Vito Quilesek Iruñean egin asmo duen ekitaldiaren kontra, «euste horma bat» osatzera deitu dute herri mugimenduko zenbait taldek

Eskuin muturreko ekintzaileak ostegun arratsalderako iragarri du mitina; 18:00etan, Gazteluko plazan. Ordu erdi lehenagotik, 17:30etik aitzinera, plaza «antifaxismoz betzea» nahi dute Iruñerriko hainbat bizilagunek.

Osteguneko protesta iragartzeko elkarretaratzea, gaur, Iruñeko Gazteluko plazan. IÑIGO URIZ / FOKU
Osteguneko protesta iragartzeko elkarretaratzea, gaur, Iruñeko Gazteluko plazan. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2026ko urriaren 13a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iruñera itzultzeko asmoa jakinarazi du Vito Quiles Espainiako eskuin muturreko ekintzaileak. Urriaren 5ean, datozen asteotan hiriz hiri eginen duen bira bat iragarri zuen sare sozialetan, eta, hain zuzen, Iruñean egin asmo du lehenbiziko geldialdia, ostegun honetan. Gazteluko plazan ekitaldi bat eginen duela jakinarazi du, 18:00etan zehazki, eta, hari kontra egiteko, Iruñerriko zenbait eragilek, elkartek, gazte mugimenduk eta sindikatuk protesta bat antolatu dute hor bertan. Quilesen ekitaldia hasi baino ordu erdi lehenago —17:30ean— Gazteluko plazara biltzera deitu dituzte herritarrak, «euste horma bat» osatzeko.

Protesta iragartzeko eginiko prentsaurrekoan, Quilesen bisita «olatu erreakzionario baten barnean» kokatu dute Iruñerriko bizilagunek. «Olatu horrek eskubideak murriztu nahi ditu, sektore prekarizatuenak jomugan jarriz, eta, bestalde, baita Euskal Herriaren zapalkuntza nazionalean eragin ere, klase herrikoiak zapaltzeko helburuarekin, bai sozialki, bai nazionalki», nabarmendu dute, eta, diotenez, besteak beste horregatik guztiagatik behar dira Quilesen gisako figuren ekitaldiak gaitzetsi eta «desnormalizatu». 

Dena dela, osteguneko mitinaren harira, Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak ohartarazpena egin du gaur: Quilesek ez du deus jakinarazi instituzio horretan. Legez, hari eman beharko lioke ekitaldiaren berri, hura egin nahiko badu, eta, artean epearen barrenean izanik ere, ekintzaileak urgentziazko bidea baliatzea du kudeaketa garaiz egiteko bide bakarra. Hori bai: ekitaldia baino gutxienez 24 ordu lehenago eman behar luke abisua, eta ezinbestekoa luke urgentzia justifikatzea. 

Bada aurrekaririk

Urtebetean Quilesek Iruñean antolatutako bigarren ekitaldia da aste honetakoa: iazko urriaren 30ean beste mitin bat antolatu zuen Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultatean. Ordea, ekitaldia bertan behera utzi zuen azkenerako, unibertsitateak berak baimena ukatu eta ehunka herritar bildu baitziren haren kontra protesta egiteko. Tartean, istiluak izan ziren protesta egin zutenen eta Espainiako Poliziaren artean, eta, are, handik hilabeteetara, hainbat lagun atxilotu zituzten: 28 lagun guztira. Desordena publikoko delituak egotzi zizkieten, eta zenbaiti, baita autoritatearen kontrako atentatu delitua ere.

Gaurko prentsaurrekoan, ostegunean mobilizazioetan parte hartzera deitu dutenek ez diote aipamen zuzenik egin iaz gertatutakoari, baina izan da haren oihartzunik, zeharka. «Oso ongi dakigu zer den antifaxismoaren kriminalizazioa [...]. Euskal Herrian hainbatetan osatu dugu faxismoaren aurkako euste hormarik, eta estatu aparatuek hori jarri dute jomugan, besteak beste». Orain, dena dela, faxismoaren kontrako jarrerak eta mobilizazioak areagotzera deitu dituzte herritarrak, «hark gizartean inolako lekurik izan ez dezan». Ostegunean Gazteluko plaza antifaxismoz betetzea dute xede, horretarako. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA