Ahoa birrinduta eta matrailezurra hautsita. Ertzaintzak gertutik jaurtitako pilotakada batek zauri larriak eragin zizkion Aritz Ibarrari, urriaren 12an Falange Espainolak Gasteizen eginiko manifestazioaren aurkako protestetan. Orain, ilustratzaile gasteiztarrak jakinarazi duenez, Ertzaintzak ikerketa abiatu du haren kontra, «eta egun hartan atxilotu zituzten gainerako guztien kontra». Hiru delitu egozten dizkiete: liskar nahaspilatsua, desordena publikoak eta agintearen aurkako atentatua.
Iragan ostiralean, U12 jazartuak. Inpunitaterik ez lelopean, dozenaka herritarrek gaitzetsi egin zuten Ertzaintzak urriaren 12an Gasteizen izandako «jarrera bortitz eta arduragabea». Agerraldi horren ostean jakinarazi zioten Ibarrari ikerketapean zegoela. «Elkarretaratzea amaituta, familiarekin batera joan nintzen trago bat hartzera», azaldu dio Ibarrak BERRIAri. «Taberna batean geundela, zenbait ertzain uniformedun hurbildu zitzaizkigun, eta esan zidaten haiekin joateko. Familiarengandik banandu ninduten, eta paretaren aurka jartzeko agindu: 'Badakizu zergatik gaude hemen, ezta?'. Nik erantzun nien baietz, banekiela: 'Aurpegia hautsi zenidatelako'. Ingurukoak urduri zeuden, gugana hurbildu nahian eta ertzainei kargu hartzen. Baten batek argazkiak ere egin zituen sakelakoarekin. Ertzainak orduan hasi ziren jendea identifikatzen; besteak beste, argazkiak atera zituzten horiek».
Ikusi gehiago
Ertzainetako batzuk «harropuzkeriaz» aritu zirela gehitu du Ibarrak: «Ni beldurtzeko eta estutzeko era izan zen. Kontuz zer esaten duzun, zure senideak ere identifikatuta baititugu. Hori adierazteko modu bat. Beren helburu bakarra izan balitz jakinarazpena ematea, beste era batera egin zezaketen: bakarrik nengoen une batean, adibidez. Baina ni lotsarazi eta beldurra eragin nahi zuten, eta horretarako egin zuten ikuskizun hura, senideen eta bizilagunen aurrean».
Urriaren 12ko eta iragan ostiraleko «sustoa» pasatuta, «apurka-apurka hobeto» dagoela onartu du ilustratzaile Gasteiztarrak: «Jasotako babes adierazpenekin pozik». Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren komunikaziorik eza txarretsi du: «Astebete pasatu da masailezurra hautsi zidatenetik, eta ez dut inongo mezurik jaso Eusko Jaurlaritzaren edo beste edozein instituzioren aldetik. Eta, hara non, haiekin izan dudan hartu-eman bakarra izan da Ertzaintzarekin ostiralean izandakoa».
Ikusi gehiago
Ibarraren ustez, Eusko Jaurlaritza «lotsagarri» aritu da egunotan, «faxistak eta antifaxistak parekatuz»: «Parez pare jarri dituzte, alde batetik, Gasteizera etorri zirenak armatuta eta diktadura baten apologia egitera, eta bestetik, eskubide nazional zein sozialen alde esku hutsik atera ginen biztanleak. Niretzat, Jaurlaritzak hartu duen jarrera hori negargarria da: beren erosotasuna eta utzikeria mozorrotu nahi dituzte horrela», esplikatu du.
Jaurlaritza: «Faxismoaren aurka denak ez du balio»
Falange Espainolaren manifestazioa eta haren aurkako protestetan Ertzaintzak izandako jokabidea hizpide izan ditu gaur Maria Ubarretxenak, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Onda Vasca irratian egin dioten elkarrizketan. Ubarretxearen esanetan, Jaurlaritzak «kezkaz» begiratzen die «indarkeria agerraldi antolatuei». Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak aurreko astean egin bezala, alde bat eta bestea parekatu ditu eledunak: «Faxismoaren aurka denak ez du balio, eta ezin da indarkeria erabili». Bozeramailearen ustez, gainera, indarkeria hori «balekotzat» jotzen duten diskurtsoak ugaritu egin dira azkenaldian: «Sistema demokratiko batean ez genuke ezein jokabide bortitz banalizatu behar».
Antzeko argudioak eman ditu Joseba Diez Antxustegik, EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan: «Nigatik balitz, Falangearen manifestazioa debekatuko litzateke, eta baita ongietorriak ere, baina ezin da». Diez Antxustegiren esanetan, erakunde publikoek «legeak eta oinarrizko eskubideak» errespetatu behar dituzte: «Ez dugu gustuko Falange Gasteizen manifestatzea, baina tamalez, legezko alderdi bat da, eta eskubidea du elkarretaratzeak egiteko».