Harro platafomak salatu du Hezkuntza Legeak sistema pribatua «gizentzen» duela

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformaren ustez, ituntze sistema unibertsala legeztatzen du, eta ez du balio segregazioa amaitzeko. Legea bertan behera uztea galdegin du.

HARRO PLATAFORMA
Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformaren agerraldia Eusko Legebiltzarraren aurrean. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2023ko abenduaren 21a
13:10
Entzun

Euskal Eskola Publikoaz Harro Plataformak berriro altxatu du ahotsa EAEko Hezkuntza Legearen aurka. Oraingoan, Eusko Legebiltzarraren eraikinaren aurrera eraman du protesta, barruan legea onetsiko duen eztabaida hasi baino lehenago. Gaur San Tomas eguna dela baliatu dute protestaren leloa aukeratzeko –Hezkuntza lege txerri honi ez!–, eta kide bat txerriz mozorrotuta agertu da prentsaurrekoan. «Lege txerri honek marko legala jarriko du irakaskuntza pribatua gizendu dadin neurririk gabe, eskola publikoaren kaltetan», salatu dute plataformako ordezkariek. Eta galdegin dute legea bertan behera gelditzea eta eskola publikoa lehenestea «irakaskuntza zerbitzu publikoa hezkuntza sistemaren ardatz bihurtu dadin».

Uste dute hezkuntza sistema pribatizatzeko amarru bat dela legea, eta itunpeko sarearen interesei baino ez diela erantzuten. «Ituntze sistema unibertsala legeztatuko da, orain arte indarrean zeuden araudi guztien gainetik». Gainera, salatu dute kontsentsu sozialik gabekoa eta adostasun eskasekoa dela, eta gehienak aurka dituela hezkuntza publikoaren komunitatean. Deitoratu dute «alferrik» izan dela aurkakotasun hori sarritan adierazi izana legebiltzarrean egindako ekarpenetan eta kalean: «Entzungor egin diete mahai gainean jarritako proposamen guztiei».

«Iruzur handia da»

Hezkuntza legea «iruzur handia» dela ohartarazi du plataformak, ez duelako neurri eraginkorrik proposatzen eskola segregazioari aurre egiteko, ezta «ghetto» bihurtu diren ikastetxeen arazoa konpontzeko ere. Horren ildotik, gogoratu dute azken ikerketek berriro azaleratu dutela ikasleen jatorriak eta maila sozioekonomikoak eragin zuzena dutela ikaskuntza prozesuan eta emaitzetan.

Hizkuntza ereduen inguruan ere kritiko agertu dira Harro plataformakoak. Izan ere, uste dute bidea ematen duela ikastetxe bakoitzak nahi duen hizkuntza eredua ezartzeko, «B2 maila lortzeko bermerik eman gabe».

«Lotsagarri» irizten diote, halaber, alderdi politiko gehienek eztabaidan erakutsitako jokabideari, «hezkuntzaren benetako erronkak ezkutatu» dituztelako, eztabaidari uko egin diotelako eta gizartea «engainatu» dutelako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIA babestuz, harro herri! Martxoaren 14tik 24ra, ekarpenak saria du.