Zaintza eraldatzeko herri konpromisoaren adierazpen bateratua, ardurak hartzea exijitzeko eta garaipen berriak sortzeko bertze urrats bat. Horrela irudikatu du Denon Bizitzak Erdigunean plataformak 2027ko apirilaren 17a. Manifestazio nazionalera dei egin du taldeak, sinetsita daudelako zaintza eraldatzeak sistema bera eta Euskal Herria eraldatzea dakarrela: «Jarrai dezagun elkarrekin zaintza sistema publiko eta komunitarioa lortu arte, segi dezagun Euskal Herria eraldatzen».
Ikusi gehiago
250 lagun inguru elkartu dira gaur Bilboko Unamuno Institutuan Denon Bizitzak Erdigunean dinamikak antolatutako jardunaldi nazionaletan. Agerraldia egin dute eguerdian, eta bertan iragarri dute mobilizazioa: «Euskal Herriko eragile eta norbanakoei dei egiten diegu zaintza sistema eraldatzeko konpromisoak hartzera eta 2027ko mobilizazioaren antolaketan parte hartzera». Gogoratu dute Euskal Herriko Mugimendu Feministak, hainbat eragile eta norbanakorekin batera, urteak daramatzala «zaintza eta lanaren banaketa sexuala politizatzen, zaintza lanak lan duinak izateko borrokan eta horien birbanaketa aldarrikatzen»; eta horretan jarraitzeko «konpromiso argia» berretsi dute.
«Mugarri garrantzitsu» bat ekarri dute gogora gero: 2023ko azaroaren 30eko greba orokorra. Biharamunean agerraldi bat egin zuten, Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzeko zaintzaz hitz egiteko mahai bat osatzeko. Halaber, Herri Akordio bat ere sortu zuten, askotariko eragile sozial eta sindikalekin, eta urteotan oinarri horren gainean egin dute lan. «Gaur, egindako bide hori elkarrekin gogoratuz, aurrera begira jarri gara. Askotariko eragileak elkartu gara hemen zaintzaren borroka ziklo berri honi bultzada emateko eta aurrerapausoak elkarrekin marrazteko», erran dute.
«Jarrai dezagun elkarrekin zaintza sistema publiko eta komunitarioa lortu arte, segi dezagun Euskal Herria eraldatzen»
DENON BIZITZAK ERDIGUNEANÂ
Esperientzia partekatu horiek oinarri, eta zaintza erdigunean jarrita, hiru ardatzi lotutako konpromisoak hartu dituzte: publifikazioa, pribilegio zuria eta gizonen pribilegioa. Hala, bertzeak bertze, konpromisoa hartu dute pribatizazioak salatzen dituzten edo zerbitzu publikoen defentsan antolatzen diren dinamikak sustatu edo horietan parte hartzeko;Â atzerritartasun legearen kontrako eta errolda sozialaren aldeko dinamikak sustatzeko edo horietan parte hartzeko; eragile mistoetako gizonek beraien pribilegioak eraldatzeko estrategia indibidual eta kolektiboak garatzeko; eta iragarritako mobilizazio nazionala indartzeko.
Erantzukizun eske
Barrura ez ezik, kanpora ere begiratu dute dinamikako kideek eta, bertze behin, Euskal Herriko instituzioei eta gobernuei interpelazio zuzena egin diete: «Ezin duzue ezer egin gabe jarraitu. Ezin duzue zaintza lanen pribatizazio eta merkantilizazioarekin jarraitu. Ezin diezue entzungor egin herri oso batek egindako aldarrikapenei. Ardura politikoa duzue, eta garaia da zuek ere zaintza eskubide kolektibo bilakatuko duten konpromisoak eta neurri eraginkorrak hartzeko».
Izan ere, 2023an, ez Nafarroako Gobernuak ezta Eusko Jaurlaritzak ere ez zioten erantzun zaintza mahaiaren eskaerari. Are, 2024ko apirilean agerraldi bat egin zuten salatzeko ez zela «ezer aldatu» greba feminista orokorra egin zutenetik. Erran zuten Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dituela «kontuan hartu», eta batak zein bertzeak zaintzaren inguruan aurkeztutako itunak kritikatu zituzten.Â
Justiziari ere erreparatu diote, eta gogoratu greba eguneko ekintzen harira, isunak eta salaketak jaso zituztela, eta hortaz, plataformako hainbat kidek epaitegietara joan behar izan dutela. Zumaiako (Gipuzkoa) feministak dira horietako batzuk, eta epaiaren zain daude oraindik, sei hilabete eta hiru urte bitarteko espetxe zigorrak jasotzeko arriskuan. «Antolakuntza eta desobedientzia jazartzen duen sistemaren aurrean, argi diogu: borrokan jarraituko dugu!», borobildu dute.
Konpromisoa
Egungo testuinguruari ere erreparatu diote, eta onartu ez dela «samurra»: «Faxismoaren eta jarrera autoritarioen gorakada bizitzen ari gara munduan, eta horrek ere badu isla gurean, Euskal Herrian». Are, nabarmendu dute diskurtso misoginoak, arrazistak eta klasistak indartzen ari direla, eskubide sozial eta kolektiboen kontrako erasoa areagotu egin direla, eta, gainera, zaintza lanen pisuak emakumeengan eta emakume arrazializatuengan jarraitzen duela, sistemak hala baimenduta. «Testuinguru horretan, are beharrezkoagoa da zaintzaren auzia erdigunean jartzea eta horrekiko konpromisoak hartzea. Elkarrekin ekitea».
Elkartasun horren adibide izan da, hain zuzen ere, Erroldarik Gabe Izaterik Ez plataformak deitutako giza katea. Errolda soziala babesteko deitu dute ekintza hori, eta bertan izan dira jardunaldian parte hartu dutenak.Â

Â