Igandean Gasteizen Hispanitatearen Egunaren harira izandako liskarrek soka luzea ekarri dute. Falange Espainola eskuin muturreko taldeak antolatutako mobilizazioek antifaxisten erantzuna izan zuten, eta Ertzaintza antifaxisten aurka oldartu zen. Liskar gogorrak izan ziren. Hemeretzi pertsona atxilotu zituzten, eta guztiak aske geratu ziren iluntzean, desordena publikoagatik auziak irekita. «Begi bistakoa da ez ginela gai izan segurtasuna bermatzeko», adierazi du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburuak.
Ikusi gehiago
Sailburuak propio deitu ditu hedabideak arratsaldean, Ricardo Ituarte Segurtasun sailburuordeak esan ostean «euskal faxistak» izan zirela oldarraldia eragin zutenak. «Onartezintzat» jo ditu hitzok EH Bilduk, eta atzera egiteko exijitu: «Zuhurtziarik gabeak eta lekuz kanpokoak izan dira, eta nahasmendua eta tentsioa besterik ez dute eragin». Koalizio subiranistak azalpenak eskatu dizkio Segurtasun Sailari. Eta Sumarrek ere bai: galdera sorta bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, Segurtasun Sailak Falangearen ekitaldiaren, hura baimentzeko protokoloaren eta polizia operazioaren inguruko informazioa eman dezan.
«Erantzule bakarrak dira euren jokabide bortitz eta totalitarioarekin atzo herritarrak arriskuan jarri eta hiri ondare publiko eta pribatuari kalte egin ziotenak», esan du Zupiriak agerraldian, eta erantsi gertatutakoa ez zela izan «kontzentrazio faxista baten aurrean antifaxismoak egindako gauza bat-bateko bat». Haren hitzetan, «atzoko irudiek argi eta garbi erakusten dute atzean zerbait antolatua» dagoela, «aldez aurretik prestatutakoa».
Espainiaren batasuna ez da ez bozkatzen ez negoziatzen lelopean, Falangeak Gasteizen egin zuen atzo Hispanitatearen Eguneko bere ekitaldi nagusia, eta horrek eskuin muturreko taldearen kontrako mobilizazioak eragin zituen. Besteak beste, Ernaik, GKSk eta Jarkik egin zuten protestarako deia, eta istiluak izan ziren. Manifestariek harriak eta objektuak jaurti zituzten, eta Poliziak foam balak eta negar gasa erabili zituen. Hainbat lagun zauritu ziren: bi aldeetako manifestariak, ertzainak —hogei, Segurtasun Sailaren arabera— eta kazetari bat ere bai, gutxienez.
«Lan profesionala»
«Uste dut gertakizun horiek Ertzaintza behartzen dutela jokabide horiek modurik zehatzenean aztertzera eta erantzun egokiak ematera», esan du Zupiriak. Izan ere, Ertzaintzak egindako lana babestu du, euren «lan profesionala» goraipatuz eta «egoera zail batean izandako portaera duina» nabarmenduz. Era berean, aipatu du poliziaren buruek «egokiena» iruditu zitzaien esku hartzea ezarri zutela, eta konfiantza duela euren irizpideetan, bera ez baita «espezialista» horrelako operatiboetan. Jakinarazi du Ertzaintza atzoko irudiak aztertzen ari dela, «hurrengoetarako zerbait zuzendu edo hobetu» daitekeen ikusteko.
Ertzaintzako sindikatu korporatiboek, baina, haren kudeaketa kritikatu dute. Euspelek eta Sipek salatu dute operazioan hutsegiteak izan zirela, eta agerian geratu direla agente falta eta aurreikuspen eta koordinaziorik eza. Ernek, bestalde, Ertzaintzako arduradunen dimisioa nahi du.
Zupiriak esan du Falangearen atzoko ekitaldia «legezkoa» zela, «gustatu ala ez gustatu», eta bera, Segurtasun sailburu gisa, ez dela inor manifestazioak edo alderdi politikoak debekatzeko. Gogoratu du auzitegiei dagokiela horrelako ekitaldiak debekatzea eta alderdien esku dagoela legea aldatzea, «gauzak beste modu batera izan daitezen». Ildo horretatik, harago joan da Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia: Falangea legez kanporatzeko eskatu du, SER katean egindako elkarrizketa batean.
«Gure gizartean badago diskurtso antifaxista bat, indarkeria erabiltzea justifikatzen duena, eta hori onartezina da», esan du Zupiriak. Haren hitzetan, ezin zaio «inportantzia» kendu gertakizun horietan indarkeria erabiltzeari, eta ezin da onartu «indarkeriaren erabilera zuritzen edo indarkeriaren erabilerari garrantzia kentzen diotenen diskurtsoa».