Ur eskasia dela eta, zisterna kamioiak eramanen ditu Bizkaiko Foru Aldundiak Karrantzara

Euri guti egin du azken asteetan, eta edateko ur erreserbak zinez murriztu zaizkie herrian. Hilabete iraunen du zerbitzuak, gaur egungo idorte egoerak irauten badu. 250 metro kubiko ur eramango dituzte egunero.

Txorrota bat, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Txorrota bat, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko abuztuaren 3a
10:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaurtik goiti, 250 metro kubiko edateko ur garraiatuko dituzte egunero Karrantzaraino, astelehenetik ostiralera. Bizkaiko Foru Aldundiak onartu du udalaren galdea, edateko ura bermatua izan dadin herrian. Momentuz adostu denez, hilabetez izanen dute zerbitzu berezitu hori; epea luzatu daiteke beharren arabera.

Hain zuzen ere, euri guti egin du azken asteetan, eta, erreserbak zinez murriztu zaizkie herrian. Orduan, oraingo idorte egoerak irauten duen bitartean, ura zisterna kamioietan eramanen dute Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoaren instalazioetatik Karrantzako Udalaren biltegietara.

Aldundiak agiri bidez zehaztu duenez, San Estebango biltegia izanen da hornigaia jasotzeko puntu nagusia, eta, aldiro-aldiro, Karrantzako Udalak erabakiko du zertarako erabiliko den ura, erreserben egoeraren eta herria hornitzeko premien arabera.

Ekarriko duten urari kontrolak eginen dizkiote, segur izateko herritarrengana osasun berme guztiekin iritsiko dela.

Uda lehorra

Uda honetako euri eskasiaren ondorioz, Karrantza ez da herri bakarra zailtasunetan gertatzen dena edateko ur erreserbei dagokienez. Izan ere, hainbat udalerrik ur kontsumoa mugatzea gomendatu dute: hala gertatu da Busturialdean eta Zuian (Araba), adibidez.

Ipar Euskal Herrian, bestalde, Pirinio Atlantikoetako prefeturaren aginduz, ur kontsumoa zaindu beharrean dira herritarrak, edateko ura oinarrizko erabilerara mugatuz.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA