Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak Ernairi erantzun dio, azken asteetan gazte mugimenduak bere gain hartu dituen pintaketen eta bestelako ekintzen harira: «Ernaik bera kriminalizatzeaz akusatzen du mundu guztia, baina ekintza biolentoak egiten dituztenak kriminalizatzen dira, edota indarrean dauden arauak hausten dituztenak». Segurtasun sailburuak «errealitatea deformatzea eta lengoaia perbertitzea» ere egotzi dio Ernairi, eta Gasteizen urriaren 12an Falangearen kontra izandako protestekin lotu ditu adierazpenok. «Hori esatea zera esatea bezalakoa da, urriaren 12an Gasteizen istilu hura eragin zutenak kriminalizatzen ditugula. Ez, haiek kriminalizatzen dute beren burua. Haiek egin zuten eraso, haiek eragin zuten istilu hura Gasteizen, ez Ertzaintzak. Baina errealitatearen distortsio bat dago, intentzio bat ikusarazteko gauzak beste modu batean gertatu zirela, eta ez benetan gertatu ziren bezala».
Protesta hartan hainbat lagun zauritu zituen Ertzaintzak, baina Zupiriak Falangearen kontra protesta egin zutenengan jarri du fokua Radio Vitorian egin dioten elkarrizketan: «Protesta haietan pertsona batzuek ekintza biolentoak justifikatu zituzten aurrean zeudenak faxistak edo falangistak zirela esanda».
Ernaik azaldu zuen pasa den asteko ekintzak —Ribabellosan Osborne zezena eraistea eta Gernikako juntetxetik Espainiako bandera kentzea, kasu— Espainiako Konstituzioaren urtemugaren harira antolatu zituztela, «faxismoaren aurka» egiteko eta Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzeko. Baina Zupiriak Gasteizko gertaerak lotu ditu pasa den astean Ernaik bere gain hartutako beste ekintza horiekin. «Gazte independentistak egotea eta haien ideologia erakutsi eta adieraztea ondo iruditzen zait, baina haien ekintzek auzitan jartzen badituzte elkarri eman dizkiogun arauak eta besteekiko errespetua, uste dut eremu arriskutsu batean sartzen garela».
Zupiriak kezka agertu du Ernaik ekintza horiei lotuta adierazitako helburuengatik eta helburu horiek lortzeko bitartekoengatik: «Hori ez da ezer berria herri honetan, eta ETAren sorburuan egon zen». Ñabardura egin du gero: «Ez dut konparatu nahi, eta ez dut esan nahi ETAren sorburuan gaudenik». Esan du edozein kausa demokratikoki defendatzea zilegia iruditzen zaiola, «bizikidetza eta gure artean bizitzeko elkarri eman dizkiogun arauak auzitan jartzen ez badira». Kezkagarria iruditzen zaio, beraz, segurtasunaren eta bizikidetzaren ikuspegitik, «talde edota pertsona batzuek pentsatzea indarkeria balia daitekeela ideologia batzuei edo jarrera politiko batzuei aurre egiteko».
Sortu eta EH Bildu
Sorturi eta EH Bilduri egin die erreferentzia gero: «Ez naiz Sortu edo EH Bildu akusatzen ari biolentzia erabiltzeaz edo sustatzeaz, baina, gauza batzuekin bat etorri ezean, oso exijentea eta kritikoa izan behar da indarkeria erabiltzen den bakoitzean edota bizikidetzaren kontrako ekintzak egiten diren bakoitzean, ekintza horiek txikiak izanik ere».
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere EH Bildurengan eta Sorturengan jarri du arreta Ernairen azken ekintzen harira. Correo taldeak antolatutako jardunaldi batzuetan zera esan du kazetarien galderei erantzunez: «Dei egiten diet Sortukoei, EH Bilduren zuzendaritzaren nukleoari, Ernairen erasoen aurrean erantzun egin dezaten, ezin baitituzte eskuak garbitu».
Oinarri etiko bat blindatzeko ere eskatu die alderdi politiko guztiei, mehatxuak, erasoak eta irainak bazter daitezen. «Errotik moztu behar ditugu, eta demokratikoki borrokatu, azkenaldian polarizazioa eta lubaki berriak sortzea helburu duten mugimenduak».
Banalizazioaren kezka
Pradalesek dei egin du, halaber, «indarkeriaren banalizazioan» ez erortzera: «Onartezina da Ernairen jokabidea, eta Ernai Sorturen gazte mugimendua da, hau da, Bilduren zuzendaritzaren nukleoa».
Onartezina iruditzen zaio Ernaik alderdi politiko baten kontrako eraso bat bere gain hartzea eta «bere alderdi politikoko zuzendaritzak» ezer ez egitea: «Hau ez da onargarria demokrazian, sentitzen dut, baina ez da onargarria. Bilduren zuzendaritza nukleoak ezin ditu eskuak garbitu auzi honetan. Are gehiago, uste dut lehenak izan beharko luketela halakoak eteten eta argi esaten hori ez dela bidea».
GKS eta Ernairen arteko balizko lehiaz ere galdetu diote lehendakariari, eta hark uste du badagoela lehia bat: «Uste dut Ernai urduri dagoela GKSren sorpasso-arengatik. Hori gertatzen ari dela uste dut. Herri honetan gaindituta zeuden dinamika batzuetan sartzea oso arriskutsua iruditzen zait. Horregatik EH Bilduren zuzendaritza nukleoari, alegia, Sorturi, zeinaren menpekoa den gazte mugimendu hori, hori argi azal dadin exijitu behar diogu».
Ildo horretan, Pello Otxandiano EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko eledunak auzi honi buruz esan zuen Ernai ez dela EH Bilduren parte, erakunde burujabea dela, eta hura dela egiten dituen ekintzen erantzulea. «Batzuk ahalegintzen dira EH Bildu interpelatzen EH Bilduren ardura ez diren auziengatik».
Bai Aitor Esteban EAJren EBBko lehendakariak atzo, bai Maitane Ipiñazar EAJren EBBko idazkariak gaur, adierazpen horri erantzun diote. «Gizarteari adarra jotzea da», esan du Ipiñazarrek Euskadi Irratian, Ernaik EH Bildurekin lotura duela erantsita. «Kezkaz ikusten dugu Ernaik pentsatzea faxismoari aurre egitea hori dela, halako ekintzak egitea, eta gu ez gaude ados».