Eusko Jaurlaritzak joan den astean aurkeztu zuen Gazte Justiziaren VI. Plana, delitugile adingabeak gizarteratzea eta haien eskubideak bermatzea helburu duena. Besteak beste, delituak behin eta berriz egiten dituztenen kopurua %10era murriztu nahi dute hurrengo lau urteetan. Horretarako, adingabeen zentroen sareak indartu asmo dituzte, eta, besteak beste, 43 milioi euro jarriko dira Zumarragako (Gipuzkoa) Ibaiondo zentroa hobetzeko. Hartako langileek, ordea, ohartarazi dute nekez beteko direla helburuak langileen eskariak aintzat hartzen ez badira. Lan baldintza «sostengaezinak» dituztela salatu dute, eta prestakuntza falta dutela nabarmen.
Langileek Eusko Legebiltzarraren aurrera eraman dute protesta gaur goizean, Maria Jesus San Jose Justizia sailburua agerraldia egitekoa zela baliatuta. Salatu dute Jaurlaritzak hezitzaileen bizkar utzi duela adingabeak gizarteratzeko ardura, eta langile horien baldintzak okertzen ari direla. «Delituen errepikatze tasaren jaitsiera ez da dokumentu baten lorpena: baldintza gero eta eskasagoetan eta erakundeek eman beharreko babesik gabe lan egiten duten taldeek egindako urteetako lanaren ondorio da», adierazi dute.
Ibaiondo da zigor gogorrenak dituzten adingabeak hartzen dituen zentro bakarra Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Lantaldea zahartzen ari dela eta, hezitzaileak kexu dira errelebo faltaz. Adierazi dutenez, «urteak» daramatzate «higadura fisiko eta emozionala metatzen». Hori dela eta, Justizia Sailari eskatu diote eser dadila langile batzordeak txanda gogorrenetarako egindako proposamena negoziatzera. Izan ere, salatu dute zentrora doazen gazteen ezaugarriak aldatzen ari direla, eta langileek ez dutela berariazko prestakuntzarik jaso. Ohartarazi dute horrek talka egiten duela plan berrian jasotako helburuekin.
Joera berriei erantzun
Justizia batzordean egindako agerraldian, sailburuak esan du negoziazioak abiatu dituztela 2019an sinatu zuten lan ituna «berrikusteko». Eta zehaztu du Jaurlaritzako sail batek baino gehiagok parte hartzen dutela elkarrizketa horietan, langile publikoen lan baldintzak zehazten direlako. Hala ere, azpimarratu du Ibaiondon dagokien baino hezitzaile gehiago dituztela; araudiaren arabera berrogei profesional egokitzen zaizkie, baina gaur egun 65 dituzte.
Nolanahi ere, bat etorri da profesionalak trebatu behar direla. Eta, bide horretan, jakinarazi du Kriminologiaren Euskal Institutuari etengabeko formakuntza plan bat egiteko eskatu diotela. Izan ere, gogorarazi du plan berriaren helburuetako bat egungo erronkei erantzutea dela, delitugileen soslaia aldatzen ari denez gero. Aldagaien artean aipatu ditu, besteak beste, teknologia berrien eragina, drogen kontsumoa, buru osasuneko arazoen areagotzea eta indarkeria matxista.
Berretsi du, hala ere, gazteen justizia sistema «esku hartze publiko hezitzailean» oinarritzen dela, ez «zigor penal hutsean», eta plan berriak eredu horretan sakondu asmo duela. Azpimarratu du azken helburua delituak behin eta berriz egiten dituztenen kopurua murriztea dela, «adingabe bakoitzaren beharretara» egokitutako neurrien bitartez. Eredu horri esker kopurua %13tik %11ra jaitsi dela ere nabarmendu du. «Nire ustez, hori da arrakastaren adierazle nagusia», esan du.
Are gehiago, iritzi dio adingabeen harrera eta babes sistema egokia denez gero 18 urtetik beherako nerabe gehiago iristen direla Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara, eta, beraz, normala dela beste lurralde batzuetan baino gehiago izatea delituak egiten dituzten adingabeak. «Ez gaude kontrolik gabeko arazo estruktural baten aurrean, batzuek hala erakutsi nahi badute ere. Nolanahi ere, sistema prest dago egokitzeko eta erantzuteko».
Sailburuak esan du prebentzioa, erakundeen arteko koordinazioa eta arreta pertsonalizatua direla planaren oinarriak, baita gardentasuna eta etengabeko ebaluazioa ere. Urtebete barru egingo da planaren lehen balorazioa, 2027an, helburuak betetzen ari ote diren aztertzeko; eta 2029an egingo da amaierakoa, hurrengoa ondu aurretik. «Plana ezarri eta arrakasta izatea da gure nahia, gazte justizia indartzeko eta guztiontzako gizarte bidezkoagoa, inklusiboagoa eta seguruagoa lortzen laguntzeko».