Justizia Aranarentzat

Arana auzia: urtebeteko inpunitatea

Josu Lagos
2026ko apirilaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hil hasieran bete da urtebete Errekaldeko Etxarri Gaztetxearen desalojoan Ertzaintzak Iker Aranari foam bala batekin tiro egin eta zaurien ondorioz Aranak barrabil bat galdu zuenetik. Gau hartan, auzoko gaztetxea husten ari zirela eta, Iker beste ehunka auzokide bezala hurbildu zen gaztetxera elkartasuna adieraztera. Gaztetxearen aurrean, egoera lasai zegoela, Ertzaintzak tiro bat jo zuen; Iker metro batzuk hurbildu zen, besoak goian zituela, tiro egin izana leporatzeko. Une hartan, ertzain batek zuzen-zuzenean apuntatu eta tiro egin zion barrabiletara.

Hala ikusten da auzokide batek etxeko leihotik jaso zuen bideoan. Grabazio hargatik ez balitz, honezkero kasu hau epaitegietako zakarrontziren batean legoke ziur asko, beste hamaika aldiz gertatu den bezala. Segurtasun Sailak hilabete hauetan ez du inolako frogarik eskaini gertatutakoa argitzeko, eta aztertu dituen 35 gorputz kamerek ez omen dute informaziorik ematen. Aldiz, hain da argia auzokidearen bideoa, oraingoan ezin izan baitute tiro nork egin zuen ezkutatu.

Tiro egiteagatik ikerketapean dagoen ertzainarekin zer gertatuko den ikusteko badago ere, ez dugu uste erantzule bakarra bera denik. Batetik, itxura guztien arabera tiro egiteko aginduak egon zirelako eta poliziaburuek egoeraren berri bazutelako. Bestetik, Segurtasun Sailak gertutik ezagutzen zuelako polizia operatiboa eta bere oniritzia zeukalako, biharamunean Bingen Zupiriak egin zituen adierazpenetan ikusi zenez.

Hasiera-hasieratik, polizia operazioaren helburua argia zen: Errekaldera elkartasuna adieraztera hurbildu zen jendea bortizki erreprimitzea. Gogora dezagun Arana ez zela izan gau hartan zauritu zuten bakarra. Dozenaka zauritu izan ziren, eta beste hiru ertzain daude ikerketapean, atxilo zeuden bitartean bi gazte jipoitzeagatik. Haietako batek berriki salatu du poliziak furgonetaren barruan jo zuela iseka artean, esku-burdinak jarrita zeuzkala, erabat babesgabe.

Aski ondo dakigu epaitegiak ez direla justiziaren berme izaten horrelako kasuetan. Poliziaren inpunitatearen aurka borrokan jarraitzea da poliziaren bortizkeriari galga jartzeko aukera bakarra

Hori da, ordea, poliziaren egiteko nagusia: ordena kapitalista eta klase jabedunen interesak babestea, horiek auzitan jartzen dituenak kolpatuta. Zentzu horretan jarduten du Ertzaintzak ere, euskal enpresarien eta agintarien zerbitzura. Egiturazko funtzio horri gaur egun Europa osoan hedatzen ari den bilakaera autoritarioa gehitu behar diogu gainera, estatuaren errepresio aparatuak gogortzea eragiten ari dena.

Gurean, Aranarenaz gain, Ertzaintzaren beste hainbat bortizkeria kasu izan dira azken hilabeteetan. Gogoan ditugu Xuhar Pazosen eta Amaya Zabarteren kasuak; edota Palestinaren aldeko ekimenen, deialdi antifaxisten, grebalarien eta abarren aurkako erasoak. Merezi du aztertzea zeri erantzuten dion poliziaren bortizkeriaren gorakada honek.

Batetik, badirudi Segurtasun Sailak erabakia hartu duela bere agintea zalantzan jartzen duen protesta ekimen oro kriminalizatzeko eta deuseztatzeko. Bestetik, eta aurrekoari lotuta, nabarmena da Ertzaintzaren barruan eskuin-muturreko sektoreen gorakada bat dagoela, polizia gogorrenaren aldeko lobby bezala diharduena. Ez da kasualitatea hauteskunde sindikalak Euspelek irabazi izana. Ultraeskuinkeko sasi-sindikatu hori Ertzaintzaren Berrozi taldetik sortu zuten, eta polizia are gehiago armatu behar dela aldarrikatuz gehiengo zabala lortu du, bereziki, borra kolpeka aritzen den brigada mugikorrean. Eusko Jaurlaritza jakitun da sektore horren presioaz, baina ez du haren kontrako neurririk hartu nahi, azken batean, lan zikina egiteko haren beharra duelako.

Justizia Aranarentzat plataformatik lanean jarraituko dugu Ikerren kasuan inpunitatea ez nagusitzeko. Aski ondo dakigu epaitegiak ez direla justiziaren berme izaten horrelako kasuetan. Poliziaren inpunitatearen aurka borrokan jarraitzea da poliziaren bortizkeriari galga jartzeko aukera bakarra; langileon eskubide politikoen defentsa indartzea da Ikerrentzat justizia egin eta etorkizunean inork antzeko erasorik ez pairatzeko bermea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA