Zapatero errugabea dela esan dute PSE-EEko ordezkariek

Eneko Anduezak espero du Espainiako presidente ohiaren azalpenak «nahikoa» izatea absoluzioa lortzeko. Harago joan da Jesus Egiguren, eta «estatu kolpe batekin» lotu du kasua.

Eneko Andueza Eusko Legebiltzarraren atarian, gaur, kazetarien galderei erantzuten. L. RICO / EFE
Eneko Andueza Eusko Legebiltzarraren atarian, gaur, kazetarien galderei erantzuten. L. RICO / EFE
aitor biain
2026ko maiatzaren 21a
12:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kezka gero eta agerikoagoa da Madrilen Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente izandakoaren inputazioa dela eta. PSOEren barruan ez ezik, Pedro Sanchezen inbestidurako bazkideen artean ere zalantzak areagotzen ari dira, epaileak egozten dizkion gertakariak «oso larriak» direlakoan. Zuhurtzia eskatu dute EAJk eta EH Bilduk, ikerketak zer emango duen esperoan. Jarrera horietatik urrun, ordea, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sozialistak PSOEko buru izan zenaren alde agertu dira, eta, bat eginda, errugabea dela adierazi dute.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia izan da horietako bat. Eusko Legebiltzarrean hitz egin du Anduezak gaur goizean, eta, kazetarien galderei erantzunez, esan du lehen-lehenik justiziari dagokiola gertakariak ikertzea, eta Zapaterori bere burua defendatzea. Hala, espero du hark ekainaren 2an epailearen aurrean emango dituen azalpenak nahikoa izatea errugabetasuna frogatu eta «absolbitua» izateko.

Eta zera erantsi du Anduezak: «Justizian sinisten dut; beti sinistu dut, eta hala egiten jarraituko dut». Espainiako gobernuburu ohiak Euskal Herriarekin eta euskal gizartearekin dituen loturak ere nabarmendu ditu PSE-EEko buruak, eta esan du lotura horiek arlo «emozionaletik harago» doazela.

Gerra judizialetik harago

Pixka bat urrunago joan dira beste buruzagi batzuk. Jose Ignacio Asensio sozialisten Gipuzkoako buruak, esaterako, Zapaterorenganako «erabateko» konfiantza agertu du, eta zalantzan jarri du Jose Luis Calama Espainiako Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaileak kaleratutako autoa. Adierazi du «frogarik gabeko aieru multzo bat» dela, eta errugabetasun printzipioa ere urratu dezakeela tarte batzuetan. «Hasierako fasean gaude oraindik, baina ematen du jada zigortu egin dutela», gaitzetsi du.

Lawfare edo jazarpen judizialari lotutako kasu bat ote den galdetuta, ordea, Asensiok ez du hala «izendatu» nahi izan. Esan du prozesu judizialei «errespetu osoa» diela, baina salatu du batzuk eta besteak ez dituztela berdin tratatzen. «Agerikoa da hori», gehitu du, eta gogora ekarri du, hain zuzen ere, Alderdi Popularraren legez kontrako finantzaketaren harira, epaileek ez zutela argitu nor zen paperetan agertzen zen M. Rajoy hura.

«Estatu kolpe bat dago martxan legealdi osoan. Orain Zapaterori tokatu zaio, eta beste bati tokatuko zaio gero. [Pedro] Sanchezen atzetik dabiltza»

JESUS EGIGUREN PSE-EEko presidente ohia

Jesus Egigurenek, aldiz, bai, gerra judizialarekin lotu du zuzenean kasua. PSE-EEko presidente izandakoak ahoan bilorik gabe hitz egin du Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan, eta adierazi du hori baino gehiago dela: «Estatu kolpe bat dago martxan legealdi osoan. Orain Zapaterori tokatu zaio, eta beste bati tokatuko zaio gero, baina denak [Pedro] Sanchezen ingurukoak dira».

Haren hitzetan, Sanchez gobernutik kentzea baita mugimendu horien xedea: «Sanchezen atzetik dabiltza». Azpimarratu du «zenbait epaile, guardia zibil eta [Espainiako] estatuko aparatu batzuk gobernuaren aurka» daudela, eta horregatik erabaki dutela Espainiako gobernuburu izandakoari «jazartzea». Edonola ere, ziurtatu du Sanchezek amaitu egingo duela legealdia.

Egigurenek ez du zalantzan jarri nahi izan Zapateroren zintzotasuna, eta ez du uste legez kanpoko ezer egin duenik: «Ez dut uste hain tontoa denik». Baina zehaztu du ez dakiela «negozio horiek ondo dauden ala ez». Aitortu du, hori bai, «izugarrizko nahigabea» sentitu zuela albistearen berri izan zuenean, PSOEren barruan eta Madrilen zuen «lagun bakarra» delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE