Arabako Mendiak Aske taldeko kideak

Bertan behera utzitako borrokak besterik ez dira galtzen

Rebeka Gonzalez de Alaiza eta Andoni Rodriguez Garcia
2026ko abuztuaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uztailaren amaieran Labrazako zentral eolikoaren obrak bisitatu zituzten Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak eta Iberdrola Renovablesen zuzendari nagusiak. Joan den maiatzean, leku berean, lurraren defentsan bost pertsona kateatu ziren, proiektu horrek dakarren arpilatzea eta suntsiketa salatzeko.

Trajez jantzita eta kameren aurrean irribarre bat eginez, sailburua erabat arrotz agertu zen Labrazako kontzejuaren borondatearekin. Labrazako kontzejuak hasieratik baztertu baitu zentral eolikoen makroproiektu hau. Haien presentziak Ibex 35eko enpresek ordezkatzen duten oligarkia estatal handiaren interesei herri ondasun batzuk derrigorrez ematea sinbolizatzen du. Ondare naturala komunitatearena izateari utzi eta aktibo finantzario bihurtzen da, inbertitzaile eta akziodunentzako mozkin iturri. Horrela, orain arte logika espekulatibotik kanpo zegoen kapital natural bat negozio nitxo berri izatera pasatzen da.

Labrazako zentral eolikoaren kasua auditoretza independenteen arreta piztu beharko lukeenaren adibide garbi bat da. Proiektu honen izapidetze eta gauzatze prozesua irregulartasunez beterik baitago.

Horren hiru adibide daude. Lehenengoa: kontzejuaren baimenik gabe kontzeju lurrak okupatzea, lursail horietan esku hartzeko. Bigarrena: galtzeko arriskuan dagoen hegazti espezie batek habiak egiten dituen bitartean babestutako gune batean obrak hastea. Obra horien ondorioz, ingurumen jarraipena egiten ari zitzaion txita bat hil zen. Hirugarrena: baso legediaren oinarria urratuz,  Eusko Jaurlaritzak kontzejuari dagozkion mendiko herri lurretan egindako desjabetzeak. Honako hau baitio legeak: «Baso jabe publikoko mendiak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira, eta ez dute beren titulartasuna larritzen duen zergarik ordaindu behar».

Praktikan, lege hori urratuz, Eusko Jaurlaritza bera herri ondasunak energia enpresa baten zerbitzura jartzen ari da, akziodunentzat errentagarritasuna sortzeko helburuarekin. Lankidetza publiko-pribatua erabiltzen dute tresna bezala.

Beldur gara Labrazan gertatutakoa ez dela kasu bakan bat izango. Badirudi hori izango dela gure lurraldean trantsizio berdea deritzona ezartzeko ohiko eredua. Ez da kasualitatea lehen proiektu honen enpresa sustatzailea den Aixeindar Eusko Jaurlaritzaren eta Iberdrolaren partaidetzarekin osatua egotea. Beraien asmoak argitara atera dituzte, administrazio publikoaren eta energia operadore handien arteko aliantza egin eta garapen eredu bera bultzatzea.

Eusko Jaurlaritza bera herri ondasunak energia enpresa baten zerbitzura jartzen ari da, akziodunentzat errentagarritasuna sortzeko helburuarekin. Lankidetza publiko-pribatua erabiltzen dute tresna bezala

Kontraesan hauen guztien gainetik eta proiektuen gauzatzea errazteko, arau-esparrua aldatu eta legedia merkatuaren beharretara egokitzen saiatzen ari dira. Horren ondorioa ikusi dezakegu: naturaren gainean logika teknologiko eta finantzario baten garaipena; bizitzari eusten dioten oinarrien gainean onura ekonomikoa helburu izatearen garaipena eta gure existentzia bera mende duten ziklo ekologikoen gainetik lurraldearen ikuskera estraktibistaren garaipena.

Baina, batez ere, eredu zentralizatu, pribatizatzaile eta kolonial baten ezarpena ikusten ari gara. Mendeetan zehar baliabide naturalak kolektiboki kudeatzeko gaitasuna erakutsi duen lurralde antolaketa historiko baten gainetik kokatuz: komunalaren gainetik. Jabetza kolektiboan eta ondasun naturalen aprobetxamendu partekatuan oinarritutako sistema, hain zuzen ere. Jabetze pribatua mugatzen duena eta etorkizuneko belaunaldientzako kontserbazioa bermatu.

Gertaera hau, gainera, ez da Labrazara mugatzen. Arabako Mendiak Aske elkartetik ohartarazten dugu naturaren suntsiketari, ondasun komunen suntsiketa dakarren pribatizazioari eta lurren kentzeari aurre egiteko garaia iritsi dela. Komunalak defendatzeko eta bere balioa aldarrikatzeko garaia da, gure bizitza kolektiboa sostengatzen duelako eta guztion ondarea delako. Bertan behera utzitako borrokak besterik ez direlako galtzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA