Lantokiak utzita, milaka lagun kalera atera dira gaur Hego Euskal Herrian, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko. Sindikatu nagusiek deituta, protesta jendetsuak egin dituzte hiri eta herri askotan, Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatzeko eta nazioarteari Israelen aurkako presioa areagotu dezala eskatzeko. Elkartasun ariketa «erraldoia» izan dela nabarmendu dute mobilizazioen antolatzaileek.
Protesta ekintzak ugariak izan dira herri eta eskualde guztietan, baina sindikatuek Hegoaldeko lau hiriburuetan egin dituzte manifestazio nagusiak. Iruñean, Gasteizen, Donostian eta Bilbon, jende andana batu da sindikatuek antolatutako manifestazioetan. Zutabeetan banatuta hasi dituzte asko, eta gero denak elkarrekin egin dute bidea, aldarria ozen entzun zedin. Su etena indarrean badago ere, bakea ez baitago bermatuta Ekialde Hurbilean.
Dena den, argazki bateraturik ez da izan, ELAk bere aldetik egin baitu protesta. LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Solidari, Etxalde eta Hiru sindikatuak, berriz, elkarrekin atera dira kalera. Batzuek eta besteek Bilbon egin dute ekitaldi nagusia, eta mezua ere bera izan da bietan: Israelekin eta hango enpresekin dituzten harremanak eteteko eskatu diete erakunde publikoei eta patronalei.
110.000Goizeko manifestazioetako parte hartzaileak, LABen arabera LAB sindikatuaren arabera, guztira 110.000 pertsona bildu dira Hego Euskal Herrian goizez eginiko manifestazioetan.
Garbiñe Aranburu LAB sindikatuaren koordinatzaile nagusiak eskatu du Israelen aurkako presioa areagotzeko, su etena gauzatu dadin eta «Israelek, beste behin ere, adosturikoa ez betetzeko tentaziorik izan ez dezan». Halaber, «genozidioaren erantzuleak» epaitzeko eta Israel bakartzeko neurriak ere eskatu ditu: «Israelekin harreman sindikal, instituzional eta komertzial oro eten behar da. Genozidio eta kolonizazioaren kontura ezin da negoziorik egin».
Ildo beretik, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak ere Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, Espainiakoari eta Europako Batzordeari exijitu die presioa areagotu dezatela Israelen aurka, eta bertan behera utz ditzatela «estatu genozidarekin» dituzten harreman militar, komertzial eta diplomatikoak: «Israeli ezin zaio ezer erosi, ezta saldu ere».
Hiriburuak gainezka
LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Solidari, Etxalde eta Hiru sindikatuek deitutako manfestazioa Jesusen Bihotzetik abiatu da, Genozidioarekin negoziorik ez, langileok Palestinarekin lelopean. Milaka lagun batu dira protestara; horren erakusgarri, Kale Nagusiak erakutsi duen argazkia: Moiua plazaraino beteta zegoen kalea manifestazioa hasi aurretik ere. «Israel hiltzaile, Europa laguntzaile» eta «Boikot Israel, Palestina askatu» oihu artean egin du udaletxe zubirainoko bidea.
«Israeli ezin zaio ezer erosi ezta saldu ere. Estatu genozida bat da, eta erakunde eta enpresek harreman oro hautsi behar dute harekin»
MITXEL LAKUNTZA ELAko idazkari nagusia
ELA sindikatuak ere Bilbon egin du ekitaldi nagusia, goizean. Jendetza batu da protestara han ere. Ikurrinak eta Palestinako banderak eskutan, «Ibaitik itsasora, Palestina aurrera» eta «Boikot Israel, Palestina askatu» oihukatuz egin dute PSE-EEren egoitzaren eta Sabin Etxearen arteko bidea.
Gasteizen eta Iruñean ere milaka lagun elkartu dira goizeko manifestazioetan. Gasteizen leporaino bete da Andre Maria Zuriaren plaza, eta Iruñeko manifestazioan, berriz, 15.000 lagun elkartu dira, antolatzaileen kontaketaren arabera. Donostian elkartu den jendetzaren ispilu, berriz, argazki hau: manifestazioaren buruak bat egin du amaierarekin une batean, ibilbide zirkularra egin baitute.
«Israelekin harreman sindikal, instituzional eta komertzial oro eten behar da. Genozidio eta kolonizazioaren kontura ezin da negoziorik egin»
GARBIÑE ARANBURU LABeko koordinatzaile nagusia
Oro har, lasai joan dira protesta denak, eta ez da aparteko arazorik izan. Goizean, ordea, tentsio uneak izan dira Iruñean, istilu batzuk egon baitira Espainiako Poliziaren eta gazte batzuen artean. Aurretik, Iturramako zutabean, Poliziak gazte batzuk identifikatu ditu. Halaber, Ertzaintzak hamasei lagun identifikatu ditu EHUren Gasteizko campusean. Istilurik larrienak, nolanahi ere, EHUren Leioako campusean izan dira: kontainer bat erre dute, autobusetan margoketak egin, eta barrikadak muntatu dituzte. Donostian, bestalde, eguerdiko manifestazioan margoketak egin dituzte McDonaldsen, eta Netanyahuren argazkia erre dute.
Etenak lantokietan
Mobilizazioak goizean goizetik abiatu dituzte; gehienetan, hiru edo lau orduko etenak egin dituzte lantokietan. Hezkuntza da salbuespena, egun osoko greba egiten ari baitira sektore horretan. Sindikatuen arabera, greba deialdiak oihartzun handia izan du oro har, eta eragina sektore guztietan nabaritu da: «arrakastatzat» jo dute mobilizazio eguna.
Industriari dagokionez, sindikatuek iragarri dute enpresa askok geldialdi osoa edo ia osoa egin dutela. Haien artean daude Gasteizko Mercedes, Volkswagen Nafarroa, Sidenor Basauri, Tubacex, Arteche, Acciona Irunberri eta Arcelor Mittal Tubular Legutio. Haietako batzuetan ekoizpena eten egin dutela nabarmendu dute sindikatuek. Enpresa txikiagoetan ere txikiagoetan ere elkarretaratze ugari egin dituzte fabrika atarietan. Kooperatiben artean ere, bat egin dute deialdiarekin, besteak beste, Ulman, Fagorren, Coprecin eta Lakuntzako Sakanan.
CAFen ere bat egin dute deialdiarekin, eta ekoizpena erabat geratu behar izan dute, hala Beasainen nola Irunen. Beasainen, LABeko kideek Palestinako zenbait bandera eskegi dituzte lantegiaren inguruetan. Ertzaintzaren hiru patruila hurbildu zaizkie, eta sindikatuko kideak identifikatu dituzte, «atxilotuak izateko mehatxupean».
CAFen ere bat egin dute deialdiarekin, eta ekoizpena erabat geratu behar izan dute, hala Beasainen nola Irunen. Ertzainek LABeko hainbat kide identifikatu dituzte Beasainen
Hezkuntzari dagokionez, grebak oihartzun «zabala» izan duela adierazi dute, eta ia eskola jantoki guztiak itxi dituztela jakinarazi dute. Sindikatuen arabera, jarraipena %60koa izan da sare publikoan eta %80koa ikastoletan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arabera, ordea, irakasleen %42k egin dute greba, eta gainerako langileen %45ek. Gazte andana elkartu da Ikasle Abertzaleen eta Ikamaren zutabeetan ere.
Sektore publikoan ere grebak eta mobilizazioek «eragin handia» izan du. Lanuzteak egin dituzte, besteak beste, Eusko Jaurlaritzan, Nafarroako Gobernuan, Osakidetzan, Osasunbidean, EITBn, suhiltzaileen parkeetan, justizia administrazioan, hiru foru aldundietan eta unibertsitateetan. Sindikatuen zenbaketaren arabera, 21 bat udalek ere atea itxi dute, baita udal kiroldegi askok ere. Garraio publikoan ere antzeman lanuzteen eragina, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gutxieneko zerbitzuak ezarri zituzten.
Gomazko pilotak Iruñean
Protesta egunak aurrera egin du arratsaldean, manifestazio gehiago eta burrunbekin. Palestinarekin Elkartasuna ekimenak mobilizazio bana deitu du hiriburu bakoitzean. Koldo Alzola ekimeneko bozeramaileak goizeko zein arratsaldeko protesten tamaina txalotu zuen eta mezua bidali zien «Europako eta Euskal Herriko» erakunde eta enpresei: «Israelek inpunitatez jarduten badu, babes ekonomiko eta instituzional zabala duelako da». Halaber, gaineratu zuen, egoerak Europa guztia hartuko duen greba orokor bat behar duela.
Palestinarekin Elkartasuna ekimenak eserialdiak egin ditu arratsaldeko mobilizazioetan eta trafikoa moztu du lau hiriburuetan. Polizia oldartu egin zaie manifestariei.
Lau mobilizazioetan tentsio unak izan ari dira, manifestariek bideak mozteko eserialdiak egin dituztelako. Donostian Jose Antonio Agirre zubia moztu dute, Bilbon Bihotz Sakratuaren biribilgunea, Gasteizen Lovainako biribilgunea eta Iruñean El Corte Ingles saltoki inguruko kale batzuk. Ertzaintzak zein Espainiako Poliziak oso gertutik zaindu ditu manifestazioak eta eserialdian parte hartu duten manifestarien aurka oldartu da. Donostian hainbat atxiki dituzte eta Iruñean gomazko pilotak jaurti dituzte.
Manifestazioen ondoren egin dira Gernika Palestina elkarteak 200 udalerritako udaletxeen aurrean deituriko burrunbak. Milaka herritar bildu dira eltze, zartagin eta metalezko gailu ezberdinekin zarata egin eta Palestinarentzat bake justu bat eskatzeko. Bertaratu diren asko arratsaldeko txandetako langileak ziren. 18:00etatik eta 19:00etatik aurrera grebara deituta zeuden. Horiek izan dira historiarako irudi asko utzi zituen egun bateko azken lanuzteak.