Euskararen taupadentzako akuilua

Amurrion ospatuko da Araba Euskaraz bihar. 'Taupadak berpiztu' lelopean egingo dute, eta euskararen erabilera sustatzeko jaia izatea nahi dute antolatzaileek.

Euskal dantzak dantzatzen iaz. Araba Euskaraz-en. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Euskal dantzak dantzatzen iaz. Araba Euskaraz-en. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2026ko ekainaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berpiztu taupadak lelopean dator aurtengo Araba Euskaraz, euskararen biziberritzean alea jartzeko borondatearekin bat eginda. Arabako zortzi ikastolen artean txandakatu izan dute jaia antolatzeko ardura, eta aurtengoa Amurrioko Aresketa ikastolari egokitu zaio. Badu berrikuntzarik aurtengo jaiak: Gasteizko Olarizuko zelaietan egin ohi izan da azken urteetan Araba Euskaraz, baina aurten jaia Amurriora eramatea erabaki du Aresketa ikastolako batzarrak, sustatzeko herriari eta komunitateari euskararen aldeko giharra ateratzea. Gustu guztietarako eskaintzarekin eta egitarau oparoarekin ondu dute biharko jaia.

Galtzak bete lan izan dituzte lekukoa hartu zutenetik, baina gogotsu heldu diote erronkari. Amurrion apalak dira oso euskararen erabilera datuak; Udalaren arabera, %4koak. Ezagutza handiagoa da, baina ezagutzatik erabilerarako jauzia egin eta eguneroko bizitzan euskararen presentzia areagotzea du helburu, besteak beste, Araba Euskaraz-ek. Horretarako, bi norabidetan egin dute deia: batetik, euskara dakitenei erabili dezaten eskatuz; bestetik, euskarara hurbildu ez direnei euskara eurena ere badela esanez eta euskarara hurbil daitezen eskatuz.

Horrez gain, ikastolako komunitate osoa elkarlanean aritzea ere izan dute xede. Kolektibotasunaren eta kooperazioaren balioak indartu nahi izan dituzte, eta auzolanaren taupadak berpiztea ere izan dute helburu.

Gainera, Aresketa ikastola ezagutarazteko beta ere izan dute urte osoan egin dituzten hamaika egitasmoen bidez. Datorren urtean mende erdia beteko du ikastolak, eta sorreratik egin duen bidea nabarmendu nahi dute: euskara, haren transmisioa, kulturartekotasna eta giza balioetan oinarritutako hezkuntza komunitate zabal eta askotariko baten eraketan urratsak egiten segitzea dute helburu.

Hain zuzen, bete-betean jotzen dute xede horiek guztiek leloarekin: Berpiztu taupadak. Aurkezpenean azaldu zutenez, taupadek erritmoa markatzen dute: bihotza taupaka izateak adierazten du bizirik dela. «Euskaldunok euskara daramagu bihotzean, eta taupadak behar ditugu euskara bihotzetik burura eta mihira eramateko», adierazi zuten.

Kezka agertu zuten euskararen inguruko datuek esaten dutelako erabilerak erritmoa moteldu duela, eta taupada bizkortzeko bulkada behar duela. Amurriotik Araba osora bulkada hori ematea dute xede, «taupadak berpizteko».

urte osoko lana

  • Otsailaren 8a. Amurrioko Udal Pilotalekuan, Araba Euskaraz´26 Euskal Pilota Topaketa ospatu zuten.
    Arabako Euskal Pilota Elkarteak lagunduta eta Amurrioko Pilotazale Klubarekin batera, pilotaren hainbat diziplinatan jolasean ibili ziren. 
  • Martxoaren 6a. Araba Euskaraz Jai Alai Master Series League hasi zuten.
  • Martxoaren 18a. Araba Euskaraz egitasmoaren barnean, Arabako ikastola guztietako Lehen Hezkuntzako 5. mailako ia 300 ikasle Amurriora hurbildu ziren herria ezagutzeko eta ikastolakideen arteko harremanak sendotzeko.
  • Apirilaren 22a. Taupadak berpiztu kanta aurkeztu zuten.
  • Maiatzaren 22a. Porrotxek eta Marimototsek Amazonia gara ikuskizuna egin zuten antzokian.
  • Maiatzaren 25a. Aresketa ikastolako zenbait gurasok Eskubaloi Topaketa antolatu zuten.

Egitarau oparoa prestatu dute jaia behar bezala ospatzeko. Egun osoan zehar ez dira faltako musika, jolasak eta jan-edana.

Hasierako ekitaldia 10:00etan izango da, ikastolan. Hortik aurrera lehertuko da jaia, eta hori girotzeko ibiliko dira txistulariak eta elektrotxarangak. Lehen gunean, BERRIAren txokoa egongo da besteak beste, eta ikuskizunak eta kontzertuak ere izango dira, hala nola EH Sukarra eta Akerbeltzenak.

Bigarren gunean Pirritx eta Porrotx izango dira goizean, eta, besteak beste, Ganibet, Nafarroa 1512 eta Bad Sound ere egongo dira arratsaldean.

Hirugarren gunean, berriz, jolasez eta tailerrez gain, Yogurina Borovaren ikuskizuna egongo da, beste hainbat eskaintzaren artean.

Antolatzaileek eskatu dute zerbitzu publikoa erabiltzeko, eta ezin bada, ahal izanez gero, autoak partekatzeko.
 

'taupadak berpiztu'

Kanta alaia eta dantzagarria ondu dute 2026ko Araba Euskaraz-erako. Igon Olaguenaga ikasle ohi eta egungo langileak eta Txiki Lora ikastolako haur baten aitak osatu dute. Aresketa ikastolako ikasleek abestirako koreografia prestatu dute propio. 

Euskarak eta euskal kulturak pairatzen duten egoeraren aurrean taupadak berpizteko beharraz ohartarazi dute.

Taupadak berpiztu! abestiaren hitzak euskararen biziberritzeko beharra nabarmentzeko dei zuzena dira, herriaren bihotzaren taupadak  berpizteko, alegia. 

Abestiaren hitzek hausnarketa sakona egiten dute euskararen egoeraren inguruan, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako berpizkundea du hizpide, eta gaur egungo geldialdi zantzuei aurre egiteko deia egiten du. Aldi berean, euskara heriotzatik normaltasunetik baino gertuago dagoela ohartarazita, «gogoari eta kuraiari» heltzeko deia ere egiten du. 

 

Aniztasuna eta dantzagarritasuna dira doinuaren ardatzak. Saltsaren erritmoa dauka oinarrian, baina hainbat herrialdetako doinuek ontzen dute kanta, hala nola albokak, trikiak, tronpetak, tronboiak eta perkusio latinoak.

Olaguenagarena izan da kantaren ideia, hitzak, ahotsa eta ekoizpena, Lorarekin batera. Lorak gitarra ere erantsi dio aurreko guztiari. Baina talde lan zabal baten emaitza izan da. Amaia Santamariak ere jarri dio ahotsa, Rodrigo Ulisesek perkusioa, Yago Saloriok baxua, Marcos Ortegak tronpeta, eta Fernando Blancak tronboia. Beste hiru musikari ezagunez inguratu dira kanta ontzeko: Ibon Koteronek alboka jo du, Joseba Tapiak trikitia, eta Iñaki Otxandorena Moro-k ahotsarekin eta letrarekin lagundu du kanta borobiltzen. Aresketa ikastolako zenbait ikasleren ahotsak ere jaso ditu abestiak. 

 

Bideoklipari dagokionez, Eneko Martinez ikastolako ikasle ohiak zuzendu du. Aresketa ikastolan sorreratik lanean jardun duen komunitate osoaren aitortza islatu nahi izan du kanta ikus-entzunezkora eramateko orduan.

 

Abestiaren letra:
Taupadak berpiztu!
 

Nondik gatoz ta
nora goazen, alajaina!
ez dezagun ahaztu
zein den gure bidaia
batu ditzagun denok
gogoa ta kuraia
mingainean daukagu
behar den sendagaia
hemen daukagu berriz
berpizteko garaia
mezu zuzena dakar
aurtengo elaiak
Bazen behin
herri txiki baten algara
izenez Euskal Herria
hizkuntza euskara
Zabala dela esan nahi diot
Arabaraino hurbildu denari
erantzukizuna Amurriok
taupadak emateko festari

Geldituko gaituenikan ez da
irakaskuntzan jarraitzen bada
euskaraz behar dugulako urezta
eusko, eusko eskualdunak gara
Ez dugu inor utzi behar atzera
bakarrik ez gara, gara batera
hurbildu zaitez euskararen sura
Euskal Herritik munduraaaaa!
Araba aske eta euskaldun
ikastolaren oihua entzun
hemen gaituzu
maitale eta lagun.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA