Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako kideak Andoainen (Gipuzkoa) bildu dira gaur ohartarazteko eskola segregazioa oso nabarmena dela herrian. Adierazi dute desoreka oso handia dela ikastetxe publikoaren eta itunpekoen artean, eta horrek arriskuan jartzen dituela herriko gizarte kohesioa, elkarbizitza eta euskalduntzea. Ordea, salatu dute Eusko Jaurlaritzak ez duela egoera hori zuzentzeko neurrik hartu.
Are, Hezkuntza Sailari egotzi diote itunpeko ikastetxeen mesedetan jardutea. Abian den ikasturtea aipatu dute horren adibide moduan; izan ere, azaldu dute 2024an Andoainen jaio ziren haur guztiak baino nabarmen ikaspostu gehiago eskaini dituztela itunpeko ikastetxeek 3 urteko geletarako; %117 gehiago.
Horrek eskola publikoaren bideragarritasuna «larriki ahultzen» duela eta, EAEko Arartekoarengana jo dute konponbide bila. Idazki bat bidali diote, egoera zein den azalduz. «Egoera hau ez da eskola publikoaren arazoa, herri osoaren arazoa baizik», adierazi dute. Eta gogorarazi dute Andoainen ez ezik egoera antzekoa dela beste herri batzuetan ere.
Hain justu ere, Ordiziako kasua aztertu zuen Arartekoak iaz, eta segregazioa eragozteko neurri zuzentzaile nahikorik ez hartzea egotzi zion Jaurlaritzari. «Esan dezagun garbi: urte hauetan guztietan hartu diren neurriek ez dute segregazioaren kontra jo, ez diotelako heldu benetako arazoari, gure sistema duala segregatzaileari, hain zuzen», salatu dute plataformako kideek.
Neurri estrukturalak behar direla adierazi dute, hots, plazak eskaintzeko orduan sare publikoa lehenestea, eta sare pribatuaren neurriz gaineko ikaspostuen eskaintza eta ituntzea pixkanaka murriztea. «Ezinezkoa da berdintasunean heztea diru publikoz sostengatutako sare pribatuak mantenduz, eskola publikoaren kaltetan. Andoainen ikastetxe publiko bakarra balitz, ez litzateke segregaziorik egongo», adierazi dute, eta dei egin dute datorren asteazkeneko etxe eskubidearen aldeko grebarekin bat egitera.