Albisteak
Mahsa Amini, hilda beloa «gaizki jarrita» eramateagatik
Irango Moralaren Poliziak irailaren 13an atxilotu zuen Mahsa Amini 22 urteko emakume gaztea, beloa «gaizki jarrita» eramateagatik. Hiru egun geroago hil zen; Poliziaren esanetan, «bihotzekoak jota».
Pandemia amaitzeko egoera «ezin hobea» dela esan du OMEk
2022ko irailaren hasieran, 2020ko martxotik egon den hildako kopururik «apalena» erregistratu zen. COVID-19aren aldaera gehiago agertu baino lehen, aukera hau ezin dela galdu adierazi du Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari nagusi Tedros Adhanom Ghebreyesusek.
Jean-Luc Godard zinemagilea hil da
'Nouvelle vague' mugimenduko izar izandakoa hil da, suizidio lagunduz, 91 urterekin. Haren lanek zinemagintzaren lengoaia eraldatu eta, era berean, elikatu dute.
Pako Aristik idatzitako 'Nire Uztapide' biografia nobelatua berrargitaratu dute
Pako Aristiren esanetan, «autodidakta handi bat» izan zen Uztapide. Bide oparoa egin zuen bertsolaritzan; hiru aldiz irabazi zuen Bertsolari Txapelketa Nagusia.
Frantziako zentral nuklearren egoerak prezioak igo ditu
Mantentze lanen eta herdoiltze arazoen ondorioz, Frantziako parke nuklearraren ekoizpena ia bi heren txikitu da, eta argindarra esportatzeari utzi behar izan dio.
Abuztuaren bukaeran, Frantziako 56 erreaktoreetatik hogei baizik ez ziren normal ekoizten ari. Ondorioz, garesti ari da inportatzen argindarra.
Hegoaldeko etxeko langileek langabezia saria jaso ahal izango dute
Espainiako Gobernuaren dekretuak 34.000 langileren baldintzak duinduko ditu: besteak beste, langabezia saria jasotzeko eskubidea izango dute. Ipar Euskal Herriko etxeko langileei 1999an aitortu zitzaizkien eskubide horiek.
Elizabeth II.a hil da, eta aro bat amaitu da harekin
Balmoral gazteluan hil da estatuburua, Eskozian, 96 urterekin. Harena izan da Erresuma Batuko agintaldirik luzeena, eta bost kontinenteak kolonizatu zituen inperioko irudi nagusia izan da 70 urtean baino gehiagoan. Haren seme Charles III.a da orain errege etxeko buru.
Jai parekideak xede
Irailaren 8an ospatu ohi dute Hondarribian (Gipuzkoa) jaietako egun handia, eta Alardea izaten da ekitaldirik garrantzitsuena. Jaizkibel konpainiak 25 urte daramatza Alardean emakumezkoen parte hartzea bermatzen; izan ere, beste konpainietan ezin dute normaltasunez desfilatu.
Amaiur, erresistentziaren ikurra
Duela bost mende, armada batek Amaiurko gaztelua inguratu zuen; Espainiako erregeordeak zuzendu zuen armada hori, eta bost mila soldaduk osatzen zuten.
Gazteluaren barruan, Jaime Velaz Medrano kapitainaren agindupean, ehun nafarrek astebetez eutsi zieten bonbardaketei eta erasoei. Konkistaren azken guda handia izan zen.