Zupiriak Ertzaintzaren jokabidea deitoratu du, baina «probokazioak» ere kritikatu ditu

Segurtasun sailburuak bere gain hartu du Loiun izandako oldarraldiaren erantzukizuna: esan du hori ez dela «gatazkak konpontzeko modua» eta irudiek kezka eragiten diotela. EH Bilduk «lotsagarritzat» eta «mugarritzat» jo du gertatutakoa.

Zupiria, gaur, Durangon. ANDONI CANELLADA / FOKU
Zupiria, gaur, Durangon. ANDONI CANELLADA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko maiatzaren 24a
14:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zeresan handia ematen ari da Ertzaintzak atzo Loiuko aireportuan izandako jokabidea. Gaur, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak han izandako «oldarraldiak eta bizitako egoerak» deitoratu ditu; esan du hori ez dela «gatazkak konpontzeko modua», eta irudiek kezka eragiten diotela. Dena den, jokabide batzuk «probokazio hutsa» izan zirela esan du, eta kritikatu egin ditu.

Turkiatik Euskal Herrira ailegatu berritan, Global Sumud Flotillako kideen aurka oldartu ziren poliziak, eta flotillako bi kide eta harrera egitera joandako beste bi lagun atxilotu zituzten. Arratsaldean askatu zituzten laurak.

Ikusi gehiago

Sailburuak Gernika-Lumon (Bizkaia) egin ditu adierazpenak. Adierazi du atzokoa egun konplikatua izan zela «Euskadiko segurtasunarentzat», Loiuko harreraz gain beste zenbait ekitaldi eta manifestazio izan zirelako. Azaldu duenez, Loiuko esku hartzeak bi helburu zituen: flotillako kideei harrera egin nahi zietenek hala egitea, eta aireportutik irteten ari ziren bidaiariek ere normaltasunez jarraitzea euren bideari. Aitortu du «agerikoa» dela ez zutela ez helburu bat ez bestea bete.

«Sentitzen dut atzo gertatutakoa;, gainera, bi bider. Gertakariak, oldarraldiak eta bizi izandako egoerak deitoratzen ditut, bereziki, adostuta zegoelako egoera hori nola kudeatu behar zen», kontatu du, azpimarratuz Ertzaintzak, aireportuko arduradunek eta harrera egiten ari ziren lagunen ordezkariek hitz egin zutela aurretik. «Beraz, gertatu zenak ez zukeen gertatu beharko».

«Egia da, zenbait probokazio eta bultzadaren ondorioz, egoera hori gertatu zela»

BINGEN ZUPIRIA Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua

Zupiriak harrera egitera joandako lagunei ere egotzi die erantzukizuna: «Egia da, zenbait probokazio eta bultzadaren ondorioz, egoera hori gertatu zela, zeinak ez dion mesederik egiten ez herriari, ez Ertzaintzari, ez gizarteari orokorrean». Dena den, gehitu du hori ez dela gatazkak konpontzeko modua, eta gertatutakoak agerian uzten duela «guztiok ez dakigula egoera batzuk normaltasunez kudeatzen».

Zupiriak «lehen pertsonan» hartu du bere gain Ertzaintzaren jokabidearen ardura, eta esan du ikertuko dutela ea han izan ziren ertzainen esku hartzea egokia izan zen ala ez. Hori bai, «egoera eragin zuten pertsona batzuen jokabidea» ere aztertuko dutela gehitu du.

Ertzaintzaren oldarraldiak zeresana eman du nazioartean ere. Horri buruz galdetuta, erantzun du Ertzaintza dela, «autogobernuko erakundeen artean gizartean konfiantza handiena eragiten dutenetako bat». Aitortu du, ordea, kezka eragiten diola «gure herria eta gure Polizia» atzo bizitako egoerekin lotuta agertzeak: «Badakit Palestinako herriaren auziak Europa osoan sentsibilitate handia sortzen duela, bereziki Euskadin, eta, ondorioz, irudi horiek kezka eragiten didate».

EH Bilduren analisia

EH Bilduko eledun Pello Otxandianok sare sozialetan zabaldu du Loiuko gertaeren inguruko bere analisia. «Erantzukizunak bere gain hartzea espero da edozein arduradun publikoren partetik, eta Zupiria sailburuak dagokiona egin du ardurak lehen pertsonan hartuta», idatzi du X sarean. «Loiun gertatutakoa lotsagarria da, baita nazioartean ere, eta ez du ihesbiderik ezta aitzakiarik onartzen: ez zen inolako probokaziorik egon, eta gertatutakoa erabat onartezina da».

Otxandianoren ustez, Ertzaintzaren oldarraldi horrek «mugarri bat» ezarri du, eta poliziari ereduaren eztabaidairi eutsi dio. «Atzokoak berriz ere agerian utzi du polizia ereduarekin arazo larria dagoela. Ez delako gertaera isolatu bat, Gasteizen ere ikusi den bezala. Erantzukizunak onartzeak berekin ekarri beharko luke presazko neurriak hartzea. Arazoa ukatzetik arazoa aitortzera pasa behar da Eusko Jaurlaritza».

Ziurtatu du, halaber, «konponbideak» bilatzen dituen eragile politiko bat dela EH Bildu, eta aspalditik ari dela koalizio abertzalea arlo horretan lanean. Gainera, iragarri du «laster ekarpen berri bat» egingo diotela polizia ereduaren eztabaidari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE