UPNk «erantzukizun politikoak» eskatu dizkio Txibiteri, Auzitegi Nazionalak Belate ikertuko duelako

Javier Esparzak «oso larritzat» jo du adjudikazioa ikertzea, «halakorik ez baita gertatu 30 urtean». UPNko buruzagiaren arabera, gobernua eta bazkideak «oso kezkatuta» daude: «Instrukzio bat irekiko da, eta amaieran epaile batek epaia emango du».

Javier Esparza, gaur, UPNren egoitza aurrean. VILLAR LOPEZ / EFE
Javier Esparza, gaur, UPNren egoitza aurrean. VILLAR LOPEZ / EFE
joxerra senar
2026ko uztailaren 28a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskuineko oposizioak tenperatura politikoa igo nahi du, eta, bide batez, Nafarroako Gobernuko bazkideen zalantzak piztu. Espainiako Auzitegi Nazionalak erabaki du ustezko irregulartasunen auzian Belateko tunelei buruzko lanen adjudikazioa ere ikertzea. Albiste horren atzean benetako zigor epai bat balego bezala erreakzionatu du UPNk. Atzo Cristina Ibarrola alderdiko presidenteak Maria Txibite lehendakariaren dimisioa eskatu zuen, eta gaur goizean Javier Esparza UPNren parlamentuko bozeramaileak «erantzukizun politikoak» hartzeko exijitu dio Txibiteri. 

UPNk berak hasieratik hauspotu ditu Belateko tunelen adjudikazioaren gaineko susmoak, politikoki zein judizialki. Parlamentuan hamaika agerraldi egin dira, eta bai Accionari bai Servinabarri esleitutako kontratu publikoei buruzko ikerketa batzordean gai nagusia izan da: hark ez du frogatu esku hartze politikorik egon zenik esleipenean.

Auzibideari dagokionez, 2024ko irailaren 9an eskatu zion Guardia Zibilari auzia ikertu zezala. Iragan urte amaieran, Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboak auzia ikertzeko eskaera ofiziala egin zion Auzitegi Gorenari. Gerora Auzitegi Nazionalak instrukzioa bere gain hartu zuen, eta, horregatik, duela bi aste Ismael Moreno epaileak UCOri galdegin zion ea sarturik al zen esleipena auzi nagusian. Hala, UCOk erantzun zion euren eskaera oraindik erantzuteke zegoela, eta azkenik Morenok atzo agindu zuen Belateko lanak ere ikertzea.

«Askok badakigu zer gertatu den, eta orain falta dena da Guardia Zibilak hori frogatzea, baldin eta frogarik badago»

JAVIER ESPARZAUPNko eleduna

Tanto politikoa egin du UPNk. Gaur goizean Esparzak pozarren azaldu die kazetariei halakorik ez dela gertatu «azken 30 urteetan». Zeharka, Javier Otano PSNko presidentearen Suitzako kontuen aferari egin dio erreferentzia, ustelkeria kasuak eta alderdi sozialista lotuz. Nahiz eta epaileak ez duen oraindik jakinarazi zein den bere erabakiaren oinarria, «oso larritzat» jo du hori Esparzak: «Epaileak eta UCOk uste dute zantzu nahiko eta sendoak daudela adjudikazioa sakon ikertzeko». 

Nafarroako Gobernua «noraezean» ikusten du Esparzak, eta uste du kontraesanak daudela haren adierazpenen eta errealitatearen artean. «Hasieran ez zegoen Belate auzirik, ez zen ezer gertatzen, eta Cerdan biktima bat zen. Txibitek berak aurreko astean esan zuen sorgin ehiza bat zela. Orain diote pozik daudela ikertuko dutelako». Esparzaren ustez, «iparra galdu dute», eta «oso kezkatuta» daude. «Bazkideen artean ere konfiantza urratu da. Uste dut datozen hilabeteak tentsio handiz biziko dituztela gobernu barruan». 

Esparzaren ustez, hasieratik ikusten zen Belatek «usain txarra» zuela. «Askok badakigu zer gertatu den, eta orain falta dena da Guardia Zibilak hori frogatzea, baldin eta frogarik badago». Handik zer atera daitekeen galdetuta, Esparzak uste du ez dela sinesgarria Accionak eta Servinabarrek Espainiako beste tokietan komisioak pagatzea eta Nafarroan ez. «Jarduteko modu bat zuten, legez kanpo aberastea zuten helburu. Orain arteko audioek eta Whatsappeko mezuek hori adierazten dute. Instrukzioa irekiko da, eta epaile batek epaia emango du». 

PSN: «Albiste ona da»

Urtarrilaren 9an Txibitek honako hau esan zion UPNri Nafarroako Parlamentuan: «Urte berri honetan nahiko nuke epaileak Belateko tunelak ikertzea. Badakizu zer gertatuko den? Zuek barkamena eskatu beharko diezuela nafarrei». Alta, jada ez da joko erretoriko bat, eta eskaera hori bete egingo da.

PSNk ideia horri heldu dio, eta Esparzari eskatu dio ez dadila «hainbeste poztu»: «Albiste ona da. Urtarriletik ari gara eskatzen epaile batek iker dezala eta zalantza guztiak argitu daitezela», esan du Ainhoa Unzuk. PSNko parlamentariak «urduri» ikusten ditu eskuineko alderdiak. «Moreno epaileak eskatu du txosten bat egiteko eta hori ikerketari gehitzeko. Ez dago ondoriorik, ez dago epairik, ez dago zigorrik». 

«Moreno epaileak eskatu du txosten bat egiteko eta hori ikerketari gehitzeko. Ez dago ondoriorik, ez dago epairik, ez dago zigorrik»

AINHOA UNZUPSNko parlamentaria

EH Bilduko Adolfo Araizek Ismael Morenok eta UCOk emandako pausoak gogoratu ditu X sarean, eta hau idatzi du mezuaren amaieran: «Ikerketa judiziala abiatzeko garaia da orain, ez epai politikoak egitekoa».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA