Voxeko Nafarroako buruzagi bat ikertzen ari dira, gorroto delituak egotzita

Oscar Tellezek migratzaile adingabeen kontrako mezuak hedatu ditu sare sozialetan. Nafarroako Gobernuak haren jardueren inguruko txostena helarazi zion Fiskaltzari.

Voxen elkarretaratze bat, Iruñean, 2023an. IÑIGO URIZ / FOKU
Voxen elkarretaratze bat, Iruñean, 2023an. IÑIGO URIZ / FOKU
gotzon hermosilla
2026ko urtarrilaren 14a
17:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Fiskaltzak ikerketa bat abiarazi du Nafarroako Voxeko Gazteria arloko arduradun Oscar Tellezen inguruan, eta gorroto delituak egotzi dizkio, eskuin muturreko alderdiko buruzagiak sare sozialetan hedatutako mezuak direla eta. Nafarroako Gobernuak Tellezen jardueren inguruko txostena egin zuen, eta ondorioztatu zuen Voxeko kideak «umiliatu, mespretxatu eta estigmatizatu» egiten zituela migratzaile gazteak, baina haren kontrako auzibideak irekitzeko ahalmenik ez duenez, Fiskaltzari igorri zion aipatutako txostena. Horretan oinarrituta, Tellez ikertzea erabaki du Fiskaltzak.

Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilaria pozik agertu da Fiskaltzaren erabakia dela eta: «Espero dugu dagokion auzitegiak jakingo duela justizia aplikatzen, eta gorrotoa hedatzeko inpunitatea baliatzen dutenak legearen arabera zigortzen».

Valtierrako alkatea

Tellez ez da migratzaile adingabeen kontrako adierazpenak egin dituen Nafarroako arduradun politiko bakarra. Manuel Resa Valtierrako alkateak (UPN) behin baino gehiagotan egin ditu antzeko adierazpenak, eta hari buruz ere egin zuen txostena Nafarroako Gobernuak. Hala ere, Fiskaltzak ez zuen haren kontrako auzibiderik ireki, eta salaketa artxibatzea erabaki zuen.

Horren inguruan, Alfarok esan du ez duela Fiskaltzaren jarrera ulertzen: «Biek egindako adierazpenak oso antzekoak dira, berdin-berdinak ia, baina Valtierrako alkatearen auzia artxibatzea erabaki du, eta Voxeko buruzagiaren aferan, berriz, gorroto delitu baten aztarnak atzeman ditu». Alfarok esan duenez, ez dago Fiskaltzaren erabakiaren kontrako helegitea jartzerik, baina Nafarroako Gobernua aztertzen ari da legeriak horren inguruan eskaintzen dituen aukera guztiak.

Ser irrati kateak egindako elkarrizketa batean, Resak gogor jo zuen migratzaile adingabeen kontra, eta leporatu zien «eskubide guztiak» izatea, baina «betebehar bakar bat» ere ez: «Arazoak izango ditugu jende horrekin». Geroago, UPNren bozeramaile Javier Esparzak ñabardurak egin zizkion alderdikideak esandakoari, eta adierazi zuen Resaren iritziak ez zetozela bat alderdiaren jarrerarekin. Voxek, berriz, zoriondu egin zuen alkatea, «ausarta izateagatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.