Zupiriak ez du atzera egingo delitugileen jatorria jakinarazteko erabakiari dagokionez

Segurtasun sailburuak adierazi du bazekiela gai arantzatsua dela, baina berretsi du ez duela jarrera aldatuko.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua, gobernu bileraren osteko agerraldian. GAIZKA UCEDA / IREKIA
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua, gobernu bileraren osteko agerraldian. GAIZKA UCEDA / IREKIA
aitor biain
2026ko otsailaren 10a
15:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ertzaintzak delitugileen jatorria jakinarazteko erabakiak aurrez aurre jarri ditu Eusko Jaurlaritzako bi gobernu bazkideak beste behin ere. Segurtasun Sailaren hautuak areagotu baino ez du egin EAJren eta PSE-EEren arteko xextra politikoa, eta hori agerian geratu da berriro EAEko hiru hiriburuek egindako hautuen ondotik. Bada, Bingen Zupiriak aitortu du gaiak «desadostasunak» sortzen dituela bi bazkideen artean, baina adierazi du ez duela atzera egiteko asmorik.

Zupiriak adierazi du badakiela iritzi ezberdinak daudela berak zuzentzen duen sailak hartutako erabakiaren inguruan: «Neurria hartu eta berehala ikusi genuen hori; ez dago ezer berririk». Ordea, Bilboko eta Gasteizko Udalek Jaurlaritzaren irizpideekin bat egingo ez dutela jakin ondoren jarrera aldatuko duen galduta, Segurtasun sailburuak neurria defendatu du, eta adierazi ez dagoela horretarako arrazoirik.

Joan den astean, Iker Aranaren auziari lotuta argitaratu zen bideoari buruz ere hitz egin du sailburuak Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluaren osteko prentsa agerraldian. Adierazi du Justizia Aranarentzat plataformak bideoa orain kaleratu badu ere Ertzaintzak bazuela bideo horren berri lehenagotik ere. «Ez da berria», esan du Zupiriak, eta erantsi du ikerketaren parte dela jada. Sailburuaren hitzetan, Aranaren ingurukoek lortu zuten bideoa, eta ondoren, Ertzaintzak bideoa grabatu zuenaren eskutik jaso zuen haren kopia bat; epailearen esku utzi zuen gero.

Zupiriak ez du egun hartan grabatu zituzten irudiei buruzko xehetasunik eman nahi izan. Eta bideoak Segurtasun Sailaren jarrera berresten ote duen galdetu diotenean ere ez du azalpen zehatzik eman: «Epaileak erabaki beharko du zein den bideo horretan ikusten denaren egia ofiziala». Aurrez, Eusko Legebiltzarrean adierazi zuen litekeena dela Aranaren lesioak «ertzain baten jokabide desegokiaren» ondorio izatea, baina azpimarratu zuen epaileak ebatzi beharko duela hori.

Hain justu ere, igandean, Noticias taldeko egunkariei berretsi zien Ertzaintzaren barne zerbitzuek ustez tiro egin zuen agentea identifikatu eta «antolaketa neurriak» ezarri dizkiotela, epaileak auzibidearekin zer egin erabaki bitartean. Hala egin dute, halaber, 2023an Irunen gizon bati eraso egin zion agentearekin ere. Ertzaina lanean dela azaldu du, baina ez duela kaleko zaintza eginkizunik; komisariako lan administratiboak egiten dihardu.

Erdiak baino gehiagok gainditu dute lehen azterketa

Joan den larunbatean ertzain izateko egindako oposizioan segurtasun berme guztiak bete zirela nabarmendu du Zupiriak. Berretsi du uste baino hautagai gehiago aurkeztu zirelako izan zirela atzerapenak, eta zehaztu du ia berrehun lagunentzako lekua prestatu behar izan zutela ordu eta laurdenean. Denera, 3.188 lagun aurkeztu ziren lehen probara, izena emanda zutenen %86 (azken hamar urteetan %70 inguru aurkeztu izan dira). Bide batez, proba psikoteknikoaren emaitzak ere jakinarazi ditu sailburuak: %59k gainditu dute, aurreko azterketan baino nabarmen gehiagok. Izan ere, joan den uztailean aurkeztutakoen %19k gainditu zuten soilik (proba teorikoa ere aintzat hartuta, %10 baino ez ziren izan). Halere, batezbestekoaren azpitik dago kopuru hori. Hiru egun izango dituzte erreklamazioak aurkezteko, eta horren ondoren ezagutaraziko dituzte proba teorikoaren emaitzak.

Segurtasun sailburuak esan du martxoan egingo dela kasu horri lotutako epaiketa, eta erantsi du epaileak ebatziko duela zein izango den agente horren etorkizun profesionala. Era berean, «erabateko errespetua» adierazi dio Ertzaintzaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeak kasu honi buruz emandako ebazpenari. «Gure betebeharra da, beti egin dugun bezala, batzordeak planteatzen dizkigun hobekuntza proposamen guztiak jasotzea eta aplikatzea», gaineratu du.

Zibersegurtasuna

Zupiriaren gaurko agerraldiaren helburua, ordea, LABI Babes Zibileko Planaren kontseiluaren prozedura berria jakinaraztea zen. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak onartu egin du zibersegurtasunaren arloko larrialdi kasuetan ere koordinazio plana aktibatzea. Cyberzaintza Zibersegurtasunaren Euskal Agentzia arduratuko da eskaera egiteaz, eta soilik herritarrengan eragin handia duten eta oinarrizko zerbitzuak arriskuan jartzen dituzten kasuetan jokatuko dute hala.

Sailburuak azaldu duenez, helburua larrialdiei aurrea hartzea da, etor daitekeenari erantzuteko prest egoteko. Eusko Jaurlaritza aitzindaria izango da, inguruko erakundeek ez baitute halako planik zibersegurtasunari dagokionez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.