Zauritua izan eta urtebetera, Ibarrak salatu du ez duela Ertzaintzaren barne ikerketaren berri

Falangearen ekitaldi baten harira protestan ari zelarik, foam jaurtigai batek masailezurra hautsi zion. «Lotsagabekeria» deritzo orain arteko prozesuari: «Gu kriminalizatzera jo dute».

Falangistak, Gasteizen, iaz. AITOR KARASATORRE / FOKU
Falangistak, Gasteizen, iaz. AITOR KARASATORRE / FOKU
gotzon hermosilla
2026ko urriaren 13a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela urtebete, Hispanitatearen Egunaren harira, Falange Espainola talde ultraeskuindarrak ekitaldi bat antolatu zuen Gasteizen, eta Ertzaintza gogor oldartu zen horren kontra protesta egitera joandako antifaxisten aurka: hemeretzi lagun atxilotu, eta hainbat zauritu ekarri zituen operazio polizialak. Aritz Ibarra ilustratzaileak izan zituen zauririk larrienak, ahoa birrindu eta masailezurra hautsi bazion Ertzaintzak botatako foam jaurtigai batek.

Urtebete geroago, zauriaren aztarnak agerian ditu Ibarrak: «Masailezurra osatzea oso prozesu geldoa da; sei hilabetez egon behar duzu hezurra osatu arte, eta gero hasten dira konpontze lanak». Duela hiru aste inguru aparailu bat jarri zioten ahoan, mugituta dituen hortzak birkokatzeko; pare bat urtez eraman beharko du, eta, ostean, kolpeak erauzi zion hortza berregiteari ekingo diote.

Ibarrak gertatutakoa salatu eta gutxira, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak iragarri zuen barne ikerketa abiaraziko zuela, «erabilitako indarra barne jarraibideekin bat etorri ote den» jakiteko. Ibarrak dioenez, orain arte ez du ikerketa horren berririk izan: «Urtebete honetan Poliziaren bortxarekin lotutako beste hainbat auzi egon dira, eta guztietan protokoloa berdina izaten da: barne ikerketa egingo dutela agintzen dute. ‘Hara, hau ezaguna egiten zait’, pentsatu ohi dut horrelakoak entzuten ditudanean. Seguru nago kolpea ertzain batek jaso izan balu hilabete baten buruan izango genituela horren inguruko argibide guztiak, baina urtebete geroago ez dakigu ezer ikerketa horretaz».

Ertzaintzak abiarazitako beste ikerketa batek egin du bidea epaitegietan: istiluetan parte hartzeaz akusatuta dauden antifaxisten ingurukoak. Ibarra ere sartu dute horretan, eta martxoan deklaratu zuen epailearen aurrean. Bitxia izan zen: epaileak bi auziak batzea erabaki zuenez, auzipetu eta biktima gisa deklaratu behar izan zuen.

Urriaren 12an, idazki bat plazaratu du Ibarrak sare sozialetan, urte honetan bizi izandako «lotsagabekeria» salatzeko: «Loiuko aireportuan [Global Sumud] Flotillako kideen kontra egin eta gero, [Segurtasun sailburu] Bingen Zupiria atera zen herriari errieta egitera. Gurean antzeko zerbait gertatu da: Falangearen jokabidea zuritu dute, ez dute armaturik eta liskar bila etorri zirenen kontra ezer egin, ez dute bakar bat ere identifikatu, eta, aldiz, hasieratik gu kriminalizatzera jo dute, faxistak eta antifaxistak berdintsuak garela eta horrelakoak esanez».

«Lezio moralik ez»

«Lezio moralik ez emateko» eskatu du Ibarrak bere idazkian: «Deklarazioetan, ertzainek sekulako gezurrak esan dituzte: haiek hiltzeko asmoa genuela, makilak generamatzala, nahiz eta irudietan argi agertu Falangekoak zirela makilak zeramatzaten bakarrak, inon agertu ez den gasolina pote bat bazegoela, nik bi harri bota nituela eta, ondorioz, bi ertzain zauritu zirela...».

Ibarrak dioenez, «ikaragarria da ikustea ustez eredugarri izan eta legea defendatu behar omen duten horiek nola jokatzen duten inolako irizpide moralik gabe eta gezur borobilak asmatuz. Horregatik esan dut idazkian: egin ditudanak eta egin ez ditudanak leporatuko dizkidazue, baina, mesedez, ez etorri ‘euskal gizartea gaixo dago’ esanez lezioak ematera, zuek demokrata eredugarriak izango bazinate bezala. Etor daitekeen zigorra baino jasangaitzago zait hori».

Ibarrak uste du faxismoaren mehatxua duela urtebete bezain agerikoa dela gaur egun. Eta beste mehatxu batez ohartarazi du: «Aurten, faxistak ez dira etorri, baina PSOEko ordezkariak ikusi ditugu hainbat lekutan, herri honetan hainbeste kalte egin duen Guardia Zibilari omenaldia egiten, eta badirudi hori ontzat ematen dugula. Horrek kezkatzen nau; azken finean, ultraeskuinaren asmoak aspalditik ezagutzen ditugu, eta urrutitik atzematen dira».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA