Albisteak

'Daniel' ekaitzak eragindako uholdeen ondotik, epidemia arriskua Libian
Milaka lagun hil ostean, Libiako Derna hirian ia
galdua da inor bizirik topatzeko itxaropena. Erreskate lanetan izan
diren Accion Norteko kideek azaldu dutenez, epidemiarik ez sortzea dute
orain lehentasuna. Horretarako, lehenbailehen atera behar dira uholdeetan hil zirenen gorpuak.

Euskaraz Espainiako Kongresuan
Lehen aldiz Espainiako Kongresuan, diputatuek euskaraz, katalanez, galizieraz, asturieraz eta
aragoieraz aritzeko aukera izan dute. Hizkuntza gutxituetan mintzatu ahal izateko Kongresuko araudia aldatzeko osoko bilkuran izan zen.
Euskaldunek Euskal Herrian bertan dituzten trabak salatu zituzten EH Bilduko eta EAJko ordezkariek.

Espezie inbaditzaileen sustrai arrotzak, errotuegi
Galdu diren izakien %60 espezie inbaditzaileen ondorioz galdu dira. Ikertzaileen arabera, espezie horien hedapena «lehenbailehen» geldiarazi behar da, biodibertsitatea babesteko eta klima krisiari aurre egiteko.

Bi egunean milaka ikustaldi izan ditu Antton Telleriaren 'Nekatutak' bakarrizketak
Hirurogei emanalditik gora egin ditu Euskal Herrian zehar; horietan azkena, martxoaren 4an, Donostiako Antzoki Zaharrean. Grabatu zuen saio bakarra izan zen, eta irailaren 17an jarri zuen ikusgai sareetan: 'Nekatutak-Grabatutak'.

Haize errota flotagarri bat argindarra sortzen ari da Bizkaiko kostan
Sorgailua prototipo bat da, eta plataformaren funtzionamenduari eta ingurugiroan duen eraginari buruzko datuak bilduko ditu bi urtez. Espero dute informazio hori baliagarria izatea 2026an haize errota gehiago jartzeko.

Irulegiren «irudi izoztu zabalago bat» erdietsi dute
Ikusi dute ekialdeko zona ere K. a. I. mendean abandonatu zela. Eskailera batzuk aurkitu dituzte aurten induskatutako etxebizitza
batean; orain arte, inoiz ez da halakorik atzeman Mendebaldeko
Pirinioetako Burdin Aroko herrixka batean.

Antropozenoaren hasieran ote gaude?
Antropozenoa epoka geologiko moduan ezartzeko eztabaida zientifikoak beste pauso bat eman du: Kanadako Crawford lakuan, Lurra epoka geologiko horretan sartu dela erakusteko froga gehiago aurkeztu ditu horren aldeko antropologoen lantaldeak.
Antropozenoaren hasieran garrantzi handia duen osagai baten aurkikuntza azpimarratu dute: plutonioa.

Espainia desegiten ari zen garaia
Duela ehun urte, Espainiako armadak estatu kolpea eman zuen eta diktadura ezarri zuen, Primo de Riveraren gidaritzapean, Espainia «hondamendira» zihoala iritzita.
Besteak beste, «separatismoaren mehatxuari» aurre egin nahi izan zioten, eta euskara galarazi zuten alor ofizialetan.

Victor Jara hiltzea egotzita, 25 urteko kartzela zigor irmoa ezarri diete zazpi militarri
Txileko justiziak herrialdeko diktaduraren krimenik sinbolikoenetako bat zigortu du, sententzia irmo baten bidez. Militar horietako batek bere buruaz beste egin du epaiaren berri izan ondoren.
Estatu kolpearen 50. urteurrenaren atarian iritsi da epaia —irailaren 11n beteko da mende erdi—, Pinocheten diktadura militarrari buruzko kontakizun ofizialak zein izan behar duen eztabaidan dela, gizarte giro polarizatu batean.