Inaki Galdos

Abertzaleak

2025eko abenduaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken urteetako bilakaera ikusita, pentsatzekoa zen egunen batean Ikasle Abertzaleek (IA) izena aldatuko zutela. Euskal Herriko Ikasle Antolakunde Sozialista (IAS) da Berriozarko VIII. kongresuan hartutako erabakiaren ondoren. Boteprontoan, ez lioke inork arazorik ikusi behar egindako urratsari, azken finean abertzale gisa definitzen ez den Mugimendu Sozialistan kokatzen duelako orain bere burua eta, beraz, zilegi bezain koherente delako horrela deliberatu izana. Baina aldi berean ulergarria da garai batean IA erakundean militatu zuen jende askoren samina eta haserrea, uste baitute traizionatu egin dela hasierako (eta beste urte askotako) izaera, jarduera eta ideologia. Horrekin batera logikoa ere bada azken hauek bota duten galdera: horrela bukatzeko, ez al zen egokiagoa beste erakunde berri bat sortu izan balute?

Eztabaida polita da larunbatetik hona sareetan sortu dena. Ekarpen interesgarri askoak irakurri ditugu alde bietatik, baina, hauekin batera, irain asko eta gorroto adierazpen gehiegitxo ere bai, ia denak kontu anonimoetatik. Ez dugu ahaztu behar Ikasle Abertzaleena izan zela orain aurrez aurre ika-mika gogorretan diharduten bi munduen arteko lehen xextra ezaguna. Urruti iritsi den borroka baten abiapuntua. Beste kontu batzuk ahaztu gabe, abertzale hitza ezabatu izanak sortu du batez ere kalapita, eta ez dira gutxi izan eurak abertzaleak direla aldarrikatu duten militante ohi beteranoak.

Ezin ukatu irribarretxoa ere sortu digula kontuak. Izan ere, erabakiarekin muturtuta azaldu den zenbait jendek aspalditxo utzi zion abertzale hitza erabiltzeari. Duela urte batzuk ere izan genuen gaia hizpide arkupe honetan. Neurri batean (iruditzen zaigu) Kataluniako mugimendu independentistaren (orduko) arrakastak kutsatuta, baina baita hemengo hainbat pentsalariren teorizazioei jaramon eginez ere, soilik abertzaleen indarra nahikoa ez zela iritzita, subjektu independentista berria eraikitzea proposatu zen. Euskal abertzaletasunaren arrakasta historikoa onartuta, estrategia independentista desabertzaletu batera jauzia egin beharra proposatu zuenik ere egon zen, edota naziorik gabeko estatu baten aldeko borrokara. Ekarpen mamitsuak irakurri izan genituen orduan, beste kontu bat da guztiekin ados geunden edo ez.

Testuinguru hartan pasatu zen de facto ezker abertzalea ezker independentista izatera; zehaztuz, bere burua horrela erakustera. Ezker subiranista gisa ere bai, egiaren izenean. Aldaketa nabarmena izan zen, oraindik indarrean dagoena. Mugimenduko ordezkarien diskurtso, adierazpen eta artikuluak jarraitu besterik ez dago egiaztatzeko abertzale hitza desagertu ez baina zokoratua geratu dela. Hegemonia lortzeko borrokan, jende berria erakartzeko ahaleginean, traba egingo balio bezala.

Badauka honek guztiak zerikusia EAJk bere 2012ko urtarrileko Batzar Nagusirako egin zuen saiakerarekin. Izan ere, EBBko presidente Iñigo Urkullu zela, alderdiaren gaztelaniazko izena aldatzea proposatu zitzaien alderdikideei. Nacionalista hitza kendu eta Nacional jartzea, Eskoziako SNPren gisara. Garai hauetan, batez ere Euskal Herritik kanpora, hitz madarikatu samarra zela lehenengoa, azalpen gehiegi eskatzen zituena. Hori zen aldaketarako emandako arrazoibidea, baina militanteek atzera bota zuten proposamena, ingelesezko aldaeran salbu: Basque National Party.

Baiki, gero eta gutxiago gara ideologikoki nazionalistak garela onartzen dugunok. Abertzaleon artaldea ere gutxitzen ari da (beste kontu bat da gauza bera diren edo ez, eztabaida interesgarria). Paradoxikoki, alderdi nazionalista edota abertzaleen boto uzta inoiz baino handiagoa denean. Berriozarko kongresuak gutxienez balio izan du aspaldian ez bezala jende asko bere abertzale izaera aldarrikatzen jartzeko. Eta baten batzuei balio izan die euren buruei gogorarazteko oraindik abertzaleak direla. Bada zerbait.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.