Euskara irakaslea

Arauak ere zahartzen dira

2024ko martxoaren 23a
05:00
Entzun

1979tik, Legebiltzarrak aldaketa mikorik egin gabe egon da indarrean Gernikako Estatutua, hura erreformatzeko saialdi oro ezerezean gelditu baita, hainbat zio direla medio. Azken saioa 2019an izan zen, Eusko Legebiltzarreko parlamentu-taldeek bost aditu izendatu zituztenean testu berria artikulatzeko. Alabaina, ekinaldiak porrot egin zuen, batik bat ataza betetzeko adituen zailtasunak zirela bide.

EAJk, Elkarrekinek eta PSEk izendaturiko espertoek, Mikel Legardak, Arantxa Elizondok eta Alberto López Basagurenek, hurrenez hurren, proposamen teknikoa taxutu zuten, non 70eko hamarkadan estatutuaren dokumentuak barne hartu ez zituen aspektuak sartu zituzten.

Nobedade nagusia pertsonen eskubideei buruzko titulu bat izan zen, helburu argi batekin: Gernikako Estatutuaren bidez, funtsezko franko eskubide bermatu eta haiek egikaritzeko bidea sendotzea, hala nola hezkuntzari, etxebizitzari eta osasunari loturiko eskubideen kasuan, ahaztu gabe dibertsitate-eskubideari egin nahi zitzaion aipu esplizitua.

Eta ez hori bakarrik: testu berria desgaitu, migratzaile eta errefuxiatuen eskubideez ere arituko zen. Haatik, aipaturiko hiru adituen proposamena elaboratzeko prozesuan zehar, non EH Bilduk eta PPk proposaturiko adituek parte hartu ez zuten, alimaleko desadostasunak egon ziren.

EAEko lurraldeari, ikurrei, egoitzari eta herritarrei buruzko atariko tituluak, Legarda, Elizondo eta López Basagurenen arteko desakordiorik handienak eragin zituen. Hasteko, Basagurenek ez zuen onartu estatutu berriaren testuan «Euskal Herria» espresioa agertzea, eta aurkaratu zitzaion Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde historikoak «Euskal Herriaren partetzat» hartzen zituen tartekiari. Orobat, boto partikularra aurkezteko deliberoa hartu zuen, zeinaren bidez beste bi adituek tartekatutako «identitate nazionala» esamoldea «nazionalitate» hitzarekin ordeztu nahi zuen.

Hura ez zen Basagurenen boto partikular bakarra izan. Seigarren artikuluaren bosgarren atalak ezartzen zuen botere publikoek bermatu behar zutela pertsona guztiok euskara doan ikasteko eskubidea, gizarte- eta lan-arloetan euskaraz komunikatzeko gaitasuna ukan arte. Bada, sozialisten ordezkariak xedapen harekiko desadostasuna agertu zuen.

Ezin da konprenitu nolatan aurkara dakiokeen inor hain garantia garrantzitsua ezartzen duen legezko xedapen bati, are gutxiago bere helburua izanda EAEko bi hizkuntza ofizialetako baten ikaskuntzak barrera ekonomiko izateari uztea. PSEren hutsegite larria, hartan ere atal hori diru-sarrera gutxien duten familientzat faboragarria izango zen eta.

Azkenean, etengabeko eztabaidek prozesua mugarik gabe luzatu zuten, eta horri gehitu behar zaio pandemia hasi zenean legegintza-egutegia deblauki aldatu behar izan zela. Horrek guztiak deuseztu egin zituen estatutua erreformatzeko planak, eta prozesua, emankorra izatetik urruti, bertan behera gelditu zen, Legebiltzarreko tiraderarik ilunenean gorderik, egundaino.

Orain, Urkulluk bozetarako deia egin berritan, premiazkoa da debatea berrirekitzea. Zaharkitua geratu al da 1979ko Gernikako Estatutua? Posibilitaterik al dago 2030era arribatu baina lehen erreforma sakon eta errotikoa egitea? Egun indarrean dagoen testuaren zer aspektu kanbiatu edo berraztertu beharko genituzke?

Bistan da egungo estatutuak kritika anitz jaso dituzten elementuak dituela. Horietako bat 26. artikulua da, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzkoa. Artikuluaren lehen atalean ezartzen da lurralde historiko bakoitzak ordezkari-kopuru bera edukiko duela ganbera autonomikoan. Hortaz, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, populazio-desparekotasun itzelak izan arren, 25 parlamentari hautatzen dituzte denek.

Halaber, har dezagun kontuan 1979ko Estatutuak ez dituela barne hartzen jite sozialeko xedapen hainbat. Proposamen hartan, afera dezenteren inguruko artikuluak txertatu ziren, besteak beste gizarte-babeseko sistema publikoari eta kultura- eta kirol-politika publikoei buruzkoak, baita hezkuntzaren, ingurumeraren, natura-baliabideen eta energiaren arloetako aukera-berdintasunaren gainekoak ere.

Arauak, pertsonak bezala, zahartu egiten direla, eta horrek legeak eta arauak garai berrietara aurrintzeko ardura politikoa eskatzen du. Ni, pertsonalki, nekatu egiten naute «orain ez da tokatzen», «hori oso konplikatua da» edo «utzi, horrela ondo dago eta» estiloko esakuneek. Prokrastinazioaren arte ederrari loturiko maratila horiek debatea itzali baino ez dute egiten. Behar duguna, baina, batzuek bukarazi nahi duten eztabaida piztuta manten dadila da, batik bat bere garrantzi politiko-soziala dela eta.

Espainiako Konstituzioa eta Kode Zibila bezalaxe, Gernikako Estatutuak osoko berrikuspena behar du, gehienbat 26.a bezalako artikulu batzuk mudatu, izaera sozialeko manu eta xedapenak gehitu eta testua federalismoaren markoari egokitzeko.

XII. legealdiaren akabuan gaude eta inork ez daki zein izango den XIII. legealdirako gobernu-formula. Bozen ondoan osatzen den gobernua edozein dela, espero dezagun behingoz estatutuaren erreformaren gaiari seriotasunez heltzea. Konstituzioak aldaketak behar dituela etengabe erreklamatu baina ondoren 1979tik sekula kanbiatu ez den lege bati zuzenketak eta aldaketak egiteko baramenduak jarri edo ezer lortu ez dadin jarrera pasiboa izatea hipokrisia hutsa besterik ez da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.