mikel elorza

Zergatik hemen?

2026ko ekainaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zergatik hemen? Zergatik hemen poliziek eman baitituzte ostiak Gelatxoren jazbanak danborraren ertza baino erritmo handiagoz. Eman eta zabal ezazu leloa oso ongi doakie Arkautiko Akademiako graduatuei ere. Era guztietako konpasetan, bizkarrak, izterrak, tripak, buruak astindu dituzte poliziek. Miren eta Bingen bikoteko pandero-joleak larruari eragiten zion grina berberaz. Seguruenik handiagoz: izan ere, Loiuko rave-a ikusita, jakin nahiko nuke materiala nork pasatzen dion Ertzaintzari; baina ez pistolak eta kaskoak eta hori, ezpada materiala, anfetak-eta. Ala txikitan pertzean eroritakoak dira brigada mugikorreko kide guztiak?

Zergatik hemen? Zergatik hemen ostiaka sakabanatu baitituzte (ia) era guztietako kontzentrazio, manifestazio, protesta eta are paseo arruntak ere, eta beraz hemen agente bat zuregana bixi xamar etortzen ikusiz gero, gehienak larritu egin izan gara. Bai, bizikidetza arazo bat dugu, zergatik hemen agenteek erradikalen eraso bortitzak jasan izan dituzte, jakina, baina baita ez hain bortitzak eta xelebreak diren erasoak ere: burukada latza eman zion zangoan emakume batek Anoeta inguruan despistatuta zebilen ertzain bati; sudurrarekin agenteen eskuetako hatzak hautsitakoak ez dira gutxi; bere protesta bortxazkoan barrabila lehertu duenik bada; eta ertzainei emandako kolpe latzen ondorioz masailak eta izterrak ubelduta makina bat herritar joan da etxera (kalabozotik pasatu eta gero). Eskerrak erresistentzia larri eta atentatu hauek denak oso zehazki kontatuta jaso dituzten atestatuetan, aldamenean tiroka zebilen kidea nor zen sekula akordatzen ez diren agenteek. Zergatik hemen bertsio ofizialak uniformedunen iritzi uniformean oinarritu izan baitira, beti. Hemen eta Minneapolisen.

Zergatik hemen? Zergatik hemen larrialdi klimatikoak tropikalizatu gaituen arte, eguraldi grisa eduki baitugu baina uniforme ortzadar ikusgarria: hemen obuluak eta koskabiloak ukitu dizkigute grisek, marroiek, berdeek, urdinek, gorriek, beltzek eta baita kalez jantzitakoek ere. Zuk ere egingo zenuen korri haietako batzuen aurrean, Zupiria jauna, ez lotsa, konta lasai, preskribatuta dago.

Zergatik hemen? Zergatik hemen bizikidetza arazo bat baitugu oraindik, Zupiria jauna, hala da. Aspaldidanik dugu arazo bat, eta polizia gehiegi

Zergatik hemen? Zergatik hemen, bai, ETA gauza pila baten atzean egon baita, gauza gehiegiren atzean, egia esan. Eta etarrak ez zirenean zure alderdi eta gobernu kideek oso ondo definitu duzuena egon da: badakigu zein dagoen egitasmo, manifestu, elkarte, koordinadora, jaialdi…-ren atzean. Luzea da, arbola tantaiarena bainoago, erakunde terroristaren itzala, bai horixe. Eta erabiltzen oso erraza ETAren komodina… Ukrainako gerrako Nordstream-en leherketaren atzean Pelopintxo eta Dienteputo ez ote dauden, gutxi fida.

Zergatik hemen? Zergatik hemen pixka bat aldrebestuta bizi izan baikara, eta gauzak zer diren, alarma soziala hainbat ebazpen judizialek eragin izan dute (kontrakoa behar lukeenean), eta istiluak ertzainen presentziak. Deus ez zen gertatuko Loiun, ia seguru diotsut, ertzainak egon ez balira. Eta bistan da, egon zitezen premiarik ez zen. Azalpenak eman zenituen, bai, baina ezer azaldu beharrik ez zegoen, denek ikusi genuen zer gertatu zen. Azalpenak eman ez, konfesatu egin behar zinen.

Zergatik hemen? Zergatik hemen, Loiukoa ikusi eta gero, zuk burua makurtu eta lotsa adierazi beharrean, ikertu eta erasotzaileak identifikatu eta zigortu beharrean, epaitegira eramango baitituzue zure neska-mutilek hebaindu zituztenak, eta borradunak lasai eta libre ibiliko dira, hurrengora arte.

Zergatik hemen? Zergatik hemen bizikidetza arazo bat baitugu oraindik, Zupiria jauna, hala da. Aspaldidanik dugu arazo bat, eta polizia gehiegi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE