Milaka lagunek hartu zituzten atzo Hego Euskal Herriko kaleak, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko. Goizean, sindikatu nagusiek deituta, protesta jendetsuak egin zituzten hiriburuetan, eta arratsaldean, Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta Gernika-Palestina herri mugimenduak deituta, manifestazioak eta eltze jotzeak egin zituzten. Bada, Palestinarekin Elkartasunak egunaren balorazioa egin du ohar bidez, eta azaldu atzoko lanuztea «partziala eta sinbolikoa» izan zen arren herritarrek «era masiboan» erantzun zutela: «Horrek erakusten du Palestinaren alde ekoizpena blokeatu dezakeen greba orokorra egiteko modua badagoela. Testuinguruak hala eskatzen duen momentu batean, sindikatuek ez liokete entzungor egin behar langile askoren eskakizun horri».
Atzoko mobilizazioak jendetsuak izan baziren ere, ez zen protesta bateraturik egon: goizean ELAk bere aldetik egin zuen protesta, eta LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Solidari, Etxalde eta Hiru sindikatuak, berriz, elkarrekin atera ziren kalera; Ikama ikasle taldeak bloke propioa egin zuen mobilizazio bateratuan, eta Ikasle Abertzaleek manifestazio propioak egin zituzten. Palestinarekin Elkartasuna plataformak, berriz, bloke kritikoa osatu zuen sindikatuek deitutako goizeko mobilizazioan, Iruñean, eta arratsaldean, berriz, manifestazioak egin zituzten hiriburuetan. Gernika-Palestina herri mugimenduak deituta, azkenik, eltze jotzeak antolatu zituzten udaletxeen aitzinean.
Ikusi gehiago
Halere, Palestinarekin Elkartasuna plataformak nabarmendu du «argi» gelditu dela «genozidioa behin betiko gelditzeko eta Israelekin harreman oro eteteko aldarriak indar handia» duela. Kaleak «ekimen desobedienteen bidez» hartu zirela erran du plataformak: «Izan ere, hori da langileok gure eskura dugun tresna nagusietako bat: Israelera doazen armen eta trenen ekoizpena etetea eta hiri eta herrietako normaltasuna haustea».
Egun osoan Poliziak izandako jarrera ere salatu dute, eta identifikatuei elkartasuna adierazi. Oharrean esplikatu dutenez, Iruñeko mobilizazioan manifestariak «Israelen konplize diren enpresen aurkako seinalamenduak» egiten ari ziren, eta haiei jazarri egin zitzaien Polizia; ondorioz, manifestazioa bitan zatitu zen. «Genozidioa eta kolonizazioa gelditzeko, ezinbestekoa da konplizeak diren enpresa, instituzio eta alderdiak seinalatzea, eta horren inguruan Poliziak izandako jarrera onartezinak ezbaian jarri du manifestari guztien segurtasuna», adierazi dute.
Halaber, Donostiako mobilizazioan ere egon zen gorabeherarik: manifestazioaren hondarrean komunikatua irakurri zuen pertsonaren gibeletik joan ziren ertzainak, plataformak erran duenez, eta taberna batean atxiki zuten.
«Egun historikoa»
Alderdi politikoek ere izan dute zer esan. Mikel Zabaleta Nafarroako Parlamentuko EH Bilduko hautetsiak «egun historikotzat» jo du atzokoa. Haren arabera, «garai berezi bat» da oraingoa: «Astelehenean Egipton sinatutako akordioak ez du bermatzen gatazka luze honi irtenbidea ematea, ezta bake justu eta iraunkorra ere». Hori dela eta, nabarmendu du «herritarren protestak eta nazioarteko presioa» ezinbestekoak direla oraindik ere.
Koalizio subiranistako hautetsiak adierazi du bere egin dutela atzo euskal gizarteak «kaleetan, ikastetxeetan, erakundeetan, udaletan eta mobilizazioetan» zabaldutako mezua, eta erantsi euren gain hartuko dutela erantzukizun hori. «EH Bilduk ahal duen guztia egiten jarraituko du genozidioa gelditzeko, herri palestinarraren askatasunaren alde eta Israelgo erregimena isolatzeko», azpimarratu du.
Aitor Esteban EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, bestalde, uste du atzoko lanuzteak ez duela eragin politikorik izango Palestinan, erantzuna «harro egoteko modukoa» izan arren. Gaur goizean Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Estebanek esan du badagoela «Palestinako herriaren inguruko sentsibilitate» bat: «Jendeak erreakzionatu egin du, eta harro egoteko arrazoia da. Orain, eraginik izango ote duen... Ez dut uste Israel guri begira dagoenik. Salaketak egin egin behar dira, baina greba egiteagatik ez dugu lehenago lortuko bake sendorik».
ELA sindikatuak Sabin Etxean amaitu zuen manifestazioa atzo, eta «Europako erakundeen, Espainiako Gobernuaren eta euskal instituzioen hipokrisia» salatu zuen. Estebanek «deigarritzat» jo du batzuek pentsatzea «kausa batzuk eurenak besterik ez direla». Ildo horretatik, esan du EAJk argi esan izan duela «sarraski bat» gertatzen ari dela eta ez dagoela ados Israelgo Gobernuarekin.
Enpresen erabakia
EAJko presidentearen hitzetan, Palestinako egoera «oraindik nahiko zaila» da, eta ikusi beharko da nola egiten duen aurrera. Horrez gain, lanuzteen deitzaileek Israelekiko harreman ekonomikoak hausteko egindako eskaeraren inguruan, esan du enpresa bakoitzak aztertu beharko duela ea egoera horri «eusteko gai» izango litzatekeen.
ELA sindikatuak Estebanen diskurtso «anbiguoa» kritikatu du. Radio Euskadin izan da sindikatuko idazkari nagusi Mitxel Lakuntza, eta esan du EAJk bere burua aipatutzat jo beharko lukeela, Eusko Jaurlaritzan daudelako: «Zerbait esan beharko dute gobernuek Israelgo enpresekin duten harremanaz».
Lakuntzak esan du ez dagoela inongo justifikaziorik Israelekin inolako harreman komertzial edo ekonomikorik izateko. Jaurlaritzari eskatu dio «gardentasun ariketa bat» egin dezala, eta herritarrei informazioa eman diezaiela, «Israelekin zer-nolako harremanak dituzten» azaltzeko.
Atzoko lanuzteei dagokienez, ELAko idazkari nagusiak esan du argi utzi dutela Euskal Herrian badagoela Palestinarekiko elkartasun bat, eta mobilizazioek erakutsi dutela «politikarien, erakundeen eta enpresen gaineko exijentzia» areagotu beharra dagoela. «Estatu genozidarekiko harreman ekonomiko, komertzial eta diplomatiko oro eten behar da; Israeli ezin zaio ezer erosi edo saldu, mundu guztiaren begietara genozidioa egiten ari baita», nabarmendu du.