BHB Barakaldoko Hezkuntza Bilgunearen izenean

Barakaldoko hezkuntza publikoa: orain, arte batxilergorik ere ez

Esther Lafuente Etxeberria, Ana García Aretxabala eta Elena Lafuente Etxeberria
2026ko ekainaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hogei urte luze igaro dira Barakaldoko Beurko institutuan Arte Plastikoko Batxilergoa lehenengo aldiz eskaini zenetik. Hogei urte luze, bai modalitate hori aukeratu zuten ikasleentzat: barakaldarrak, Ezkerraldeko beste herrietakoak eta Meatzaldekoak ere bai. Harrezkero, asko dira ikasketak Arte Batxilergo honetan burututako promozioak, eta, hala ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak erabaki du, inori kontsultatu gabe, 2026- 2027an ikaskuntza aukera horrek desagertu egin behar duela, ikasle kopurua nahikoa ez dela, beraiek hala argudiatuta, noski.

Barakaldoko hezkuntza komunitatea, Barakaldoko hezkuntza eragileak, oso haserre eta arduratuta gaude erabakiarekin, eta haserre eta kezkaturik gaude BHBko kideok ere. Ez ikasleek, ez profesionalek, ez familiek, ez dute ulertzen nolatan ukatzen zaien ikasleei modalitate horretan matrikulatzea, berez Erkidegoan modalitate urriena izanik, hain zuzen ere, eta nola ezaba daitezkeen, zirt edo zart, bi hamarkada luzez indarrean egon diren ikasketa batzuk.

Zelan uler daiteke Barakaldon, Erkidegoko laugarren hiririk handiena den honetan, Arte Batxilergoa ikasteko aukerarik ez izatea datorren ikasturtetik aurrera? Aurrematrikula egin duten ikasleei ikasketa-bide hori eragotzita herri oso bati kentzen zaio.

Ikasleak ez dira zenbaki hutsak, hezkuntza ez da zenbakietan soilik oinarritu behar. Hezkuntza kalitatea hezkuntza hautaketan ere oinarritzen da. Ez gara gela bat itxi edo mantentzeaz hitz egiten ari bakarrik, askoz garrantzitsuagoa da esku artean daukaguna: Batxilergoko modalitatea mantentzeaz edo desagertzeaz ari gara. Ez bada aurten mantentzen, ez bada aurten eskaintzen, ez badu Hezkuntza Sailak orain ahalegin txiki hori egiten, modalitatea betiko desager daiteke, gauza jakina baita hurrengo urteetan ere ez dela eskainiko. Horrez gain, galdera bat utzi nahi dugu airean, dagokionaren hausnarketarako: Zergatik da txikia matrikulazioa Arte Batxilergoan? Ikasle gutxik aukeratzen dutelako, edo instituzioek ez dutelako haren alde apustu sendorik egiteko asmorik?

Ikasleak ez dira zenbaki hutsak, hezkuntza ez da zenbakietan soilik oinarritu behar. Hezkuntza kalitatea hezkuntza hautaketan ere oinarritzen da. Ez gara gela bat itxi edo
mantentzeaz hitz egiten ari bakarrik, askoz garrantzitsuagoa da esku artean daukaguna: Batxilergoko modalitatea mantentzeaz edo desagertzeaz ari gara

Ez dago soilik jokoan ikaskuntza-komunitate oso batek 23 urte baino lehenagotik kalitatezko batxilergo artistikoa izatearren egin duen lana, lan gaitza izanagatik ere; aukeratzea bera dago jokoan. Uste dugu Barakaldoko gazteek aukera guztiak izan behar dituztela, gustuko duten hori, haien etorkizunaren giltza bihur daitekeen hori hautatuz gero hiriburura joan beharrik izan gabe.

Horregatik, Barakaldoko Hezkuntza Bilgunetik gure erabateko gaitzespena adierazi nahi diogu balizko neurri horri, eta eskatu nahi diegu erakundeei berriz azter dezatela erabakia, eta ratio edota matrikulazio kopuruaz harago joanez Arte Plastikoko Batxilergoa manten dezatela Barakaldoko Beurko Institutuan. Hezkuntza Sailak, beraz, beren tokia bermatu behar die ikasle guztiei, benetako apustua eginez aniztasunari ekitatez erantzungo dion kalitateko hezkuntza sistema baten alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE