UPNk Alejandro Toquero babestu du Ustelkeriaren kontrako Bulegoaren ikerketa dela eta

Zurekin Tutera udal taldeak jarritako salaketa bat aintzat hartu du Nafarroako Ustelkeriaren kontrako Bulegoak. Kontratu publiko bat zatitzea eta ohiko lizitazio publikoa saihestu nahi izatea leporatu diote.

Alejandro Toquero eta Cristina Ibarrola, UPNren Iruñeko egoitzaren kanpoaldean. VILLAR LOPEZ / EFE
Alejandro Toquero eta Cristina Ibarrola, UPNren Iruñeko egoitzaren kanpoaldean. VILLAR LOPEZ / EFE
joxerra senar
2026ko otsailaren 2a
16:23
Entzun 00:00:00 00:00:00

Besteren begian lasto izpia ikusi bai, baina habea ez norberarenean. UPNk duela bi aste adierazi zuen Nafarroako Gobernuko Kultur departamentuak Sendavivan kontratuak zatitu eta ohiko lizitazio publikorik ez izatea lortu zuela, eta salatu zuen auzi horretan erantzukizun politikoa zuela. Orain, baina, antzeko salaketa egin diote Alejandro Toquero Tuterako alkateari, eta, kasu horretan, zuhurtzia agertu eta babesa adierazi dio alderdiak bere presidenteordeari.

Bi kasu desberdin dira, baina salaketaren funtsa antzekoa da. Zurekin Tutera udal taldeak Toqueroren udal gobernuari leporatu dio hiru kontratu eman dizkiola Gesabogados abokatu bulegoari. Orotara, 29.040 euro ordaindu zituen udalak, baina hiru kontratu eginda lizitazio publikorik ez izatea lortu zuela leporatu zion. Sendavivaren kontratuekin gertatu bezala, Nafarroako Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren kontrako Bulegoak uste du «egiazkotasun zantzu arrazoizkoak» daudela.

Nilsa Nafarroako Gobernuaren menpeko sozietate publikoak Tuterako araztegian biogas planta bat ezarri nahi zuen bertako lohiak tratatzeko. Egitasmo horren aurka zegoen udala —azkenean egitasmoa gerarazi eta araztegia bere gain hartu du—. Egoera juridikoki aztertzeko abokatu bulego hori kontratatu zuen, eta, ustelkeriaren kontrako bulegoaren ustez, kontratuak zatikatu zituzten, eta hala, kontratu publikoen 81. artikulua urratu. Zurekin Tutera taldeak, gainera, salatu du «ohiko sistema» dela hori Toqueroren udalean.

Gaur, Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzordearen osteko bileran, Daniel Lopez Zurekin Nafarroako eledunak adierazi du Tuterako udal taldeak denbora asko daramala halakoak isilean ikertzen. «Ez da kasu hau bakarrik, azken bi legealdietako beste lizitazio batzuk ere badaude tartean». Haren esanetan, denbora beharko du ustelkeriaren kontrako bulegoak. «Ezerezean gera daiteke, baina, zerbait balego, azalpenak eman beharko ditu Toquerok eta dagokion erantzukizuna hartu». 

Emaitzaren zain

Gaur, horri buruz galdetu diote Javier Esparza UPNko eledunari. Hark adierazi du  «konfiantza» dutela Toqueroren gestioan. «Dena ikertu dadila», eskatu du. 

Garai txarrean dator auzi hau Toquerorentzat. Egungo UPNren zuzendaritza Toqueroren eta Cristina Ibarrolaren aldekoen artean banatuta dago. Asteburuan jakin denez, Toquerok eta Erriberako kritikoek hauteskunde zerrendan pisu handiagoa izateko eskatu dute. Parlamentuko zerrendan lehen postuak nahi dituzte, bai eta Espainiako Senaturako zerrendaburua izendatzea ere. Zerrenden osaera hauteskunde batzordeak lantzen du, eta hura Ibarrolak kontrolatzen du. Ikusi beharko da salaketa horrek eraginik ote duen UPN barruko pultsu politiko horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.