Osakidetzaren zaintza aringarri pediatrikoen mediku bati lan orduetatik kanpo haur bat artatzeagatik kargu hartu izanak hautsak harrotu ditu azken egunetan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo jakinarazi zuen zerbitzuan aldaketak egingo dituela: kasurik konplexuenak artatzeko egitura bat osatuko du, eguneko 24 orduetan etengabe ariko dena. Pediatrak berak ez ezik, Faltan Botatzen Dugu plataformak ere eman zuen medikuaren aurkako kargu hartzearen berri. Plataforma horrek ontzat jo du Jaurlaritzaren erabakia. Hala ere, gaur egun dakizkiten xehetasunak kontuan hartuta, tentuz jokatu behar dela ohartarazi dute plataformako kideek.
Ikusi gehiago
Faltan Botatzen Dugu plataforma profesionalen, pazienteen, zaintzaileen eta boluntarioen 30 erakundek osatzen dute. Ohar batean jakinarazi dutenez, «pozik» daude Osasun Sailak hartutako erabakiarekin. Izan ere, 24 orduko zerbitzu bat ezartzea arreta «benetan garrantzitsua» den lekuan jartzeko urratsa da. «Hil hurren dauden haurren beharrak eta haien familiak sostengatzea» dira, plataformaren iritziz, zerbitzuaren betebehar nagusiak. Gainera, plataformako kideek iritzi diote txalotzekoa dela Jaurlaritzak publikoki aitortu izana zaintza aringarri pediatrikoetako langileen lan karga eta zaintza horiek berregituratu behar direla.
Osasun Sailak azken orduetan hartutako erabakiak onurak dituela aitortu duen arren, plataformak xehetasun falta salatu du: «Zer neurri sartuko dituzte indarrean? Zer baliabiderekin? Zer epetan?». Izan ere, Osakidetzak «baliabiderik eza» zuela salatu zuen plataformak. Osakidetzak baliabide gutxi izatea ukatu zuen BERRIAri igorritako ohar batean. Are gehiago, «erreferentziazko unitate bat» dutela azpimarratu zuten. Gaur egun, zaintza aringarrien zerbitzuak 08:00 eta 15:00 arteko ordutegia du.
Faltan Botatzen Dugu plataformak ohartarazi du Osakidetzak berak «oso konplexutzat» dauzkala zaintza aringarri pediatrikoak. Hortaz, espero dute konplexutasun hori kontuan hartzea egun osoko zerbitzua egituratzeko orduan. Horiek horrela, Faltan Botatzen Dugu plataforma osatzen duten 50.000 kideek nabarmendu dute prest daudela Osakidetzarekin elkarlanean jarduteko.