lizar begona

Nor gurtu, nor egurtu

2026ko maiatzaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

2024ko apirilaren 11. Bilbo.

Ibaizabal itsasadarreko moilak hondoratuko zirela ematen zuen. Milioi bat pertsonaren pisua ibaiaren bi ertzetara. Jendea saltoka, builaka, dantzan. Ezkerraldeko eta Eskuinaldeko ibai bazterrak dardarka zeuden. Gogoratzen?

Errege Kopa irabazi eta Athletic Clubeko hogeita sei futbolariak ohoratzera irten zen jende-oldea. Sekula ikusi gabeko gurtza eta ongietorri masiboa itsasontzi bateko tripulazioari.

Ostean Bilboko udaletxeko aldarean pausatuta hitz egin zuen hainbat Jainkok T X A P E L D U N A K letra handien gainean; Juan Mari Aburtoren atzetik aritu ziren, besteak beste, Jon Uriarte, Ernesto Valverde eta Iker Muniain. Izenak memoria kolektiboaren ondare dira ja. Eskuak goratuta bedeinkatu zituzten bertaratutako zaleek; zenbat kanta, zenbat oihu, zenbat lore. Zer ohore.

2026ko maiatzaren 23a. Bilbo.

Hona beste itsasontzi bateko tripulazioa, etxera heldu berria. Harrera egitera joan zitzaizkien hauei ere. Baina bertaratutakoak ez ziren milioi bat, senideak eta beroa eta babesa ematera hurbildutako hainbat lagun eta militante baizik.

Ez ziren Gabarrako futbol jokalariak. Gazara laguntza humanitarioa ematera Flotillan itsasoratutako aktibistak baino. Aurreko astelehenean Israelgo armadak 54 ontziri eraso eta gero, asteartean abordatu, legez kanpo bahitu eta Palestina okupatuko portu batera eraman zituzten. Armada sionistaren atxiloaldien eta torturen ondoren, ohorezko itzulera eta gorazarre baten ordez, etxean kolpeka jaso zituen Ertzaintzak. Ez da askorik esplikatu behar, sareetan bueltaka dabiltzan irudiak ikustea nahikoa da gertatutakoa ilustratzeko.

Imajinatu eszena bera 2024an Athletic Cluben harrera erraldoi hartako jokalariren batekin gertatu izan balitz. Nori okurrituko litzaioke hain santutuak diren futbolariei iletxo bat ukitzea

«Lanabes garrantzitsu bat eman dizue euskal gizarteak: indarra erabiltzeko zilegitasuna», zioen Pradalesek bezperan. «Eta botere horrek, botere handi guztiek bezala, erantzukizun eta exijentzia etiko handia eskatzen du: Irizpidea, autokontrola eta justiziaren zentzua izan behar da. Hau da, iparrorratz morala beti eskuan izatea». Zer esan; borrekin bizkarrak gorritu zizkieten, patata zakuen antzera arrastatu zituzten haien gorputzak. Hasiera-hasieratik «begiradan amorrua» nabari zitzaiela adierazi zidan atxilo hartutako batek. Lurrean etzanda eskuburdinekin lotuta izanda ere, masailean belaunkada bat jasotzeak ez dauka justifikaziorik, ezpada gorroto adierazpen eta indar erakustaldi kapritxozko bat.

Imajinatu eszena bera 2024an Athletic Cluben harrera erraldoi hartako jokalariren batekin gertatu izan balitz. Nori okurrituko litzaioke hain santutuak diren futbolariei iletxo bat ukitzea? El Conquis-eko finalistei Loiuko aireportuan egindako hamaika ongietorritan ere jendetza eta alfonbrarik gorriena (eitb.eus-en ikusgai).

Baina, tira, genozidio baten kontestuan, Europako anestesia giroaren gainetik, euren buruak estatu sionistaren arriskupean jarri dituzten aktibistak goratu baino, euren gorputzak gureen ordez jarri dituztelako eskerrak eman beharrean; zer inporta du «segurtasunaren izenean» ongietorria zapuztu eta zartakoka jasotzen badira?

«Gertakariek oso garbi agertu dute zer-nolako konplizitatea dagoen errepresioaren erabileran sionisten eta gainontzeko estatu kapitalisten artean». Gure kasuan Ertzaintzak harreman zuzena du teknologia eta formakuntza konpartitzen duten sionistekin. «Herrien arteko elkartasuna arriskutsua egiten zaio Jaurlaritzari. Herrien arteko zapalkuntza kapitalistaren aldeko apustua egin du errentagarri zaiolako». Aspaldikoa da kontua, baina beste behin argi geratu da zeintzuk diren lehentasunak, zein den «segurtasunaren irizpidea», «justiziaren zentzua» eta «iparrorratz morala»; garbi ikusi dugu berriro ere herri honetan nor gurtzen den eta nor egurtzen den.

Lotsa da berba.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA