Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Zutabe berriak

2023ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Bihar, hau zutabe zaharkitua, epez kanpokoa edo iraganekoa kontsideratuko da. Bi aste guziz bezala funtsean. Baina testu honek berezitasun bat ukanen du. Iritziak idazteari ez diodalako segidarik emanen. Misterio bat oraindik ez zait argitu. «Iritzia» idaztearena zer den. Hain segur ulertuko dudalarik berriro hasteko gogoa sortuko zait. Edo, heldu den urtetik aitzina, agian zuengana hurbilduko naiz. Anartean, dudarik ez da, izango dira besteak.

Zutabe horien zutabe bat bada Martxelo Otamendi Egiguren. BERRIAko zuzendaritzaz arduratu baita, baina ez bakarrik. Gure euskalduntasunaren oroitzapen kolektiboan alde batetik izan zelako Euskaldunon Egunkaria-ren figura bat. Egunkaria itxi eta herria isilarazteko nahia bideratu zuten momentuan berpiztearen irudia materializatu zuen. Baina ez hori bakarrik. «Legalitatearen barne» euskarazko komunikazio eta informazio tresna baliogabetu nahi izan zuten. Eraso hau ilegalitatearen ispilu bihurtu zen.

2003. urtean estatuaren arma ilegala ez zen zutabe bidez atera, baina estatuaren zutabe bat zena argitan ezarri zen. Inkomunikaziotik atera eta berehala Martxelo Otamendi Egigurenek, Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendariak, torturak salatu zituen. Gero, harekin gelditu beste kideen antzeko lekukotasunak bilduko ziren. Euskal Telebistan eta munduko pantaila askotan edota Youtube plataformaren bidez, egon den testigantza gordin bat dugu Martxelorena. Momentukoa eta filtrorik gabekoa. Orduan, Espainiar Estatuaren biolentziak ez zuen irtenbiderik: gurpil zoroa atxikitzeko helburuak argiak ziren. Alta, torturaren sistemak bere biktimak isilik mantentzeko eraikitzen zituen mekanismoei buru egin zien Otamendik. Beldurrari eta lotsari uko eginez, inpunitateak mantentzen dituen kateak hausteko.

Euskalduntasunaren bigarren zutabea sortu zen. Injustizia eta zapalkuntzaren aurkako grina gero sortu zen. Lekukotasun horren berriak eman zidan tesia torturari buruz idazteko enbeia. Eta halaxe egin nuen. Geroztik Otamendi Egiguren c. España kasua eta karia horretara etorri zen Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren ebazpena bilakatu genuen aztergai.

Herriarekin eraikitako harreman afektiboa arrazoitzeko garaia etorri zen. Euskaraz nola bizi? Euskal Herria nondik nora? Ia, kolonizazio hitza ez digute onartzen. Baina gure eskubideak etengabe urratuak direla ongi dakigu. Azpimarratzen ahal diren eraso horietarik bat torturaren erabilpena da. Hizkuntzarenak zenbatezinak dira, kulturaren praktikak baztertuz populu hau desagerrarazi nahi izan den bezala.

«Ez sekula bihurtu kanpokoa zutabe, utziz korridorea osorik zu gabe, ez dadila izan inor etxean zu beste»... Ibil Bedi taldearen hitzekin segi dezagun. Zutabe anitzekoak gara denok. Baina non dugu kanpoa eta non barnea? Kanpoari begirako leihoak egiten gaitu, baina kanpoko begiradak gure mundua osotzen eta konfortatzen du. Hemen idaztea, hots Euskal Herri mailako euskarazko egunkari bakarrean, barnetik asetzeko mota bat da. Munduari oihukatzeko manera bat baldin bada ere, euskarazko egunkari bat existitzea, gureak partekatzeko oasia dugu.

Hitz aske eta kritikoen balioak ez duelako parerik. Hemendik edo handik, segi dezagun beraz gure oraina kontatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.