politika

UPNren barne krisia areagotu du Sanzek, Esparza jomugan jarrita

Lehendakari ohiak salatu du alderdiaren estrategia «okerra» izan dela azken urteetan

Miguel Sanz, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko abuztuaren 28a
17:55
Entzun

Labanak zirti-zarta dabiltza Iruñeko Vianako printzearen plazako egoitzan. UPNk Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan lortutako emaitza kaskarrek eta hirugarrenez jarraian Nafarroako Gobernutik at geratu izanak hautsak harrotu dituzte alderdiaren barruan. Urak baretu nahian, alderdiko presidente Javier Esparzak aurreko astean iragarri zuen uko eginen diola gobernurako hautagai izateari, baina ez zuen autokritikarik egin, eta emaitza txarrak gutxietsi zituen: «PSNren egungo jarrerarekin, ez ziratekeen lehendakari izanen ez Miguel Sanz, ez Yolanda Barcina». Orain, Sanzek berak eman dio arrapostu Esparzari, eta koska bat areagotu du UPNren eltze barruko presioa.

Esparzak bezala, Sanzek ere Diario de Navarra egunkarian egin ditu adierazpenak, eta ia puntuz puntu birrindu du UPNk azken urteetan erabili duen estrategia: «Aurrekoan, Javier Esparzak esan zuen UPNren barruan ez dagoela ezinegonik, dena ongi doala. Hori ez dator bat niri iritsi zaizkidan mezuekin. Eta ez dira bat, bi, hiru, lau edo bost izan. Ezinegona egon badago», esan du 16 urtez Nafarroako Gobernuko lehendakari eta UPNko presidente izan zenak.

Ikusi gehiago:Javier Esparzaren soslaia

Haren ustez, gainera, ezinegon horren oinarrian dago hauteskundeetarako bakarka aurkezteko erabakia, PPrekin sinatutako aliantza estrategikoa apurtu ostean: «Estrategia okerra izan da», laburbildu du Sanzek. «[Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara] elkarrekin joateko kontraproposamena egin zigun PPk, eta hanka sartzea izan zen eskaintza hori onartu ez izana».
Horren ondorioz, Espainiako Kongresuan zituen bi diputatuetatik bat galdu zuen UPNk, eta Nafarroako indarretan laugarrena izan zen: «Azken urteetako lidergoa galdu dugu», laburbildu du presidente ohiak. Are: «oso larritzat» jo du, EH Bildu bigarren indarra izatea.

Hauteskundeetako emaitzez harago, ordea, alderdiaren «noraeza» eta «garaietara egokitzeko gaitasunik eza» kritikatu ditu Sanzek. UPNk azken urteetan hartutako norabidea txarretsita, buruzagi erregionalistak gaineratu du kritika politikoan «askoz sendoago» aritu beharko lukeela alderdiak: «Ideologikoki eta estrategikoki berrarmatu behar dugu, printzipioei uko egin gabe».

Ikusi gehiago:Javier Esparzaren dilema: EAJz mozorrotu ala Unidad Alavesa izan

Zehazki, PSN alderdi ezkertiar eta abertzaleengandik aldentzeko estrategia proposatu du: «Ahalik eta gehiena gehitu beharko genuke, indarrak zuhurtziaz handitu, eta arerioa zatitu. Eta guk ez dugu ez indarrik handitzen, ez arerioa zatitzen; kontrara, gero eta gehiago hurbiltzen dugu PSN euskal abertzaleengana». Sanzek gehitu du horren helburua dela UPN ez desagertzea: «Ez nuke nahi UPNri gertatzea Unidad Alavesari gertatu zitzaiona».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.