Palestinaren alde eta Israel egiten ari den genozidioaren kontra, lantokiak hustu eta kaleak hartu zituzten atzo milaka eta milaka herritarrek. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gaur adierazi duenez, mobilizazioak normaltasunez egin ziren. Hala ere, esan du «jakinarazi gabeko bost manifestazio» egon zirela, guztiak «talde alegalek» deituta. Are gehiago, zera zehaztu du: «Joan den igandeko Gasteizko istiluak eragin zituzten talde berberek edo talde horietako kideek deituta».
Ikusi gehiago
Eusko Legebiltzarraren sarreran egin ditu adierazpenok Segurtasun sailburuak. Haren hitzetan, jakinarazi gabeko manifestazioak egiteaz gain, «hainbat tokitan kaleak moztu eta eserialdiak» egin zituzten. «Nahiz eta organizazio alegalak izan eta jakinarazi gabeko manifestazioak izan, Ertzaintzak erabaki zuen horiek ez debekatzea, ezta eragoztea ere, istilu handiagorik egon ez zedin», esan du.
Zupiriak adierazi du EAEn bermatuta dagoela manifestaziorako eskubidea, eta «denen obligazioa» dela hori hala izatea. Erantsi du Ertzaintzak horretarako egiten duela lan, baina «elkarbizitza demokratikoa denen kontua» dela.
36 lagun identifikatu zituzten atzo, «istilu txikietan» parte hartzeagatik. Zupiriak esan du ez zutela inor atxilotu.