Zaintza sistema publikoa aldarrikatzeko mobilizazioak egingo dituzte martxoaren 16an

OPA herri plataformak mobilizatzera deitu ditu herritarrak, zainketa sistema integral, publiko eta kalitatezkoa aldarrikatzeko. Martxoaren 16an irtengo dira kalera Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

OPA herri plataforma
OPA herri plataformaren prentsaurrekoa, gaur, Errenterian. OPA HERRI PLATAFORMA
Irati Egibar Izeta
2024ko martxoaren 1a
14:35
Entzun

Zaintza sistema publikoaren aldeko aldarriek ez dute etenik; 2023ko apirilaren 22an eta azaroaren 11n manifestazioak egin eta gero, kaleak hartuko dituzte beste behin ere. OPA osasungintza publikoaren aldeko herri plataformak deituta, martxoaren 16rako Bilbon, Donostian, eta Gasteizen antolatu dituzten manifestazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Izan ere, gaur Errenterian (Gipuzkoa) prentsaurrekoa egin dute «euskal osasun sistema publikoak urteetan jasan duen narriadura plazaratzeko», eta aurrerantzean egingo dituzten mobilizazioen berri emateko. Bilbon eta Gasteizen 12:00etan egingo dituzte manifestazioak; Donostian, berriz, 17:00etan.

Manifestazioaren antolatzaileek irakurritako oharrean salatu dute Osakidetzaren egungo egoera «aspaldian egindako plangintza eta kudeaketa politiko arduragabearen eta negatiboaren emaitza» dela. Gaineratu dute osasun publikoaren murrizketa politikak ekarri duela espezialista batekin hitzordua izateko itxaron zerrendak izugarri luzatzea. Hori ikusirik, zaintza sistemaren eredua errotik aldatzea «behar-beharrezkoa» dela uste dute plataformako kideek.

Haien iritziz, guztiz publikoa den osasun sistema bat egituratu behar da; kalitatezko eta bidezko irisgarritasun unibertsala bermatuko duena. Batetik, uste dute osasun kudeaketako gardentasuna bermatu behar dela, «edonork ulertzeko moduko datuak emanez»; bestetik, gaineratu dute kudeaketa horrek demokratikoa izan behar duela, herritarren parte hartzea eta kontrola bermatuko dituena.

OPAko herri plataformako kideek bat egiten dute Mugimendu Feministak defendatzen duen zainketa sistema integral, publiko eta kalitatezkoaren borrokarekin. Bide horretan, hainbat oinarri zehaztu dituzte: «Mediku berak paziente baten osasun arazoen jarraipena egin ahal izatea; eskainitako zerbitzuak handitzea, osasunean ekitatea bermatzeko; sarbide ekitatea bermatzea, arreta presentziala lehenetsiz; eta antolatzeko autonomia zabala ematea, sistema publikoa herri txikien errealitateari egokituz». Herritarren hizkuntza eskubideak «erabat bermatzea» ere eskatu dute agirian.

Iztieta osasun etxea

Errenteriako erdialdean dagoen Iztietako osasun etxearen aurrean egin dute prentsaurrekoa. Izan ere, 71.300 herritar ingururentzako arta eskaintzen du Errenteriako osasun etxe horrek, baina behin baino gehiagotan gabeziak salatu dituzte bertako erabiltzaileek: besteak beste, medikurik ez egotea iluntzeetan eta asteburuetan. Horri aurre egiteko, 2023ko abenduaren 16an manifestazio jendetsua egin zuten, baita aurtengo otsailaren 3an ere. Sinadura bilketa bat ere egiten ari dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.