Urrian hiru urte beteko dira Israelek Gazaren aurkako erasoaldia gogortu zuenetik, eta, urteurrenaren harira, mobilizazioak antolatzen hasi dira Euskal Herriko eragileak. Palestinarekin Elkartasuna plataformak iragarri du manifestazio nazional bat egingo duela Bilbon, hilaren 3an, Inperialismoaren eta sionismoaren aurka, erresistentzia aurrera, Israel suntsitu lelopean. 17:30ean abiatuko da, Jesusen Bihotza plazatik.
Palestinarekin Elkartasunak gaur Bilbon egindako agerraldi batean azaldu duenez, palestinarren erresistentziari babesa adierazi nahi diote manifestazioan: «Erresistentziarik gabe, Palestina ez litzateke existituko». Helburu hori izan zuen 2023ko urriaren 7an Hamasek egindako erasoak, plataformaren arabera: «Hiru urte beteko dira palestinar erresistentziak ‘nahikoa da’ esan zuenetik. Nazioartean ia ahaztuta zegoen Israelek bere sorreratik palestinarren aurka daraman garbiketa etnikoa».
Urri amaieran Israelen hauteskundeak izango direla eta, plataformak ohartarazi du Palestinako egoera ez dela konponduko alderdi batek ala bestek bozak irabazita: «Arazoaren jatorria ez dago Israelgo gobernu batean edo bestean; arazoaren jatorria Israelen proiektua bera da, eta oinarrian duen ideologia sionista». Hala, irtenbidea erresistentzian datzala berretsi du, eta «erresistentziarako eskubidea edozein formatan defendatzera» deitu du. «Palestinarren askatasuna defendatzea eta Israelen eta genozidioaren konplize guztien aurkako mobilizazioarekin eta boikotarekin aurrera egitea dagokigu», adierazi du.
Iruñean ere, manifestazioa
Urriaren 3an bertan, Palestinaren aldeko beste manifestazio bat izango da, Iruñean, Yala Nafarroa Palestinarekin taldeak deituta: Eustea garaitzea da lelopean, 18:00etan abiatuko da Golemetik. «Genozidioa ez da inoiz eten», salatu dute. Israelgo Estatuak haur palestinarrei kometekin jolastea debekatu diela eta, mobilizaziora halakoak eramateko eskatu dute: «Kometak izanen dira askatasunaren ikur nagusia».
Era berean, urriaren 8an Euskal Herriko udaletxeen aurrean protesta egitera deitu du Gernika-Palestina plataformak: elkarretaratzeak egingo dituzte 19:00etan, Gernikaren herritik, genozidiorik ez! Gerrarik ez! lelopean.