Steilas

Autoritatea ez da dekretu bidez eraikitzen

Itxaso Piquer, Amaia Hernaltes eta Haizea Arbide
2026ko irailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hezkuntza Sailak, azken egunotan, iragarri du irakasleok dagoeneko legez dugun autoritate publikoaren aitortza eta aplikazioa arautuko dituen bizikidetza dekretu berria prestatzen ari dela. Iragarpenak eztabaida interesgarri batera garamatza; zer esan nahi duen irakasleen autoritateak, eta, batez ere, zer behar ote dugun irakasleok benetan gure lana duintasunez eta bermeekin egin ahal izateko.

Steilasen argi dugu irakasleok aitortza eta babesa behar ditugula. Ikasgeletan gertatzen diren gatazka, eraso edo presio egoeren aurrean, ezinbestekoa da administrazioak langileak babestea eta beharrezko tresnak eskaintzea. Baina autoritatea ezin da dekretu batean idatzi. Hezkuntza publikoko irakasleok autoritate publiko izaera aitortua dugu legalki LOEren 124.3 artikuluan. Beraz, ez diezaiola orain administrazioak bere buruari dominarik jarri lehendik onartua dagoen izaera batekin, eta egin dezala behar bezala bere lana, bermatu ditzala benetako baliabideak LOEk dioen hori errealitate bihurtu dadin.

Irakasleon autoritatea egunerokoan eraikitzen da ikasgelan, ezagutza pedagogikoarekin, gertuko harremanarekin, konfiantzarekin eta hezkuntzarekin. Irakaslearen autoritatea ezin da soilik administrazio batek ematen dion botere juridiko baten ondorio izan, hezkuntza komunitatearen barruan eraikitzen den harreman baten emaitza baita.

Gaur egun ikastetxeetan gero eta konplexuagoak dira irakasleok egunerokoan bizitzen ditugun egoerak. Aniztasun handiagoari erantzun behar diogu, behar pedagogiko eta emozional gero eta konplexuagoak kudeatu, burokrazia urtez urte areagotzen ari da eta, askotan, baliabide eta denbora eskasarekin egin behar diogu aurre honi guztiari. Horren guztiaren aurrean, administrazioak ematen duen erantzuna ezin da erantzun juridiko sinple batera mugatu.

Bizikidetza ez da soilik norbanakoaren ardura, ikastetxe osoarena baizik. Eta, horregatik, bizikidetza politika serio batek langile gehiago, orientazio eta laguntza zerbitzu sendoagoak, koordinaziorako denbora, prestakuntza, arreta pertsonalizatua eta baliabide nahikoak eskatzen ditu.

Bizikidetza politika serio batek langile gehiago, orientazio eta laguntza zerbitzu sendoagoak, koordinaziorako denbora, prestakuntza, arreta pertsonalizatua eta baliabide nahikoak eskatzen ditu

Hezkuntza Sailak berak bizikidetza positiboa eta ongizate emozionala hezkuntza politikaren lehentasunen artean kokatzen ditu, eta 2026ko plangintza arauemailean bizikidetza dekretu berriaren proiektua jasota dago. Hori horrela, koherentzia eskatzen diogu administrazioari. Bizikidetza defendatu nahi bada, ezin da gatazka dagoen bakoitzean irakaslearen autoritate juridikora jo. Prebentzioa, baliabideak eta heziketa izan behar dira lehenengo tresnak.

Desberdintasun nabarmena dago langile bat autoritate gisa aitortzearen eta autoritate hori babestearen artean, dekretu bat argitaratzearen eta ikasgelako errealitatea aldatzearen artean, bai eta errespetua aldarrikatu eta lortzearen artean ere.

Bidenabar argitu nahi dugu autoritatea defendatzea ez dela autoritarismoa defendatzea. Ikasgelan arauak behar dira, mugak eta errespetua. Irakasleok babestuak izan eta hala sentitu behar dugu, baina ez dugu uste botere harreman hierarkiko batean oinarritu beharra dagoenik. Autoritate pedagogikoa eta autoritarismoa ez dira gauza bera.

Egungo erronka ez da irakasleari autoritate gehiago ematea, irakasleok gure autoritatea baliatu ahal izateko beharrezko baldintzak sortzea baizik.

Horretarako, administrazioak erantzukizuna bere gain hartu behar du, eta ikastetxeak behar adina langilez hornitu, irakasleoi koordinatzeko eta planifikatzeko denbora nahiko bermatu, aniztasunari erantzuteko baliabideak eman, gatazka egoeretan laguntza eta babes juridiko eta psikologikoa eskaini, eta, batez ere, hezkuntza komunitate osoa bizikidetzan inplikatu. Hori da Steilasek aldarrikatzen duena eta hori lortzeko bidean borrokan/lanean jarraituko du.

Irakasleok babesa, baliabideak eta baldintza duinak behar ditugu. Bestela, beste behin ere, arazo kolektibo bati erantzun indibiduala emango zaio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA