Albisteak
Gabriel Aresti: poesia mailutzat
Gabriel Aresti XX. mendeko euskal
idazlerik garrantzitsuenetariko bat izan zen. Poesia mailu batekin konparatzen zuen idazleak, euskaldunen kontzientzia lokartua kolpatu eta iratzarri nahi zuelako. Harri eta Herri da bere liburu ezagunenetakoa.
Israelek «erabateko setioa» ezarri dio Gazari
Israelgo defentsa ministro Yoav Gallanten arabera, «animaliak diren gizakien aurka» ari dira borrokatzen, eta jakinarazi du blokeatuta daukatela Gaza, urik, argindarrik eta janaririk gabe.
Narges Mohammadi aktibista irandarrak irabazi du Bakearen Nobel saria
Emakumeek Iranen pairatzen duten zapalkuntzaren kontrako ekintzailea saritu du Norvegiako Nobel Batzordeak. Sariduna kartzelatuta dago.
Duela 120 urte saria ematen hasi zirenetik, 110 pertsona saritu dituzte; horietatik hemeretzi dira emakumezkoak, ekintzaile irandarra aintzat hartuta.
Eukalipto landaketen hedadura %46 handitu da sei urtean
Eukalipto gehienak Bizkaian daude, ia %90. Bizkaiko Foru Aldundiak landaketa berriak etenarazi zituen iaz, eta Gipuzkoan ere neurriak hartu dituzte landaketa geratzeko.
Bizkaiko debekuak nolabaiteko eragina izan duela ondorioztatu daiteke azken datuetatik, baina ez ditu geratu moratoria indarrean jarri aurretik egindako landaketa eskaerak, eta erakunde ekologistak kexu dira.
Zer kontatuko dute asteroidetik ekarritako harri hautsek?
Bennu asteroidearen harriak eta hautsak jaso, eta Lurrera itzultzea lortu du NASAk. OSIRIS-REx misioak jasotako laginak mundu osoko 233 zientzialariren artean banatuko dituzte.
Zientzialariek badakite molekula organiko asko dituela asteroideak, eta
uste dute noizbait urak eraldatu zituela horiek. Biziaren jatorriari buruz gehiago ikasteko balio dezakete laginek.
Digitalizazioa hezkuntzan: nola eta zertarako
Ordenagailuak eta arbel digitalak Euskal Herriko eskolen parte bihurtu dira, baina hezkuntzaren digitalizazioa kezka ere pizten ari da azkenaldian.
Adituek iritzia eman dute, eta hauxe ondorioa: ezer ez da zuri edo beltz, eta erabaki guztiak hausnartuta hartu behar dira. Besteak beste: zenbateko tokia izan behar du teknologiak ikastetxeetan?, zer ekarpen egiten du?, ba al dago arriskurik?
Frankismoaren biktimei erreparazioa emateko legea onartu du Eusko Legebiltzarrak
PP, Vox eta Ciudadanos ez beste guztien aldeko botoarekin onartu dute Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea.
1936tik 1978ra arteko biktimei eragiten die, eta, besteak beste, ikerketa talde baten lana abiaraziko du gertatutakoaren «egia finkatzeko». Biktimei salaketak jartzea erraztuko die, aholkularitza emanez.
'Daniel' ekaitzak eragindako uholdeen ondotik, epidemia arriskua Libian
Milaka lagun hil ostean, Libiako Derna hirian ia
galdua da inor bizirik topatzeko itxaropena. Erreskate lanetan izan
diren Accion Norteko kideek azaldu dutenez, epidemiarik ez sortzea dute
orain lehentasuna. Horretarako, lehenbailehen atera behar dira uholdeetan hil zirenen gorpuak.
Euskaraz Espainiako Kongresuan
Lehen aldiz Espainiako Kongresuan, diputatuek euskaraz, katalanez, galizieraz, asturieraz eta
aragoieraz aritzeko aukera izan dute. Hizkuntza gutxituetan mintzatu ahal izateko Kongresuko araudia aldatzeko osoko bilkuran izan zen.
Euskaldunek Euskal Herrian bertan dituzten trabak salatu zituzten EH Bilduko eta EAJko ordezkariek.