertsitateari ohiko diru ekarpena «jarduera mailaren arabera» ematea jaso du lege aurreproiektuak, eta atal horretan ez dute aldaketarik egin: «Ez da alegaziorik izan. Unibertsitate publikoak ulertu du planteamendu hori arrazoizkoa dela». Finantzaketa hori kalkulatzeko, EHUrekin formula bat adostekoak dira, baina Perez Iglesiasek esan du hori ez dutela legean jasoko: «Dekretu bidez ezartzeko edo unibertsitate planean sartzeko elementu bat da».
Legean halakorik ez zehazteak ez du ekarriko gerora arbitrarioki aplikatzeko arriskua, sailburuaren arabera: «Jardueraren araberako finantzaketak bermea ematen dio unibertsitate publikoari. Ez zait buruan sartzen finantzaketa nahikoa ez izatea, eta, hala balitz, zuzendu beharko litzateke, legeak berak behartzen duelako nahikotasun hori lortzera, espresuki: oinarrizko finantzaketak balio behar du jarduera behar bezala mantendu ahal izateko».
Era berean, eremu ekonomikoan, unibertsitateen finantza kontrolerako mekanismoak egokitzea ere adostu du Jaurlaritzak unibertsitateekin, «administrazio zama murrizte» aldera. Perez Iglesiasek esplikatu du kontu ematea oso zorrotza dela, «exijentzia maila handikoa», eta hori «apaldu» egin dutela, «burokrazia arintzeko».
4
Zuzentasuna
Irizpide etikoei eta zuzentasunari buruzko atala «sakonago» landu dute testu berrituan, eta hor ere sartu dituzte ebaluazio zientifikoari buruzko foroan jasotako ekarpenak. Perez Iglesiasek nabarmendu duenez, zintzotasuna ez da soilik banakoen ardura izango: «Irakasleek eta ikertzaileek zuzentasunez jokatu behar dute, baina unibertsitateek ere hori sustatu eta zaindu behar dute».
5
Unibertsitate publikoa eta pribatuak
Unibertsitate jarduera osoa arautuko du legeak: unibertsitate publikoa eta pribatuak, baita kanpokoak ere, Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan zentrorik badute. Hala, besteak beste, unibertsitate publiko bat nola sortu ere jasoko du, baina, aipamen horrek EHUren errektoretza taldean eragindako susmoak ikusita, Perez Iglesiasek argitu du ez dagoela horretarako asmorik: «Legean prozedura hori jaso behar da, ezin dugu mugatu, baina ez dugu unibertsitate publiko berririk sustatzeko interesik. Edonola ere, parlamentuari dagokio hori egitea».
Era berean, unibertsitate pribatuen izendapena ere moldatu behar izan dute. Izan ere, Lehiaren Euskal Agintaritzak ohartarazi die ez dela zilegi unibertsitateak irabazi asmoaren arabera bereiztea; beraz, «herri onura» kontzeptua erabili dute horren ordez.
«Unibertsitate izena legez babestea» ere jaso dute testuan: «Ezin da edonola erabili zentro bat edo ikasketa bat izendatzeko, ez baldin bada unibertsitarioa. Hori inoiz gertatu da, eta iruzur bat da kontsumitzaileen eta ikasleen ikuspuntutik», azaldu du sailburuak.