Zupiriaren eta Loiuko aireportuko ertzainen aurka kereila bat aurkeztu du Global Sumud Flotillak

Maiatzaren 23an ontzidiko kideen aurka izandako oldarraldiaren harira, besteak beste, lesio eta gorroto delituak leporatu dizkiete. Palestinarekiko elkartasuna «eskubide zibil eta politiko bat» dela adierazi dute.

Haizea Ziluaga abokatua, gaur, hedabideen aurrean kereilaren berri ematen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Haizea Ziluaga abokatua, gaur, hedabideen aurrean kereilaren berri ematen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2026ko ekainaren 2a
13:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

Global Sumud Flotillako kideek Loiuko aireportuan (Bizkaia) jasandako erasoa auzitara eraman du ontzidiak: Bilboko Epaitegian kereila kriminal bat erregistratu du maiatzaren 23ko polizia operazioa agindu zuten eta bertan parte hartu zuten ertzainen aurka, baita Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren kontra ere. Lesioak eragitea, legez kanpo atxikitzea eta gorroto delituak egitea egotzi diete, besteak beste.

Haizea Ziluaga Larreategi eta Iker Sarriegi Etxabe abokatuek jarri dute salaketa, Global Sumud Flotillaren izenean, herri akusazio gisa. Ziluagak hedabideen aurrean adierazi duenez, maiatzaren 23an Loiuko aireportuan gertatutakoa «salatzeko beharrean» izan dira: «Euskal Herri osoak eta munduak ikusi zituen irudiak: Ertzaintza zelan oldartu zen flotillako kideen kontra. Israelgo indar okupatzaileek bahitu ostean eta han bortizkeria handia jasan ostean, Euskal Herria zapaltzean Ertzaintzaren basakeriarekin egin zuten topo aktibistek».

Ontzidiko partaideek ez ezik, haien senideek eta lagunek ere kolpeak hartu zituztela erantsi du: «Ertzainek lurrera bota zituzten, eta lurrean zirela gogor jipoitu zituzten makilekin». Hain zuzen, epaitegian izan dira Palestinaren aldeko ekintzaile eta ontzidiko kide batzuk, eta egun hartako zaurien argazkiak erakutsi dituzte.

«Euskal Herri osoak eta munduak ikusi zituen irudiak: Israelgo indar okupatzaileek bahitu ostean eta han bortizkeria handia jasan ostean, Euskal Herria zapaltzean Ertzaintzaren basakeriarekin egin zuten topo aktibistek»

HAIZEA ZILUAGA Global Sumud Flotillaren abokatua

Era berean, «onartezintzat» jo ditu Segurtasun sailburuaren adierazpenak: «Begi bistakoa ukatu egin du». Izan ere, hasieran barkamena eskatu arren, Ertzaintzaren jarduna justifikatu zuen Zupiriak joan den astean, Eusko Legebiltzarrean: istiluak polizien kontrako «erasoen» ondorioz hasi zirela esan zuen, eta liskarrak eragin zituztenak ETArekin eta «ezker muturreko» taldeekin lotu zituen. «Hori ikusita, guri dagokigu gertatutakoa salatzea, erantzukizunak eskatzea», adierazi du Ziluagak.

Hala, kereila aurkeztu dute, bai sailburuaren kontra, bai Loiuko operazioa agindu zutenen kontra, bai bertan parte hartu zuten ertzainen kontra. Hainbat delitu egotzi dizkiete: batetik, lesioak eragitea, aktibistak legez kanpo atxikitzea eta haien integritate moralaren aurka jardutea; bestetik, gorroto delitua egitea; eta, azkenik, hainbat hitzarmenetan jasotako giza eskubideen defentsarekin lotutako bilkura baketsu bat desegitea. Ildo horretan, Ziluagak nabarmendu du palestinar herriarekiko elkartasuna ez dela delitu: «Estatu sionista israeldarra genozidio bat egiten ari da Palestinan, eta genozidioa salatzea eskubide bat da, eskubide zibil eta politiko bat».

Hedabideen bidez izan du Eusko Jaurlaritzak kereilaren berri, Maria Ubarretxena bozeramaileak gobernu kontseiluaren osteko agerraldian onartu duenez. «Errespetatzen dugu», esan du, baina ez du beste adierazpenik egin nahi izan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE