Aitortza behar dugu

2012ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Goizaldeko ordu txikietan ate-joka agertuko zaizkizu Auzitegi Nazionaleko epaile baten aginduz; akusazioa: terrorismoa. Hortik aurrera terrorista izango zara, eta hala tratatuko zaituzte. «Queda Ud. Incomunicado». Momentu horretatik eskubide guztiak kendu eta zigorgabetasunaren zulora sartuko zaituzte indarrez. Ongietorria emango dizute: «Bienvenido al infierno». Ziega heze eta ilunetan sartuko zaituzte, eta bost egunetan ez duzu besterik ezagutuko: iluntasuna, beldurra, ikara, kolpeak, poltsa, galdeketak eta oraindik txarragoa dena, zigorgabetasun osoz aritzen direla gogoraraziko dizute, zure familia, lagunak atxilotu ditzaketela, bortxatu zaitzaketela, hil zaitezkeela, badutela horretarako denbora...

Kanpotik eta kaputxa gabe datorren horri pairatzen ari zarena kontatzen saiatzen zara, egunean behin ikusiko duzun auzi medikuari. Baina berehala ohartuko zara ez dagoela han zu laguntzeko: ez dizu begiratzen, ez dizu galderarik egiten, eta, torturatua izaten ari zarela kontatu arren, ez du inolako interesik agertuko, bere orri zurian zer edo zer apuntatu, eta bost minututan handik bidaliko zaitu. Zure gorputz kolpatua erakusten diozu markarik balego, baina emango dizkizun argudioak ezin harrigarriagoak dira: «Oso azal leuna daukazu». Halako erantzuna jasota, gainontzekoetan ezer ez kontatzea erabakitzen duzu. Zuk momentu horretan guztia buka dadila besterik ez duzu buruan, eta ez zara konturatzen auzi mediku horren lana dela ondoren pairatu dituzun torturak frogatu dezakeen bakarra.

Posible diren froga bakarrak auzi medikuak hartzen dituen nota horiek dira, eta justifikaezina justifikatzeko jarrera horrekin, aurpegi torturatuen aurrean ezer ez egiteko jarrera horrekin, bere begi aurrean duena ezkutatzeko jarrera horrekin, hala lortzen dira salaketen artxibatzeak. Instrukzioko epaileak txosten horietan oinarritzen dira torturaren zantzurik ez dagoela esateko. Hori bezain erraza. Zigorgabetasunaren sistema honetan bakoitzak bere papera hartzen du: torturatzaileei bost eguneko epea eskaintzen dizkiete inolako eskusartzerik gabe, inkomunikazioa ezin du inork apurtu auzi medikua ez bada. Baina lasai, honek bere txostenetan jasoko duena gertatutakoaren parte txiki-txiki bat izango da, eta behar izanez gero ondoren ezer anormala ikusi ez zuela deklaratuko du, bestela bere txostenean jasota egongo zela, noski.

Auzitegi Nazionaleko epaileak pasibotasun osoz jokatuko du behin eta berriro entzuten dituen tortura salaketen aurrean. Eta instrukzioko epaileek zigorgabetasunaren zirkulua itxiko dute, justiziak berak eskaintzen dizkion tresnak erabilita. Horrela, marroia beste epaitegi bati pasatzen saiatuko dira, eta eskuduna zein den erabakitzen den bitartean denbora badoa (hilabeteak, urteak) eta horrekin batera frogak lortzeko aukera. Momentu haietan zure sufrimendua ezerezten zuen auzi medikuak egindako txostenak ontzat hartuko dituzte, eta, zantzu fisikorik aurkitu ez denez, kasuaren artxiboa ebatziko dute bere betiko leloarekin: «por no aparecer suficientemente justificada la perpetración del delito». Zuk Auzitegi Konstituzionalerako bide luze horretarantz errekurritzen jarraitu dezakezu, baina azkenerako erantzun berarekin topatuko zara beti: «no se admite a trámite dada la manifiesta inexistencia de violación de un derecho fundamental».

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, aldiz, baietz, esan du badirela Giza Eskubideen urraketak eta gainera ez direla kasu bakanak: Espainiako erresumak ez du torturaren kontra beharrezkoak diren neurriak ezartzen nazioartetik behin eta berriro jasotzen dituen gomendioei uko eginez. Are gehiago, ez dituela tortura salaketak ikertzen; beraz, ezinezko bihurtzen da torturaren existentzia frogatzea. Baina guk badakigu zer gertatzen den: haiek praktikatzen dute, eta beste batzuk babestu. Horren erantzuleak zarete, eta behingoz onartzea eskatzen dugu. Egia jakin dadila Justizia eta Birgaitzea eman ahal izateko. 24.000 euro ez da nahikoa: aitortza behar da, tortura pairatu duen gizarte oso bati zor diozue.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.